Aspaldi eman gabeko pausoa eman nahi du Realak

Realak joaneko partidako abantaila baliatu nahi du, eta Europa ligako final-zortzirenetarako sailkatu. Txuri-urdinek Europako kanporaketa bat irabazi nahi dute XXI. mendean lehen aldiz.

Take Kubo pasea ematen, duela astebete Danimarkan Midtjyllanden aurka jokatutako joaneko partidan. HENNING BAGGER / EFE
Take Kubo pasea ematen, duela astebete Danimarkan Midtjyllanden aurka jokatutako joaneko partidan. HENNING BAGGER / EFE
2025eko otsailaren 20a
05:00
Entzun

Realak 26 denboraldi iraun duen bolada txar bat amaitzeko aukera paregabea dauka. Txuri-urdinek ez dute kanporaketarik irabazi Europako txapelketa batean 1998tik: Dinamo Mosku kanporatu zuten orduan Europa ligan. Pauso handia eman zuen Realak Danimarkan joaneko partidan, eta gaur hurrengo urratsa egin nahi du zaleen aurrean.

Realak Midtjylland hartuko du gaur Anoetan, 21:00etan (Movistar), Europa ligako final-hamaseirenen itzulerako neurketan. Joanekoan, txuri-urdinek 1-2 irabazi zuten Danimarkan, Brais Mendezen eta Take Kuboren golei esker. Garaipenaz gain, berdinketak ere balio dio Realari hurrengo kanporaketarako sailkatzeko.

Joaneko norgehiagokan bezala, Imanolek hamaikakoan hainbat aldaketa egitea espero da. Izan ere, Herningen Unai Marrero ordezko atezainak eta Jon Balda harrobiko ezker alboko atzelariak hasieratik jokatu zuten, baina Balda hogeigarren minutuan aldatu zuen Orioko teknikariak, bigarren txartel horiaren beldur. Aritz Elustondo, Jon Pacheco, Jon Ander Olasagasti, Pablo Marin eta Orri Oskarsson ere hasieratik aritu ziren.

Egutegiak ez die atsedena hartzeko denborarik ematen txuri-urdinei. Realak 11 neurketa jokatu ditu urtarrilaren 13tik, hau da, 11 norgehiagoka bost astean. Tarte horretan, sei partida irabazi ditu, eta bost galdu. Gaurkoa hamabigarrena izango da, eta, igandean Leganesen aurka jokatu eta gero, gutxienez hurrengo hiru asteetan beste sei partida izango dituzte txuri-urdinek, gaur sailkatuz gero.

Etxean sendotu egin da Imanolen taldea, eta azken sei neurketetatik bost irabazi ditu. Azken hirurak jarraian izan dira: PAOKi eta Osasunari 2-0 irabazi zien, eta 2-1 garaitu zuen Espanyol Espainiako Ligan. Hala ere, ligako azken neurketan 3-0 galdu zuen Betisen aurka. 20. minutuan, epaileak txartel gorria atera zion Igor Zubeldiari, eta Betisek bigarren zatian sartu zituen hiru golak.

Hamari Traore eta Jon Pacheco ez daude gaurko deialdian, biak min hartuta baitaude. Nafarrak min hartu zuen pubisean joaneko partidan. Martin Zubimendi eta Jon Mikel Aramburu ere deialditik kanpo daude. Bi jokalariei hirugarren txartel horia atera zieten Herningen, luzapeneko azken minutuetan denbora galtzeagatik. Brais Mendezek, berriz, hurrengo partida galduko luke gaur txartel horia ikusiko balu.

«Ondo gaude, eta partida ona egin nahi dugu, eta berriro irabazi», esan du Imanol Alguacilek.

Eraginkorra joanekoan

Danimarkan jokatutako partida zaila izan zen txuri-urdinentzat. Midtjyllandek hainbat aukera izan zituen, gehienak lehen zatian. Bigarren minutuan, Castillok zutoinera bota zuen baloia, eta Marrerok geldiketa onak egin zituen. Realak ez zuen ondo jokatu, baina eraginkorra izan zen aurrean. Brais Mendezek jaurtitako penaltiak eta Kuboren ezkerkada bortitzak garaipena erraztu zieten gipuzkoarrei, baina Adam Buksak partidako azken gola sartu zuen 38. minutuan.

Midtjyllandek joan den asteburuan ekin zion berriro Danimarkako Superligari. Liga geratuta egon zen abendutik, neguko geldialdia zela eta. Herningeko taldeak 1-0 irabazi zion Lyngbyri, eta asteburu honetan ligarako erabakigarria izango den neurketa jokatuko dute Kopenhageren aurka. Midtjylland bigarren dago sailkapenean, eta Danimarkako hiriburuko taldea lehen postuan, baina bi taldeek 36 puntu dituzte.

Reala-Midtjylland

Reala: Marrero; Aritz, Zubeldia, Jon Martin, Javi Lopez; Olasagasti, Marin; Becker, Brais Mendez, Barrene; Oskarsson.

Midtjylland: Lossl; Andersson, Diao, Sorensen, Paulinho; Castillo, Silva, Sorensen; Osorio, Buksa, Simsir.

Epailea: Serdar Gozubuyuk (Herbehereak).

Tokia: Anoeta (39.500 ikusle).

Ordua: 21:00 (Movistar).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.