Unai Lekerikabeaskoa. Puntista

«Aspaldiko ametsari eusten diot: etxean zestatik bizitzeari»

Lekerikak denboraldiko lehen Grand Slameko finala jokatuko du bihar Donostian, Erkiagarekin, Barandika-Etxetoren aurka (17:00). «Bikain hasi gara. Orain, txapela nahi dugu».

JON URBE / FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Carmelo Balda Donostiako frontoian entseatzen hasteko prest dago Unai Lekerikabeaskoa (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1994). Gogotsu dago, bikain hasi baitu denboraldia: Aritz Erkiaga bikotekide duela, lehen Grand Slameko finala jokatuko du.

Denboraldiko lehen Grand Slam torneoko finala jokatuko duzue Aritz Erkiagak eta zuk. Sasoia hasteko modu bikaina da.

Dudarik gabe. Aurten, lehen aldiz, lau Grand Slam jokatuko dira; Donostiakoa da lehenbizikoa, eta Aritzek eta biok helburu argia genuen: finala jokatzea. Lortu dugu, eta oso pozik gaude. Orain, txapela irabazi nahi dugu.

Nola moldatu zarete?

Lehenbizi, hamarreko partida jokatuta irabazi genien Goikori eta Irastorzari; ez genuen hutsik egin, eta horren erakusle da emaitza: 15-8 eta 15-9. Baina horrenbesteko nagusitasunez irabazi izanak kalte egin zigun bigarren lehian. Kontzentrazioa galdu genuen, eta Barandikak eta Etxetok merezita irabazi ziguten: 15-11 eta 15-14. Lezioa ikasi genuen, eta finalerdietakoa lehia erabakigarria zela argi izanda, oso kontzentratuta aritu ginen. Sufritu egin genuen, baina oso ondo jokatuta gainditu genituen Beaskoetxea eta Lopez.

Erkiagarekin aritzeak ziurtatu egiten du urrun iristea. Ikusgarri dabil azken urtean.

Sekulakoa egiten ari da: azken urteko txapelketa ia guztietako finalak jokatu ditu, eta horietatik asko irabazi ditu. Aurrelari onena ez bada, hortxe ibiliko da. Gozamena da beragaz jokatzea; oso eskertuta nago. Kantxan, konfiantza handia ematen dizu, eta kantxatik kanpo oso harreman ona dugu. Hori partidetan islatzen da. Elkarregaz jokatu dugun askotan emaitza onak lortu ditugu.

Iaz, txapeldun izan zineten Gernikako Grand Slamean. Etxean jokatuta, oso berezia izan zen?

Bai, oso. Herri guztiaren aurrean jokatzea, familia eta kuadrilla osoa harmailan egotea... Oso berezia eta polita izan zen. Kosta egiten zait hitzekin azaltzea. Txikitatik amesten nuen etxean irabaztearekin. Ea Donostian ere Aritzek eta biok irabaz dezakegun.

Ligaxkan, Barandikaren eta Etxetoren aurka galdu zenutela kontuan hartuta, errebantxa kutsua du finalak?

Alde handia dago ligaxkako partida baten eta final baten artean; txapel bat dago jokoan, eta horrek presioa eragiten du. Ligaxkan, gehiegizko konfiantzagaz aritu ginen, baina final bat da, irabazi egin beharra dago; ezin da barkatu. Bete-betean aritu behar dugu.

Askotan jokatu duzue elkarren aurka. Sekreturik badago?

Batere ez. Adibidez, nik hamabi urte daramatzat Barandikagaz jokatzen, bikotekide zein aurkari gisa, afizionatuetan eta profesionaletan, Danian [AEB]. Oso ondo ezagutzen dugu elkar. Baina finalbatean edozer gerta daiteke.

Zein izango da gakoa?

Pilota biziagaz, Aritzek min handia egin dezake errebotetik, baita aurrean ere, oso ondo amaitzen baitu tantoa. Ni, berriz, atzetik min egiten saiatuko naiz, eskumarekin; frontoi aproposa da, oso naturala eta bizia baita.

Nolako giroa espero duzue?

Giro polita espero dugu. Txapelketak aurrera egin ahala, gero eta jende gehiago etorri da frontoira. Bagenuen zalantza Gernikan jokatu zen Winter Series txapelketak arrakasta handia izan eta gero, zein giro egongo zen Donostian, are gehiago kontuan hartuta azken lauzpabost urteetan ez dugula hemen txapelketarik jokatu. Inoiz ez da jokatu ere Grand Slamik. Baina asteek aurrera egin ahala, gero eta jende gehiago gerturatu da: ligaxkan, 500 ikusle inguru izan ziren, eta finalerdietan, mila inguru. Ea finalean frontoia bete, eta giro polita egoten den.

