Iker Vicente. Aizkolaria

«Askotan gogoratzen naiz iaz ura edateko gelditu nintzen uneaz»

Maila nagusiko finala jokatuko dute igandean, Iruñean, Labriten. Iaz, hemezortzi segundorengatik hartu zion aurre Aitzol Atutxak Iker Vicenteri. Orduko hark «ikasteko» balio izan diola dio Vicentek.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Unai Ugartemendia.
2018ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Hogeita bat urte besterik ez ditu Iker Vicentek (Otsagabia, Nafarroa, 1997), baina eskarmentu dezente pilatu du jada, denbora baitarama punta-puntan. Igande honetan, Iruñean, Labriten, hirugarrenez ariko da maila nagusiko finalean. Duela bi urte, laugarren sailkatu zen, eta, iaz, bigarren, Aitzol Atutxarengandik hemezortzi segundo eskasera. Orduko arantza atera nahi du. Sasoi betean da. Urte ederra darama.

Egun gutxi falta dira finalerako. Gogotsu al zaude?

Bai. Egia esan, gogo handiarekin eta nahiko indartsu ikusten dut neure burua. Oso pozik nago, eta lan ona egiteko asmoa dut.

Udan ez zara geldirik egon, erakustaldiz eta txapelketez betetakoa izan duzu.

Uda nahiko gogorra izan dut, erakustaldi askotan aritu bainaiz. Uda amaieran nahiko nekatuta ibili nintzen, baina indarberrituz joan naiz, eta, orain, ondo nago, sasoiko.

Erakustaldi asko egin dituzula diozu. Zenbat da asko?

50 eta 60ren inguruan ibiliko nintzen. Zerbait bada.

Hainbeste erakustaldi eta txapelketa jokatuta, finalera sasoiko iristen al zara?

Uste dut udako erakustaldi eta txapelketek on egin didatela. Azkenaldian izugarrizko gorakada izan dut, eta oso gustura iritsiko naiz finalera.

Azken lau urteetan, Aitzol Atutxa izan da txapelduna. Oraindik ere bera al da irabazteko faborito nagusia?

Agian bai, ez dakit. Egin beharreko lanak kontuan hartuta, esan daiteke baietz, bera dela faboritoa. Hala ere, Urrezko Aizkoran eta Ligan irabazi egin diot. Uste dut nik ere irabazteko aukera dudala.

Zuk bakarrik ez, askok diote irabazteko aukera handia duzula. Kanporaketan denak menderatu zenituen.

Oso gustura nabil, bai fisikoki eta bai indarrez. Egin beharreko lanei ere neurria hartzen ari naizela uste dut. Lehen urtean, dena berria zen; iaz, hobeto ibili nintzen; eta, aurten, jada badut esperientzia. Egia da Atutxak eta besteek nik baino eskarmentu gehiago dutela, baina ni lan on bat egiteko moduan nago.

Iaz, hemezortzi segundo besterik ez ziren Aitzol Atutxaren eta zure artean. Askotan pentsatu al duzu egun hartan?

Askotan pentsatu dut egun hartan gertatukoaz, buelta asko eman dizkiot neure buruari. Ur tragoa egitera gelditu nintzen une hartaz gogoratzen naiz, orduan egindako geldialdiaz... Baina orduan horrela atera zen, eta orain alferrik da hari begira egotea. Gehiago ikasteko balio izan dit.

Nola ikusten duzu zeure burua finalean egin beharreko lanean?

Zutikako probetan oso gustura moldatzen naiz, eta nabari da Atutxarengandik gertuago nagoela. Lan luzeetan, ordea, gauza aldatu egiten da. Finaleko lana oso zorrotza da. Lau oinbikoek min handia egingo dute, eta nik uste dut tamaina hartzen ari naizela. Hala ere, Urrezko Aizkorako lanek mesede gehiago egiten didate horrelako lan luzeek baino.

Finala mimo handiz prestatu al duzu?

Bai, azkenean urte guztia horri begira egoten garelako. Egutegia egiteko garaian, denek dugu begiz jota maila nagusiko txapelketako finala.

Gehienen ahotan, Atutxa II.a eta zure artean egongo da txapela. Berdin pentsatzen al duzu? Ez al duzu Mikel Larrañaga ere lehia horretan sartzen?

Egia da Larrañaga ere goraka doala. Oso mutil indartsua da, eta oso ondo moldatzen da aizkorarekin. Erakusten ari da geroz eta lan hobeagoak egiten ari dela, eta txapela ere irabaz dezakeela.

Zuretzat, ezusteko handia litzateke Larrañagak irabaztea?

Ez dakit. Azkenean, gehienak Atutxa irabazten ikustera eta ni bigarren planoan ikustera ohituak gaude. Larrañagak irabaztea ezustekoa litzateke, baina nik badakit zenbat mozten duen eta ez ninduke asko harrituko ere.

Nafarroako hiru txapel badituzu, baina hau beste zerbait gehiago da, ez?

Zalantzarik gabe, txapelketarik garrantzitsuena da. Lan handia da, oso gogorra, aurkariak ere bikainak dira... Oso zaila da hau irabaztea.

Urte batzuk dira ez duela aizkolari nafar batek irabazi txapela.

Hala da, bai. 2012an Nazabalek bere azkena irabazi zuenetik, ez da txapelik itzuli Nafarroara. Egun hauetan gogoratu didate batzuk, askok uste baitzuten berriro ere denbora batean ez genuela txapelik izango. Orain, badirudi berriro ere nirekin esperantza badutela. Polita da hori entzutea.

Finala nola joango dela uste duzu?

Egun gogorra izaten da finala, eta gozatzeko aukera gutxi izaten da. Denak dena ematera irteten gara, eta ez da egun erraza izaten. Entrenamenduek eman dutena plazaratu nahi izaten da, urduritasuna egoten da... Behin hasitakoan, urduritasuna uxatzen da, baina artean...

Zu izango zara Labriten etxean jokatuko duen bakarra.

Hala da bai. Etxean jokatzen dut, eta ea aurre egiten diedan bizkaitarrei eta gipuzkoarrei [barrez]. Ilusio berezia egiten dit Nafarroako hiriburuan jokatzea finala, Labriten... Badirudi, gainera, Otsagabitik jende asko joango dela, eta hori oso pozgarria da.

Ametsa da txapela irabaztea?

Bai, egia da. Txiki-txikitatik horrekin amestu dut. Nire idolo guztiak Euskal Herriko txapelak irabazten ikusi ditut: Mindegia, Nazabal... Niri ere asko gustatuko litzaidake zerrenda famatu horretan egotea.

Urte borobila daramazu: martxoan, binakako txapela irabazi zenuen Ruben Saralegi lehengusuarekin; apirilean, Xabier Orbegozo Arria V.a mendean hartu zenuen apustuan; ekainean, Urrezko Aizkoran nagusitu zinen; eta duela bi aste eskas, Txapeldunen Ligan. Amaitzeko, txapela bakarra falta zaizu.

Nahiko urte ona daramadala uste dut, baina borobiltzeko ikaragarria izango zen txapela etxera ekartzea.

Finalaren ondoren, Nafarroako Txapelketa jokatuko duzu. Hala ere, jendearen ahotan dago ea neguan apusturik izango den ala ez. Zer diozu?

Oraingoz, ez dut inorekin ezer hitz egin, eta inork ere ez dit ezer esan. Txapelketa askotatik atera izan dira apustu asko, eta honetatik ere zerbait aterako da agian. Finalaren emaitzak ere zerikusi handia izan dezake apusturako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.