Saskibaloia. Espainiako Kopa. Luca Vildoza. Kirolbet Baskoniako jokalaria

«Asko kostatzen zait gorabeherarik gabe aritzea»

Kirolbet Baskoniak Joventuten aurka jokatuko du gaur, finalerdietan (19:00, Vamos). Luca Vildozak argi du: Nicola Laprovittola herrikide eta postukidea geldiarazita, «aukera asko» izango dituzte irabazteko.

BASKONIA.
ainara arratibel gascon
<i>Gasteiz</i>
2019ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Urte eta erdi darama Luca Vildozak Kirolbet Baskonian. Oso gazte, 22 urte egin berritan iritsi zen Gasteizera, putzuaz bestaldeko lehen esperientzia bizitzera. Aitortu du «aldaketa oso handia» izan zela, eta «kostatu» egin zaiola barneratzea. Baina berehala gaineratu du «gero eta hobeto» ari dela, eta horretan «mesede» egin diola Velimir Perasovicen etorrerak. Itxaropentsu da Espainiako Kopan egin dezaketenaz, eta kirolean ohiko bilakatu den pentsaerari heldu dio: «pausoz pauso, partidaz partida joan behar dugu». Gaur egin nahi dute lehen urratsa, Joventuti irabazita.

Gaur ekingo diozue Espainiako Kopari. Nola dago taldea?

Nahiago genuke azken partida irabazi izan bagenu eta jokalari gutxiago min hartuta izango bagenitu. Baina ondo gaude.

Jada barneratu duzue Tornike Xengeliaren eta Jayson Grangerren falta?

Bai, baina min handia egin zigun Toko eta Jayson lesionatu izanak, funtsezkoak baitira. Zorionez, aurre egin diogu, eta jokalari guztiok aurrerapauso bat eman dugu.

Grangerren faltan, ardura handiagoa hartu behar izan duzu zuk. Uste duzu horri esker gora egin duzula?

Pixkanaka-pixkanaka ari naiz gora egiten. Aurreko denboraldian, jada aurrerapausoa eman behar izan nuen, orduan ere Jaysonek behin baino gehiagotan min hartu baitzuen. Gainera, mesede egin dit Perasen etorrerak [Velimir Perasovic Baskoniako entrenatzailea]. Hark gustuko duen erritmoa aproposa da nire jokamolderako. Oso gustura ari naiz.

Pedro Martinezek eskatzen ez zizkizun gauza asko eskatzen dizkizu Perasovicek?

Ez. Gogor defenditzeko eta bizi-bizi jokatzeko bakarrik eskatzen dit niri eta taldekideei. Horrela jokatuta egiten dugu min handiena, baina, horretarako, ezin dugu gorabeherarik izan, eta sasoi honetan izan ditugu halakoak. Hori konpontzen saiatu behar dugu.

Orkatila nahi baino buruhauste gehiago ematen ari zaizu?

Hala da. Ondo nago, baina ez nahi bezainbeste. Egunaren arabera, min handiagoa edo txikiagoa ematen dit orkatilak. Hala ere, jasateko moduko mina da.

Orain ez, baina sasoi hasieran kritika asko egin zizkizueten joko antolatzaileei. Nola bizi izan zenuten hori?

Gogorra izan zen. Niri min egin zidan. Iritsi berria nintzen, eta jendeak, agian, gauza batzuk espero zituen nigandik, eta nik ezin nituen eman.

Adibidez?

Gorabeherarik gabe aritzea. Asko kostatzen zait erregularra izatea. Baina uste dut urteek aurrera egin eta eskarmentu handiagoa izan ahala erregularrago ariko naizela. Urte eta erdi eskas daramat hemen, eta aldaketa oso handia izan da. Aurreko sasoian, hasieran bakarrik igarri zen handia izan zela jauzia, gero ondo aritu bainintzen. Denboraldi honetan, ordea, hainbestean hasi nintzen, baina pixkana-pixkana ari naiz hobetzen, eta uste dut azkenaldian oso ondo aritu naizela. Iaz aurrerapausoa eman nuen, eta orain beste bat eman nahi dut. Egokituago nago.

Eskarmentu handiko postukidea duzu, Marcelinho Huertas. Hura ere ari zaizu laguntzen erregularrago izan zaitezen?

Noski, baita Jayson ere. Pozik nago, haien ondoan aritzeko aukera baitut.

Joventuten aurka jokatuko duzue gaur. Zer-nolako itxura hartzen diozu partidari?

Joventutek gora egin du, eta susperraldi horretan zerikusi handia izan du Laprovittolaren jardunak. Bikain ari da taldea gidatzen eta puntuak sartzen [ACB ligako saskiratzaile nagusia da, neurketako 15,7 puntu lortuta]. Dawsonek ez du jokatuko [min hartuta dago], eta ikusteko dago horrek eragina izan dezakeen Joventuten. Halere, presiorik gabe ariko da, eta ilusioz gainezka, eta horrek mesede egin diezaioke falta hori nabari ez dezan. Hura gabe jokatu duen azkeneko partidan, gainera, Todorovic ikusgarri aritu da. 35 puntuko balorazioa lortu zuen. Oso talde ona du Joventutek.