Kuadrilla etorriko da zu ikustera? Giro beroa sortzen dute beti.

Kuadrillako zazpi bat etorriko dira. Gernikan, 30 inguru etorri ohi dira, baina asteburu honetan beste egiteko batzuk dituzte. Ez zait animorik faltako, ez.

Zuk aipatu duzu: sekulako arrakasta izan zuen Winter Series txapelketak. Orduan sortu zen olatuak indarrari eusten dio?

Bai. Gero eta jende gehiago etortzen da frontoira, tartean lehen etortzen ez ziren zaleak. Gernikan sortu zen olatuak indarrari eusten dio, eta txapelketa berriak antolatzen ari dira. Zesta-puntarentzat oso ona da hori. Oraindik gauza asko falta dira hobetzeko, baina, apurka, bagoaz aurrera.

Igandean bertan bigarren Grand Slama hasiko da Markina-Xemeinen. Lehiak ez du etenik.

Ez. Donostiako Grand Slama bukatu, eta Markinakoa hasiko da; jarraian, Gernikakoa, eta ondoren, Hondarribikoa. Gero, Lauko Final bat jokatuko da, eta hori bukatzean, banakakoa. Urte amaiera arte bete-betea egongo da zesta-puntaren egutegia. Oso berri ona da.

Hori da nahi zenutena?

Bai. Lehen, bizpahiru hilabetez bakarrik jokatzen genuen udan; torneo gutxi zeuden. Guk nahi genuena zen ez mugatzea jarduna udako bizpahiru hilabete horietara, baizik eta urte osoan jokatzea txapelketak. Gure nahiak entzun eta kontuan hartu dituzte, eta, orain, Winter Series txapelketari eta Grand Slam torneoei esker, badugu aukera ia urte osoan jokatzeko. Ea bi urte barru-edo urte osoan joka dezakegun.

Winter Series txapelketaren lehen aldiak izan zuen arrakasta kontuan hartuta, pentsatzekoa da berriro antolatuko dutela?

Oraindik ez dago ezer baieztatuta, baina, zurrumurruek diotenez, bigarren ekitaldi bat antolatuko dute, eta lehena baino luzeagoa izango omen da, eta pilotari gehiagok jokatuko dute.

Nola gogoratzen duzu lehen ekitaldi hura?

Sekulakoa izan zen, eta une erabakigarrian gertatu zen, Daniako frontoia itxi eta gutxira. Oso kolpe handia izan zen egun batetik bestera AEBetatik itzuli behar izatea. Ezinegon handiz bizi izan genituen Dania itxi ondorengo lehen asteak. Argi genuen ezin genuela zesta-puntatik bizi udan bizpahiru hilabete bakarrik jokatuta. Zorionez, Winter Series txapelketa antolatu zuten, eta sekulako arrakasta izan zen: astelehenero bete egin zen Gernikako frontoia. Horrek itxaropena eman zigun pentsatzeko etorkizunean egoerak hobera egin zezakeela.

Oraindik askotan etortzen zaizu Daniako garaia burura?

Saihetsezina da noiz edo noiz Daniako garaiaz gogoratzea. Oso urte politak izan ziren: zesta-puntatik bizi ginen, kuadrilla ederra genuen, bizimodu bikaina zen... Zoriontsu ginen. Baina hemen ere zoriontsu gara, familia eta lagunak baititugu gurekin. Nik, gainera, beti izan dut oso argi Daniakoa urte batzuetako kontua zela. Nire betiko ametsa hemen, Euskal Herrian, zesta-puntatik bizitzea izan da; zirkuitu indartsu bat izatea. Horri eusten diot oraindik. Urrats asko falta dira egiteko, baina duela urte batzuk baino askoz hobea da egoera. Duela sei-zazpi urte ez nuen inolaz ere pentsatuko oraingo egoeran egongo ginenik. Lehen baino askoz gehiago ari gara jokatzen. Ea bide horretan pausoak ematen jarraitzen dugun.

Esan duzu urrats asko falta direla egiteko. Zer falta da?

Gazteei txapelketetan tokia egitea. Boteprontoan, esango nizuke azken txapelketetan batez besteko adina 36 urte ingurukoa dela. Belaunaldi aldaketa egiten hasi beharra dago, hemendik gutxirabeterano batzuek erretiroa hartuko baitute; aldaketa egin beharra dago hori gertatu aurretik. Gainera, harrobia badago. Mesedegarria litzateke beste jokalari batzuei tokia egitea. Ikusleek eskertuko lukete, eta guk ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.