Errepidean dela hartu dio Agurtzane Elorriagak (Iurreta, Bizkaia, 1978) telefonoa BERRIAri. Txirrindulari ohia Bizkaia Durango taldeko zuzendaria da orain, eta, txirrindularitza munduan murgilduta dauden pertsona guztiak bezalaxe, ordu asko ematen ditu bidaiatzen, lasterketa batetik bestera joanez. Bizikletako bi gurpilen gainean bezainbeste kilometro egiten ditu orain autoak dituen lau gurpiletan.
Zer moduz ikusten dira lasterketak auto barrutik?
Beste modu batera. Bizikleta gainean era batera sufritzen dituzu lasterketak, eta auto barrutik beste modu ezberdin batean, baina zuzendari lanetan ere gustura nabil.
Bizikleta gainean baino gehiago sufritzen al duzu?
Ezberdinak dira. Bizikletaren gainean sufrimendua fisikoa da, eta auto barruan zoazenean beste mota batekoa da, ardurarekin lotura handiagoa duena: gauza guztiak ondo irtetea, erorikoekin adi ibiltzea, dena prest izatea... Baina dena ez da sufrimendua: gozatzeko beta ere izaten dugu bi tokietan. Gozamena ere ezberdina da bietan.
Hanketan, baina, aldea nabarituko duzu, ezta?
Bai, bai! Indartsuagoak nituen bizikletan ibiltzen nintzenean , baina auto barrutik igartzen ez dudana hanketako mina da!
Dagoeneko denboraldiaren zati bat osatu duzue. Zer balorazio egiten diozu orain artekoari?
Nazioarteko lasterketetan izan dugun hazkundearekin eta eman dugun mailarekin geratuko naiz bereziki. Taldeak aurrerapauso nabarmen bat eman du, eta aspaldian lortu gabeko postu onak eskuratu ditugu aurten: Belgikako klasikoetan zortzigarren postua; Valentziako klasikoan seigarrena; Valentziako itzulian etapa bat irabazi genuen, World Tour taldeen aurretik... Oso gustura nago taldearen mailarekin.
Emaitza horiek espero al zenituen?
Egia esan, ondo aritzeko esperantza hori bageneukan. Baina garaipena eskuratzea oso zaila da maila hauetan. Saiatu arren, asko kostatzen da. Oraindik denboraldiaren zati handi bat geratzen da lehiatzeke, eta dagoeneko garaipen bat daukagu gure zakuan, eta agian besteren bat iritsiko da.
Gainera, hori guztia oso talde gazte batekin.
Bai, hori da. Oraintxe, dauden World Tour taldeak kontuan izanik, guri geratzen zaiguna da beste modu batera lan egitea eta gazteekin taldea aurrera ateratzea.
Aurrekoa bezalaxe, aurtengoa ere nahiko denboraldi berezia izan da, hasiera behintzat. Zaila egin zaizue egutegia osatzea?
Ez. Guk lasterketa pila bat dauzkagu; ez ditugu gehiago behar. Aukeran, baten batean kale egitea ere gustatuko litzaidake, baina ezin dugu. Lasterketa kopuruari dagokionez ez gaude kexatzeko moduan. Hemendik aurrera, gainera, hainbat lasterketa ditugu: Espainiako Kopa, La Course [Frantziako Tourreko emakumezkoen lasterketa], Italiako Giroa, Donostiako Klasikoa, Frantzian klasiko batzuk, Espainiako Vuelta... Gainera, asteburu honetan taldea bi zatitan banatuko dugu, Batzuk La Coursera joango dira, eta besteak Pontevedrara (Galiziara), Espainiako Kopako lasterketara.
Izen handiko lasterketa asko aipatu dituzu hor.
Bai. Esandako ia lasterketa guztiak World Tour mailakoak dira, eta exijentzia maila handikoak. Poza ematen du horrelako lasterketetan lehiatzeak; ea txukun aritzeko gai garen.
Aurrera begira, sasoi amaierara arte topaketa garrantzitsuak geratzen direla aipatu duzu. Askotan, izen handiko lasterketetan, esaterako Giroan edo La Coursen, halako dilema bat sortzen da talde askotan: sailkapen nagusian postu txukun batengatik borrokatu ala etapa garaipen bat lortu. Zuk zer lehenesten duzu?
Zalantzarik gabe, etapa garaipenen lehian egotea: hori izango da gure helburua. Ez daukagu inor sailkapen orokorrean lehenengo bost postuen borroka horretan egoteko, eta gure planteamenduak beste bat izan beharra duela argi daukagu. Txirrindulari onak dauzkagu etapen lehian ibiltzeko. Gainera, etapa bat irabazteak sailkapenean aurrean ibiltzeak baino ikusgarritasun handiagoa du, nire ustez.
2018an UCIk bide eman zion emakumezkoen txirrindularitzak World Teama sortzeari, eta gaur egun bederatzi taldek dute lizentzia hori. Bizkaia Durango maila bat beherago dago. Alde handia al dago batetik bestera?
Bai. Horrekin gertatzen dena da taldeen arteko ezberdintasuna geroz eta handiagoa dela. Indartsuak geroz eta indartsuagoak eta dirudunagoak dira, eta hortik kanpo geratzen direnak geroz eta txiroagoak dira. Batetik bestera dagoen arrakala hori handitzen ari da.
Aldaketa horrek hobekuntzarik ekarri al dio txirrindularitzari?
Hemendik urte batzuetara ikusi beharko dugu horren ondorioak zein izango diren. World Tourrean sartzeko aukera daukatenen egoera asko hobetzen da, baina, beste taldeekiko aldea hain nabarmena denez, askoz gehiago sufritzea tokatzen zaie gainerakoei. Ikusiko dugu.
World Team izateko intentziorik ba al duzue?
Lizentzia hori eskuratzeko behar dena dirua da. Baina hori ez da hemen bakarrik gertatzen, bizitzako beste alor batzuetan bezalaxe, diruarekin erosten dira horrelako gauzak. Gu aurrekontu handiagoa lortzen saiatzen ari gara, babesle gehiago eskuratzen, aurrerapauso bat emateko.
Agurtzane Elorriaga. Bizkaia Durangoko zuzendaria
«Aspaldian lortu gabeko garaipenak eskuratu ditugu»
Agurtzane Elorriaga pozik dago taldea osatzen ari den denboraldiarekin. Are gehiago kontuan hartuta talde gaztea dutela eta tropeleko talderik indartsuenekin lehiatzen direla, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu