Aspaldiko aukera politenetako baterako prest daude Saralegi eta Idoate

Bi pilotariak gustura geratu dira etziko partidarako pilotekin, eta aurkariaren dohainak goratu dituzte

unai zubeldia
2013ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Aukera, ilusioa, gogoa, gozatu... Horrelako hitzak esan eta esan aritu ziren atzo Ekaitz Saralegi eta Mikel Idoate Eibarko Astelenan, etzi han jokatuko duten lau t'erdiko txapelketako final-laurdenetako azken jardunaldiko partida hizketagai hartuta (17:00, ETB1). Irabazlea finalerdietara, eta galtzailea etxera. Saralegik lotsarik gabe onartu zuen. «Zalantzarik gabe, nire kirol ibilbideko partidarik garrantzitsuena da hau. Sekula ez dut jokatu horrelako partidarik». Idoatek, berriz, buruz buruko txapelketako finalerdietako partidak ekarri zituen gogora. «Bi aldiz jokatuta nago, eta haiek garrantzitsuagoak izango ziren, ziurrenik. Baina niretzat oso polita litzateke lau t'erdikoan finalerdietan sartzea».

104,2 eta 104,6 gramoko bi pilota aukeratu zituen Saralegik. «Politak». Eta 106,4 eta 104,1 gramokoak Idoatek. «Bote gehiagokoa bai, baina arazorik gabekoak». Gustura geratu ziren biak, eta arerioaren maila goratzeko erabili zituzten minuturik gehienak. Idoateri partidak luzatzea eta gogortzea gustatzen zaiola gogoratu zuen amezketarrak. «Baina ondo ikasi du pauso bat aurrera eman eta tantoak bukatzen ere. Oso partida zaila daukat». Iruindarrak, berriz, Saralegiren ibilbidea goratu zuen. «Txapelketa izugarria egin du. Oso ondo jokatzen ari da, eta pilotari gogorra eta arriskutsua da. Dena ondo egin beharko dut irabazteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.