Laprovittolaren lana azpimarratu duzu. Hura da Joventuteko jokalaririk onena?

Bai. Buruz oso azkarra da. Zauria baldin baduzu, aiztoa sartuko dizu bertan. Adi-adi egon beharko dugu harekin. Badakigu zer egiteko gai den.

Baskonian ezin izan zen espero bezain ondo aritu, eta klubak ez zion berritu kontratua. Bere dohainak erakusteko gogoz egongo dela uste duzu?

Bai, ziur. Agian ez zuen bere benetako balioa erakusteko nahikoa aukera izan Baskonian, baina jokalari puska da. Lasai-lasai jokatuko luke talde handi batean.

Hura geldiaraztea izango da gakoa irabazteko?

Bai. Azkenaldian egiten ari garen jokoa egin beharko dugu. Joventutek moldatu beharko du gure erritmora. Guk daukagu presio handiena irabazteko. Defentsako lana funtsezkoa izango da. Laprovittola eta Todorovic, haien jokalaririk erabakigarrienak ondo zainduta, erreboteak hartuta eta korrika irtenda, aukera asko izango ditugu irabazteko.

Hala aritu zineten tarte askotan Real Madrilen aurka, nahiz eta alferrikako lana izan azkenean.

Ondo ekin genion partidari, erritmo egokian, baina Real Madrilek ondo aprobetxatu zituen neurketan izan genituen zenbait gorabehera. Halako taldeen aurka ezin dira halakoak egin, larrutik ordaintzen dira.

Behin jokatu duzue sasoi honetan Joventuten aurka, eta gogotik sufritu behar izan zenuten irabazteko: 67-68. Argi dago ezin zaretela deskuidatu.

Oso gaizki pasatu genuen han, eta gertu izan zuten gu mendean hartzea. Oso ondo defenditzen dute, eta horren erakusle da 68 puntu besterik ez genuela sartu.

Baskoniak bezala, Joventutek ere makina bat aldiz jokatu du Kopan.

Aurrekoan irakurri nuen Baskoniak Joventuti irabazi ziola Kopako final bat [2004an izan zen, Sevillan (Espainia)], eta harritu egin nintzen: ez nekien Joventutek halako iragan distiratsua izan zuenik. Albiste bikaina da handi izan zen talde bat berriz ere handien artean egotea.

Joventuti irabaziz gero, Real Madrilen edo Estudiantesen aurka jokatuko duzue finalerdietan. Denek jotzen dute Real Madril Espainiako Kopa irabazteko faboritotzat. Ados zaude uste horrekin?

Bai, zalantzarik gabe. Real Madril faborito izaten da jokatzen dituen lehiaketa guztietan. Halere, Estudiantesen aurka jokatuko du, eta, ACB ligan, galdu egin zuen haren aurka [93-88]. Beraz, erne egon beharko du. Guk gure partida irabazi nahi dugu, eta gustura jokatuko genuke gero Real Madrilen kontra. Sasoi honetan ez gara gai izan hura mendean hartzeko, eta berebiziko gogoa dugu. Irabazi egin nahi diogu, gure helburua Kopa eskuratzea baita.

Real Madrilen ere bikain ari da zure beste herrikide eta postukide bat: Facundo Campazzo. Lagunen arteko lehia dirudi Kopak.

Argentinako zortzi jokalari ari gara ACB ligan, eta horietatik sei lehiatuko gara Kopan. Argentinako liga jokalari asko ematen ari da, eta hori albiste bikaina da. Campazzo da horietako bat. Talentu hutsa da. Llul falta dela, hura da Real Madrileko liderra. Inoizko sasoirik onenean dago. Hala ere, gure aurkaria da, eta ezin dugu horrenbeste laudatu [barrez].

Ikusten duzu zeure burua igandean kopa altxatzen?

Nahiko nuke, noski, horretarako etorri gara Madrilera, baina goazen pausoz pauso, poliki-poliki.

Koparena da titulu bat irabazteko biderik laburrena. Askoz bide luze eta malkartsuagoa egin beharra dago ACB ligan eta Euroligan. Horren jakitun zaudete?

Bai, baina ez zait gustatzen tituluez hitz egitea jokatu aurretik. Hiru partida irabazi beharko genituzke jarraian, hirurak aurkari indartsuen aurka, eta hori erronka benetan zaila da. Lehen kolpea eman nahi dugu gaur.

Beste behin, Baskoniaren zaleek ez dute huts egin: bi mila inguru izango dira zuek animatzen Madrilen. Jokalariek eskertzen duzue babes hori?

Izugarri. Gure zaleek atxikimendu handia dute taldearekin, eta horrek asko animatzen gaitu. Zaleak gure seigarren jokalaria dira. Ziur naiz pabiloiko harmailan bertan daudela erakutsiko dutela, eta, horri esker, etxean bezala ariko garela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.