Euskaraz «egun on» esanez azaldu zen duela gutxi Zubietako kazetarien aurrean Vadim Demidov (Riga, Letonia, 1986). Gogotsu ari da, azkar egokitu nahian: «Badakit zaila izango dela osorik ikastea, gaztelaniarekin ari naizelako buru-belarri, baina esamolde batzuk jakitea ezinbestekoa da». «Trondheimen baino hobeto» dagoela esan dio BERRIAri: «Maite ditut hondartzak, janaria, bizimodua, eguraldia… Egunero ari naiz gozatzen». Bakarrik bizi arren, lagunek eta senitartekoek maiz egiten diote bisita. Musika eta zinema laket ditu, eta Miarritze du txoko kutunetako bat: «Askotan joaten naiz, lagunak hemen daudenean batik bat».
Nola sentitu zinen Bartzelonaren aurkako partidan?
Oso garaipen garrantzitsua izan zen guretzat. Benetan behar genuen; galdu izan bagenu, Getafe puntu bakarrera edukiko genuen orain. Talde jarrera bikaina erakutsi genuen, eta bigarren zatia oso ona izan zen. Merezi izan genuela uste dut. Oihartzun handia izan zuen, eta Norvegiako egunkari handienetan aipatu dute, baina aurrera jarraitu beharra dago. Oraindik ez dugu helburua bete.
Nola ikusten duzu Valentziaren aurkako neurketa?
Valentzia oso talde ona da, eta garaipena behar du hirugarren postuari eusteko. Jokalari on asko dauzka. Gainera, asko aldatzen ditu sistemak eta jokalariak, bideoan ikusi dugunez. Baina Bartzelonaren aurka erakutsi genuen gai garela horrelako partidak aurrera ateratzeko. Garrantzitsua da partida horretan pilatutako sentipen onak partida honetan ere jartzea. Ez gara inoren beldur.
Realaren borroka ez da oraindik bukatu.
Lau partida gelditzen dira, eta denak irabazten saiatu behar dugu. Valentzia mendean hartzen badugu, lanaren zati handi bat egina izango dugu. Lehia estua dago, eta argi dago garaipen bat beharko dugula gutxienez.
Etxeko partidak dituzue begiz joak?
Mundu guztiak uste zuen horiek zirela irabazi beharrekoak Bartzelona garaitu baino lehen, baina hiru puntuak lortu genituen. Itxaropentsu nago, hobera egin baitugu azken asteetan. Sportingi eta Bartzelonari irabazi, eta Bilbon ere txukun aritu ginen. Sasoi onean gaude, eta uste dut Valentziarentzat ere oso partida zaila izango dela.
Azkenaldian hasieratik jokatzen ari zara. Pozik?
Bai. Oso garrantzitsua da niretzat. Jokatzeko etorri nintzen. Nire dohainak neurri batean erakutsi ditut, baina asko daukat hobetzeko eta ikasteko. Jendeak ez du neure onena ikusi. Oso gustura nago hasierako hamaikakoan, baina gauzak oso azkar aldatzen dira, eta gogor egin beharko dut lan hor jarraitzeko.
Zer moduz komunikatzen zara beste atzelariekin?
Ondo. Guztiekin jokatu dut jada. Gehiena ulertzen dut gaztelaniaz, eta nik ere asko hitz egiten dut, hori baita nire indarretako bat. Asko gustatzen zait komunikatzea, ez bakarrik atzelariekin, baita erdilariekin ere, gauden tokitik zelai guztia ikusten baitugu. Hala egin dut egon naizen talde guztietan.
Nola definituko zenuke zeure burua jokalari gisa?
Askotan esan didate liderra izateko jaio nintzela. Agintzea eta oldarkor jokatzea gustatzen zait. Zelaitik kanpo, etxean eta entrenatzen oso lasaia naiz, baina zelaiaren barruan guztiz eraldatzen naiz. 90 minutu horietan ez naiz ni neu, jokoa jokoa da, eta garaipena besterik ez dut buruan. Kirol fisikoa da hau, eta ez zait gustatzen berdegunean botata egotea. Atzelari izateko, berriz, pase ona dudala uste dut. Baloia jokatzea gustatu izan zait beti, eta ez ostikoka aritzea.
Zergatik erabaki zenuen Realera etortzea?
Realak duela pare bat urte ikusi ninduen lehen aldiz, eta bazekien nolako jokalaria nintzen. Benetan nahi ninduela sentitu nuen. Oso itxura ona hartu nion klubari. Banekien talde handia zela, Bigarren Mailan egonagatik, eta jokalari handiak zituela. Oso pozik nago hartutako erabakiarekin. Hau baino toki hoberik ez dago niretzat aurrerapausoa emateko.
Ba al zenuen beste eskaintzarik?
Bai, asko. Baina aspalditik neukan erabakita hona etortzea, duela urtebete edo. Reala izan zen nire atea jo zuen lehena.
Presiopean jokatzen ohituta zaude?
Bai. Rosenborgen partida guztiak irabazi behar genituen, eta Europarako Txapeldunen Ligarako sailkatzen saiatu. Duela bi urte partida bakarra galdu genuen Ligan, eta aurreko denboraldian bakar bat ere ez, 30 jardunalditan. Astebururoko kontua zen guretzat presiopean jokatzea.
Zein da zure ametsa jokalari gisa?
Aurrena, mailari eustea. Eta gero, dauzkagun jokalariekin, talde gisa hobetzea eta haztea, eta taularen lehen erdian finkatzea. Zerbait berria hasi nahi dut Realarekin. Bigarren Mailan hiru urte eman ondoren, aro berri bat hasi nahi dugu talde gisa, eta urtetik urtera hobetzen joan.
Noiztik aritzen zara futbolean?
Txikitatik. 8 urte nituenetik, futbolean eta eskubaloian aritzen nintzen. Kirola odolean daramat. Aita eskubaloi jokalaria zen SESBen, eta ama, atleta. 16 urterekin futbola aukeratu behar izan nuen. Erabaki gogorra izan zen, eskubaloirako ere talentua baineukan. Erdikoa nintzen. Baina futbola erronka erakargarriagoa zen niretzat, eta gogor aritu nintzen lanean horretarako.
Familiarekin lotura handia duzu?
Familia eta lagunak dena dira niretzat. Horregatik daramatzat besoetan [tatuajeak erakutsi ditu]. Gertu izan nahi ditudalako beti. Aita, ama eta anaia dira niretzat gauzarik garrantzitsuenak, lagunekin batera. Futbola oso azpitik dago.
17 urterekin oso lesio larria izan zenuen.
Bai. Bizkarraren zati bat hautsi nuen, eta hamalau hilabete eman nituen jokatu gabe. Latza izan zen. Batzuek uste zuten ez nuela futbolean gehiago jokatuko, baina tematu egin nintzen, eta itzuli ondoren, ia ez dut arazorik izan. Gertukoek beti sinetsi zuten nigan. Indartu egin ninduen buruz: beste talde batera joan behar zuen, aurrekoan ez nindutelako nahi. Eta orain Realean nago.
Vadim Demidov. Realeko jokalaria
«Askotan esan didate lider izateko jaio nintzela»
Nortasun handiko jokalaria dela utzi du agerian Realeko atzelari norvegiarrak, baina gehiago eman dezakeela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu