Asobal Ligako lehen itzulia.

Amaitu da Asobal Ligako lehen itzulia. Eguberrietako etenaldira hamargarren postuan ailegatu da Anaitasuna. Sasoi honetan itzuli da Iruñeko taldea mailara, eta lan ona egiten ari da. Amaya Sport San Antonio azpitik du sailkapenean, hamabigarren. Gorabeherek min egin diote.

Edurne Elizondo, Eider Aranberri
2011ko abenduaren 31
00:00
Entzun

AITOR ETXABURU

Anaitasunako entrenatzailea

«Orain arte lortu duguna ez da deusetarako berme bigarren itzulian»



Kontent egoteko arrazoiak baditu Aitor Etxaburuk (Eibar, 1966). Anaitasuna Asobal Ligara itzuli da sasoi honetan, eta hamargarren amaitu du lehen itzulia. Egindako ahalegina eskertu die entrenatzaileak jokalariei. Bigarrenaren amaieran mailari eustea da orain erronka.

Ohorezko B mailan hasi , eta Asobalen amaituko duzue urtea.

Urte osoa ona izan da guretzat. Hagitz kontent nago egin dugunarekin.

Nolakoa izan da azken hilabeteotako lana?

Niretzat garrantzitsuena partidak ongi kudeatzea izan da. Jokalariek, egia erran, erraztu didate lana, haien konpromisoa eta ilusioa erabatekoak izan dira. Hala ere, argi erran behar dugu egungo krisi egoeran ez dela erraza Asobalen aritzeko talde bat osatzea. Asmatu dugula uste dut, dena den. Eta momentu gozoa da oraingo hau guretzat. Harro nago momentu hori gozatzeko aukera dudalako, baina ez dugu ahaztu behar gure aurretik egon direnek egin duten lana.

Zer da zailena?

Zailena eustea izanen da. Jende askoren laguntzarekin gauden tokira iritsi gara, eta nire lana da orain toki horretan jarraitzea eta mailari eustea. Ardura handia da, eta gogor egin beharko dugu lan hori lortzeko.

Nola ikusi duzu taldea pistan?

Lehiatzeko gai izan gara ia partida guztietan, eta hori niretzat oso garrantzitsua da. Pilotesen eta Valladoliden aurka ez genuen gure neurria eman, baina gainerakoetan erakutsi dugu Asobalen aritzeko maila dugula. Pilotesen eta Valladoliden aurka arazoa izan zen, nire ustez, aste egunetan aritu ginela, eta bakoitzaren aurretik ahalegin handiko partidak jokatu genituela.

Sasoiari eusteko arazoak izan dituzue?

Bai. Argi gelditu da partidak ongi prestatu beharra daukagula, sasoi fisikoari dagokionez. Kosta egiten zaigu ahalegin handiko partidei aurre egitea. Hor daude gure gabeziak. Ez da harritzekoa. Bertze taldeek guk baino ohitura handiagoa dute, gaitasun handiagoa. Esperientzia ezak ere kalte egin digu.

Sailkapenean, hala ere, hamargarren zaudete. Meritu handiko postua da.

Bada, bai. Nahiko nuke denboraldia postu horretan amaitu. Hala ere, hainbat talde gaude ia puntu kopuru berarekin. San Antonio, Granollers eta Guadalajara gure azpitik daude, baina igotzeko aukera duten taldeak direla uste dut.

Bigarren itzulian izanen duzue arazoak konpontzeko aukera. Zein da helburua?

Orain arte lortu duguna ez da deustarako berme bigarren itzulian. Hori argi dugu. 11 puntu ditugu, eta puntu bakoitzak aurrera egiteko indarra ematen digu. Baina ez dago deus egina. Hutsetik hasiko gara berriz bigarren itzulian.

Etxeko partidak funtsezkoak izanen dira?

Bai, zalantzarik gabe. Zazpi partida jokatuko ditugu bigarren itzulian. Partida horietan dena eman behar dugu. Lehen itzuliko 11 puntuetatik zortzi lortu ditugu etxean. Sendo agertu behar dugu gure pistan.

