Julen Gabirondo. Segalaria

«Asko sufritu arren, lanarekin oso gustura geratu nintzen»

Julen Gabirondok bosgarrenez irabazi du Gipuzkoako ohiko segako txapelketa. Guztira, 5.108 kilo belar bildu zituen Asteasun; Euskadiko Txapelketa jokatu ondoren, aizkoran osatuko du sasoia.

LEYRE CARRASCO / TOLOSALDEKO HITZA.
Jon Ander De la Hoz.
2023ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Beste behin, Julen Gabirondo (Urnieta, Gipuzkoa, 1989). Herri kirolariak bosgarren aldiz irabazi du ohiko segako Gipuzkoako Txapelketan. Alde handiz gailendu zen igandean Asteasuko (Gipuzkoa) Bulano baserrian jokatutako proban. Orotara, 5.108 kilo belar bildu zituen; Jokin Etxeberria bigarren sailkatuak, berriz, 4.643 kilo. Orain, Euskadiko Txapelketa irabazi nahi du seigarren aldiz, eta, ondoren, aizkoran osatuko du denboraldia. Azken urteekin alderatuta, berritasun nabarmena izango du aurtengo sasoiak: «Pena handiz, baina ez naiz bakarkako pentatloian arituko».

Igandeko esfortzuaren ostean, giharrak itzuli dira bere onera?

Halakoetan beti izaten da min pixka bat. Tentsioarekin-eta, behar baino pasada handiagoa hartzen da, eta ondorioak izaten ditu.

Nolako proba izan zen Asteasukoa?

Gogorra izan zen. Banekien Jokin Etxeberria izango zela faborito, eta biak oso indartsu hasi ginen, aurrea hartu nahian. Lehen hiru [belar] koadroetan pareko aritu ginen: batek bota, besteak segitu. Pixkanaka aurrea hartu nuen, eta poz horrekin, hala segitu genuen.

5.108 kilo belar bildu zenituen. Gustura al zaude egindako lanarekin?

Oso gustura. Sufritu nuen, asko, baina gustura geratu nintzen lanarekin. Belarra ederra zegoen, eta gozatu egin nuen.

Beraz, beste behin, belardi egokiak aurkitu al zenituzten Bulano baserrian?

Dudarik gabe. Aitzakiarik gabeko belarra zen. Tamaina onekoa. Euri apur bat ere egin zuen, eta oso belar ona izen zen.

Iaz, 160 kiloren aldea atera zenion Jon Otegi bigarren sailkatuari. Aurten, 465 kilorena Etxeberriari. Alde handia al da?

Belarrak agintzen du horretan. Aurrekoan ere esan nuen: berez, lortu nuen abantaila ez da islatzen kiloetan. Uste dut ez genuela hainbeste kiloren aldea. Gero, sail kaskarragoa izan, edo nondik moztu, diferentziak egon litezke.

Lehen azpimarratu duzunez, Jokin Etxeberria irabazteko hautagaien artean zegoen. Hura zaintzera atera al zinen?

Bai, zalantzarik gabe. Garbi esanda, segurtasun falta handia nuen neure buruarekin. Fisikoki oso ondo nengoen, baina, aurten, arazo batengatik ez bada bestearengatik, ez naiz beste urteetan adina aritu segan. Fisikoki ondo egon arren, ez nekien gorputzak nola erantzungo zuen halako proba batean, halako exijentziarekin. Harekin [Etxeberriarekin] batera hasi nintzen, eta ondo sumatu nuen neure burua. Aurrera egitea lortu nuen, eta oso kontentu nago.

Sarri aipatzen da arlo fisikoa dela zure indargune nagusietako bat. Oraingoan ere erritmo bizian aritu zinen. Horri eustea izan zen garrantzitsua?

Bai. Erritmoa zertxobait jaisten bada, bestea kenduz-kenduz joaten da, eta orduan lortzen da abantaila. Erritmoari eustea oso garrantzitsua da, baina ez da erraza. Buruak eta gorputzak gelditzeko esaten dute, baina segitu egin behar da, eta komeriak izaten dira.

Segan garaipen asko lortu dituzu jada, baina irabaztea beti da gozoa, ezta?

Bai, garaipena beti da ongi etorria. Alde horretatik, bai, oso pozik nago.

Euskadiko Federazioaren ohiko segakoa al da begiz jota daukazun hurrengo txapelketa?

Bai. hilaren 22an jokatuko dugu, Zizurkilen [Gipuzkoa]; larunbat arratsaldeko seietan jokatuko dugu. Ilusio handia dut txapelketa horretarako, baina badakit igandean ateratako aldea ezerezean geratu daitekeela, eta proba oso ezberdina izango dela. Oso gogorra izango da hura ere.

Gaur-gaurkoz, gipuzkoarrak ari zarete segan, gehienbat. Parte hartzaileen koadroa igandekoaren antzekoa izango da Euskadiko Txapelketan, ezta?

Bai, bera. Zoritxarrez, Nafarroatik, Bizkaitik, Ipar Euskal Herritik eta Arabatik ez dago partaiderik gaur egun. Duela urte gutxi, izan ziren batzuk, baina geratu egin dira. Pena da, baina Gipuzkoako koadro bera izango dugu Euskal Herrikoan.

Nolako prestaketa osatzen du segalari batek bi asteko tartea duenean? Estutu handia emango diozu gorputzari?

Bai, gorputzari lan pixka bat eragiteko aprobetxatuko dut aste hau. Datorren astean, berriz, jaisten hasiko naiz pixkanaka: txinpartari eusten saiatu, eta atseden hartuko dut.

Orain gutxi jokatutako sega-sail txapelketan ez zinen aritu, gerriko minagatik. Erabat osatu al zara?

Mina joan zait. Arazoa da segan gutxi ibili naizela, eta gerria kargatu egiten zaidala. Denbora askoan makurtuta egotean, geldialditxoak egin behar izaten ditut, gerriko luzaketak egiteko. Bi-hiru segundo, eta listo berriz ere, baina traba horrekin nabil. Minik ez dut, baina uste dut giharrek ohitura falta dutela.

Azken urteetan pentatloian eta aizkoran ere aritu zara. Hurrengo helburuak horiek dira?

Egia esan, erabakia hartu dut aurten. Kosta egin zait hartzea, baina bakarkako pentatloian ez dut parte hartuko. Lan karga handiarekin nabil, saltsa guztietan sartuta. Aizkorarekin buru-belarri hasteko asmoa dut sega amaitzean.

Txapelketak badituzu, ezta?

Bai, Euskal Herriko lehen mailara igo nintzen iaz, eta kanporaketa jokatuko dut aurten, irailaren 16an. Zaila dago, baina sailkatzea gustatuko litzaidake. Baina beste hautagaiak ere asko dira, eta helburu berarekin joango dira guztiak. Ikusiko da, baina begia hor daukagu jarrita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.