Mikel Olaetxea. Asegarceko pilotaria

«Aspaldi ez nituen tantoak hala ospatzen»

Kideen lesioengatik sartu zuten Lehen Mailako lau t'erdikoan, eta ustekabea eman du. 2011ko estelarrak urrun gelditu dira, baina une honekin gozatu nahi du: «Laino batean nago»

Imanol Magro Eizmendi.
2014ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Lanpetuta pasatu ditu lau t'erdiko ligaxkarako sailkatu osteko orduak. Tolosako pilota eskolan ari da, Mikel Olaetxea (Lizartza, Gipuzkoa, 1985), anaia eta Nagore Arozenarekin. «Norbaitek gurekin pazientzia izan zuen, eta orain, guri dagokigu». Ume mordoxka dute, eta igandean ia guztiek bidali zioten mezuren bat sakelakora.

Zer moduz? Asko aldatu al zaizu aldartea ligaxkan sartuta?

Lehen partida irabazi nuenean, lasaitu egin nintzen, eta azken bietan gozatu egin dut jokatzen. Laino batean bezala nago.

Aspaldiko unerik gozoena da?

Bai, bai,... Aurrekoan, anaiari esaten nion tanto bat egin ondoren ospatzeko gogoa irteten zitzaidala. «Dios, aurrera!», buruari gogor eginez, eta aspaldian ez nuen hori sentitzen pilotan jokatzen.

Zure onena ematen ari zara.

Lehen partida—Lemunoren aurkako atarikoa—, konpromisokoa zen, eta desastre aritu nintzen. Irabazi nuen, baina oso partida txarra jokatuta. Hortik aurrera, lasai aritu naiz, gustura.

Atzeko atetik sartu, eta...

Hasieran, Bigarren Mailan jokatuko nuela komentatu zidaten. Eta gero, Pablitok ez zuela jokatuko, eta haren ordez ariko nintzela. Elezkanok ere ez du jokatu, Idoatek ere ez... Horregatik jokatu dut.

Aukera polita duzu orain.

Ikaragarri polita. Jende horrekin, partida aurretik agurreko paseoa egitea ere polita da. Baina hankak lurrean izan behar ditut. Barriolaren aurka ere berak eman zidan arnasa, saketik lau falta eginda une oso garrantzitsuetan. Hori dena ondo irten izan balitzaio, partidak beste aldera joko zuen.

Aztertu dituzu hiru kontrarioak?

Ezkurdiaren aurka ez dut inoiz jokatu. Abiadura ikaragarrian jokatzen du: pilota beti trakets dator, zail, erritmo oso bizian... Gainera, ondo dabil. Bengoetxea, berriz, aspalditik ezagutzen dut, eta asko tratatu dut. Kantxatik kanpo fenomeno bat da, eta barruan, artista. Zaila haren aurka jokatzea. Duela hiru urte jokatu genuen, eta 5ean edo 6an utzi ninduen.

Eta Olaizola II.a?

Gauza berririk ez dut esango Aimarri buruz. Kantxatik kanpo asko lagundu nau; entrenatu izan naiz harekin, sparring moduan, eta beti aholkuak ematen eta laguntzen. Pertsona oso ona da. Eta kantxan? Onena lau t'erdian.

Olaizola II.aren aurka jokatu al duzu noizbait?

Behin. Bilbon. Bera-Aretxabaleta, Begino eta ni. 22-7 galdu genuen.

Ligaxkan sartzeak lagun zaitzake? Erakusleihoa izan daiteke?

Zaila izango da, orain, 29 urterekin, bi partida on egiteagatik estelarrak jokatzen hastea. Jende gazteagoa badago enpresan, oso ona, orain aukera onik izan ez, edota zorterik izan ez duena. Enpresak horien aldeko aukera egingo du, 29 urterekin ez dut uste niri beste aukera bat ematen hasiko denik.

Motibazioa gal daiteke?

Ez. Orain lasai nago, eta entrenatzea asko gustatzen zait. Oso positiboa izan da berriz hor nabilela ikustea. Uda osoan Salamanca-Soria alde horretan jokatzen pasatu dut, eta gaur ere esan dit batek: «Uda hango pilota motel eta pilotaleku traketsetan igaro ondoren, orain zauden tokia ederra da».

Azkeneko estelarra noiz jokatu zenuen?

Ez dakit ziur. 2011n izango zen?

Zer pasatu zen uda haren ondoren? Oso ondo aritu zinen.

Binakako txapelketan sartzekotan eta guzti egon nintzen. Bi eskuak txikitu egin nituen, Eta horri buelta ematea pila bat kosta zitzaidan. Baina hori ez da aitzakia; jende asko egon da eskuetatik justu, eta, gero, buelta eman dio. Erori, eskuen erruz erori nintzen, eta, gero, zulo batean sartu nintzen; ezin nion buelta eman, eta hortxe gelditu nintzen.

Aurrelari asko zaudete Asegarcen. Ez da erraza nabarmentzea.

Bai, eta batek pixka bat behera egiten duenean, beste bat sartzen dute. Ondo zaudenean aprobetxatu behar duzu. Hor, erori eta justu samarrean bazabiltza, asko kostatzen da altxatzea.

Ez da gozoa binakako txapelketetatik kanpo gelditzea.

Oso gogorra. Negua oso luzea egiten da. «Entrenatu eta lasai egon, baliatu asteburua», esaten dizute. Baina buruak buelta asko ematen ditu. Hor ez dagoenari kostako zaio sinestea, baina hala da.

Noiz bukatzen zaizu kontratua?

Maiatz bukaeran. Urtez urte berritzen ari naiz. Ez diot bueltarik ematen, horretan pentsatuz gero, asko estutu dezakezu zeure burua. Noizbait ailegatuko da ibilbidea bukatuko den eguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.