Aspaldi amaitu zen gozamena

David Merino ez da binakako txapelketako finalerdietarako sailkatu 2012an txapeldun izan zenetik. Azken lau txapelketetan partiden herenak baino gutxiago irabazi ditu.

Imanol Magro Eizmendi.
2017ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Hobeto ari da David Merino aurten». Binakako txapelketako lehen itzulian sarri entzundako esaldia da. Merino II.a (Villar de Torre, Espainia, 1990) Joseba Ezkurdia lagun duela, txukun jokatzen ari da. Laugarren postuan daude, lau garaipenekin, eta galdutako partidetako bitan hogei tanto egin dituzte eta beste batean 21. Gaur jokatuko dute hamargarren jardunaldiko norgehiagoka, Iker Irribarria eta Beñat Rezustaren aurka, Donostian, Atano III.ean.

Merino II.ak estelarrak jokatzen ditu urte osoan, eta udan ongi jokatu ohi du. Gauzak hala, aurtengo txapelketako zenbakiak ez lukete deigarriak izan beharko. Binakako Txapelketan parte hartu duen azken lau aldiak aztertuz gero, baina, aurtengo txapelketa ona da. Izan ere, neguan ez du distirarik egiten, eta bost urte igaro dira finalerdietarako sailkatu zen azken alditik.

Binakako txapeldun izan zen Augusto Ibañez Titin III.a-rekin 2012an, hamazazpi partida jokatu —ligaxka, finalerdiak eta finala— eta 11 irabazita. 2011n jokatu zuen aurrenekoz binakakoa, Juan Martinez de Irujorekin, eta ordukoan finalerdietara iritsi ziren, hamalau partida jokatu eta zortzi irabazita. Lehen bi aldietako arrakastak itxaropena piztu zuten ezker dotoreko atzelariaren inguruan.

Ordutik, baina, lau aldiz hartu du parte, eta ez da inoiz finalerdietara iritsi. Are gehiago, azken bi ekitaldietan ez du izan sailkatzeko aukera handirik. Datuak argigarriak dira, azken lau urteetan 53 partida jokatu ditu binakakoan —2015ean hiru ez zituen jokatu lesioengatik— eta hamazazpi irabazi ditu bakarrik. Herena baino gutxiago da hori. Estatistika are okerragoa da azken bi urteetan, horregatik uler daiteke pilotazalearen aurtengo poza eta harridura.

Atzera begira jarrita, 2013ko eta 2014ko txapelketetan, Merino II.ak ez zuen zorterik izan. Bietan Titin III.arekin egin zuen bikote, eta bietan bosgarren bukatu zuen ligaxka, laugarren sailkatuarekin berdinduta. Tanto aldeak utzi zuen finalerdietatik kanpo. Bietan 6-8ko balantzearekin kanporatu zuten, eta bietan ligaxkako azken bi partidak galduta. Alegia, eskura izan zutela sailkatzeko aukera. Merino II.a ongi aritu zen, baina Titinen beherakadak ez zion lana erraztu.

Azken biak, okerragoak

Azken bi urteetan bere mailatik urrun ibili da. 2015ean Yves Salaberri Xala-rekin, jokatu zuen, eta zazpigarren bukatu zuten ligaxkan, 3-11 balantzearekin. Merino II.ak, halere, 11 partida jokatu zituen lesioen erruz eta bakarra irabazi. Bi pilotariok arazo fisikoak izan zituzten, eta irudi oso txarra eman zuten. Atzelariak eskuin eskuko arazoekin ekin zion txapelketari, eta gero ezkerra mindu zitzaion. Egoera horretan ezinezkoa izan zitzaion lehiatzea.

Iaz Jokin Altunarekin jokatu zuen, eta berriro zazpigarren bukatu zuten ligaxka, 4-10eko balantzearekin. Ez zuen partidarik jokatu gabe utzi, baina bere bikotekideak bai, eskumuturreko arazoen erruz. Sanmateoetan bikainaritu ziren elkarrekin, torneoa irabazita, baina txapelketan ez zuten sasoia luzatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.