Pistan, zer hobetu nahi duzu?

Batez ere, trantsizioak. Horretan hobera egin behar dugu, bai defentsan, bai eta erasoan ere. Etekin gehiago atera behar diegu. Arazoak izan ditugu esparru horretan.

JUANTO APEZETXEA

San Antonioko entrenatzailea

«Taldeak helburuak eta emaitzak hobetzea izan behar du buruan»



Lasai dago. Konfiantzarekin. Bigarren itzuliari begira dago Juanto Apezetxea (Donostia, 1968), Amaya Sport San Antonioko entrenatzailea. Aurretik, baina, lehen itzuliari buruz aritu da. Garai honetarako hiru edo lau puntu gehiago izatea espero bazuen ere, taldeak hobera egingo duen itxaropena dauka. 12. postuan amaitu dute lehen itzulia.

Lehen itzulia bukatuta, zer-nolako balorazioa egiten duzu?

Apur bat gorago egotea espero nuen, egia esan; hiru edo lau puntu gehiago izan beharko genituen gutxienez. Hori zen, behintzat, hasieran egin genuen kalkulua. Partida batzuetan ez dugu gure maila eman, batez ere, aurkari zuzenen aurkakoetan. Zorte falta ere izan dugu; jokalari batzuk min hartuta egon dira. Guztiak momentu berean etorri ziren, eta hiruzpalau partidatan asko nabaritu dugu euren falta.

Lau jardunaldi horietan egon al da gakoa?

Baietz esango nuke. Partida haiek oso garrantzitsuak izan ziren, besteak beste, Logroño, Anaitasuna eta Saguntoren aurka jokatu genuelako. Jokalari zerrenda laburra dugu, eta edozein lesio asko nabaritzen da.

Zertan huts egin du taldeak?

Nahiko gaizki ibili gara defentsan eta erdi aldean. Postu horietan errendimenduak hobea izan behar du, nire ustez. Atezainaren estatistikak ere ez dira batere onak izan. Horrek guztiak harremana dauka. Zalantza handiekin ibili gara, batez ere, gure aurkari zuzenak direnen aurkako partidetan. Erasoan ere zalantza batzuekin ekin genion sasoi hasieran; eskuin hegaleko bi jokalariak, Felipe Jimenez eta Iso Sluijters berriak dira, eta lehen lerroan asko nabaritzen da hori. Atezainak funtzionatzen badu, beste guztiak ere askoz errazago funtzionatzen du.

Denbora honetan taldean hobetu duzuen zerbait nabarmendu beharko bazenu, zer litzateke?

Hasierako partidak kenduta, laugarrenetik aurrera, gutxi gorabehera, nahiko txukun ibili gara. Hobekuntza argia izan da. Gerora geldialdia egin zuen ligak, eta hortik aurrerako partidetan ere nahiko ongi jokatu genuen.

Zer falta zaio taldeari gorago egoteko?

Dirua falta zaigu. Momentu honetan ezinezkoa da hor goian egotea, pentsaezina da. Gure aurrekontua oso txikia da Bartzelona edo Atletico Madril taldeekin alderatuta. Sailkapeneko lehen postuetan dauden taldeak beste maila batean daude. Horrek ez du esan nahi ezinezkoa denik eurei irabaztea, baina oso zaila da. Dena den, konfiantza ikaragarria daukat jokalariengan. Oso gazteak dira, baina batzuetan jokalari horiek bizpahiru hilabetetan sekulako bilakaera izan dezakete. Hori gertatzen bada, sailkapeneko erdialdean egongo gara lasai, eta, gertatzen ez bada, asko sufrituko dugu.

Bigarren itzulian emaitza hobeak espero dituzu?

Bai, noski. Taldeak helburuak eta emaitzak hobetzea izan behar du buruan. Bigarren itzulia ongi hastea espero dugu. Jokalariak hain gazteak izanik eta taldearen izaera zein den ikusirik, gainera, garrantzitsua izango da lehen partida horietan emaitza onak lortzea, konfiantzarekin segitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.