Asier Riesgo. Eibarreko jokalaria

«Asko ikasi nuen ia batere jokatu ez nuen denboraldietan»

Futbolaren ingurua oso krudela izaten da batzuentzat, eta Asier Riesgo gogor jo izan du. Urteetan gutxi jokatzeak txarra izatearen zama jarri dio gainean, baina aurreiritzi guztiak astintzen ari da Eibarren.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Eibar
2015eko urriaren 23a
00:00
Entzun
Bukatu berria da atzo Eibarrek Ipuruan ateak irekita egin zuen entrenamendua. Eguerdia pasatxo da, eta zelaian normalean egoten ez diren zenbait pertsona daude. Jose Luis Mendilibar entrenatzaileak eman du aditzera zein diren. «Aizu, Iñaki [Iñaki Duke, prentsa arduraduna], zer da mugimendu hau guztia?». Kazetari ugari dabil bueltaka, etzi Bartzelonaren aurka Eibarrek jokatu behar duen aitzakian. Asier Riesgo (Deba, Gipuzkoa, 1983) elkarrizketatzeko hitzordua egina dauka BERRIAk, eta zintzo bete du agindutakoa atezainak. Entrenamenduko arropak soinean, eskularruak eskuetan eta hitz jario erraza ahoan, solasaldiari ekin dio.

Bartzelonaren aurka Camp Noun jokatu aurretik, atezaina beste edozein partida baten aurretik baino kezka handiagoarekin egoten da?

Ez dut uste. Beste edozein astetan bezala nago ni. Badakigu zaila izango dela partida eta gola sartzeko aukera asko sortuko dituztela. Baina sendo egotea espero dugu, eta ea lortzen dugun beraiek gola sartzeko aukera gutxi sortzea. Gero, erasoan, ea golen bat sartzen dugun. Ondo lehiatu behar dugu, eta gure lana behar bezala bete.

Denboraldiko partidarik zailena izaten da Bartzelonakoa?

Bartzelonaren eta Real Madrilen zelaietan irabaztea oso zaila izaten da. Baita Atletico Madrilen zelaian ere. Partida bat galduko dute, akaso, denboraldiko, beren zaleen aurrean. Hori horrela da, baina guk gure aukerak edukiko ditugu, eta baliatu egin beharko ditugu sortzen ditugun horiek.

Lionel Messik, behintzat, ez du jokatuko.

Ona da munduko jokalari onenak gure aurka ez jokatzea, baina beste bi jokalari handi dituzte aurrean munduko onenen artean, Luis Suarez eta Neymar, eta brasildarra sasoiko dabil hasiera honetan.

Zenbat bider jokatu duzu hasieratik Camp Noun?

Lau bat aldiz-edo. Realarekin bi edo hiru aldiz, Recreativorekin behin eta Osasunarekin ere beste behin.

Eta denetan galdu duzu?

Bai. Zero puntu. Realarekin behin gertu egon ginen puntua lortzeko, baina Puyolek 88. minutuan-edo sartu zigun gola.

Punturik ez, eta gol zaparradaren bat bai?

Ez. Tira, lau gol partidaren batean uste dut. Kontuan izanda bosnaka sartzen dituztela... [barrezka].

Osasunan zinela, behin zortzi sartu zizkizuen Bartzelonak. Jose Luis Mendilibar, zuen egungo entrenatzailea, ez al zen entrenatzaile, gainera?

Ez nuen jokatu egun hartan; Andres Fernandezek jokatu zuen, eta bai, Mendilibar genuen entrenatzaile.

Jokatu ez arren, samurra ez du izan behar zortzi gol jasotzea, ezta?

Oso gogorra egiten da. Gainera, denboraldi hartan, Real Madrilek beste zortzi sartu zizkigun bere zelaian. Ezina sentitzen duzu egoera horretan. Taldeak gaizki pasatzen du gero, eta ez du batere laguntzen aurrera begira jarraitzeko. Badakizu gerta daitekeela, baina zaila da barneratzea gertatu eta gero.

Sekulako maila ari zara ematen Eibarren, eta asko harritu egin ditu horrek.

Urte asko daramat sarri jokatu gabe, beti ordezkoen aulkian egoten, eta jendea ahaztu ere egingo zen nirekin. Orain jokatzen nabil, eta segida ari naiz edukitzen, eta horrek asko balio du. Futbola horrelakoa da atezainentzat, eta egon zaitezke jokatu gabe denbora luzean. Baina ezin da amore eman, eta lanean segitu behar izaten da beti.

Aurreko sasoian jokatu zuen Riesgo eta Eibarren ari dena aldarte berean daude?

Ez dakit, baina taldearen dinamikak asko baldintzatzen du bakoitzaren aldartea. Ondo ari naiz, eta aurreko sasoian ere bai. Baina Osasuna jota zegoen, denetarik gertatu zitzaigun, zelaian eta zelaitik kanpo. Zaila zen arretari eustea, eta gorabehera handiak izan genituen. Pentsa, azkeneko jokaldian eta azkeneko partidan lortu genuen mailari eustea.

Sabadelleko partida ahaztezin hartan, zugatik izan ez balitz Osasuna Bigarren B Mailan egongo zen orain, sekulako geldiketak egin zenituelako.

Niretzat oso partida garrantzitsua izan zen hain lan ona egitea egoera kritiko hartan. Poza eman zidan taldearen eta klubaren egoeragatik, egindako lanak saria izan zuelako. Indarra ere eman zidan. Eta beste horrenbeste gertatu zaio Osasunari; begira nola dabilen orain. Oso ondo ari da, eta aurreko sasoiko amaiera on haren segida da oraingo bolada on hau.

Hainbeste urtez jokatu gabe egon eta gero, zeure buruarekin konfiantza galdu zenuen?

Zalantzak izan nituen. Zaila da entrenatzera joatea eta asteburuan ez duzula jokatuko jakinda lan egitea. Lehiatzea eta hobetzeko gogoa izatea ere kosta egiten da, eta uneren batean behea jo nuen. Baina jarraitu egin nuen lanean, beste gauza batzuk ikasteko asko lagundu zidan, eta oso baliagarria izan zait ikasitako hori guztia. Jokalari asko joan egiten dira talde batetik jokatzen ez badute, baina nik lanean segitu nuen, talde eta klub onean nengoelako. Aulkian egoteari ere alderdi ona atera behar izaten zaio.

Orain ari dira azaltzen orduan ikasitako gauza horiek?

Bai. Jokatzeari balioa ematen diot orain, eta garbi daukat beti aurrera jarraitu behar dela, egoera edozein izanda ere.

Eibar azaldu zitzaizun udan, eta aukera onena zen zuretzat?

Dudarik gabe, bai. Garbi zegoen berriz Eibarrera etortzea, herri ondora itzultzea... Leku ona dela garbi nuen, eta ez naiz damutzen, ez.

Eibarren jokatu zenuen 2002tik 2003ko negura artean. Zer aldatu da ordutik klubean?

Jende asko dago lanean orain klubean. Lehen Mailan egonda gauza asko mugitzen dira. Harmaila berriak daude, eta lehen, aldagelak, ate baten ondoan zeuden, orain ez bezala. Berritasun hauek guztiak ez nituen ezagutzen. Txokorik ere ez zegoen lehen, bazkaltzeko eta lotarako daukaguna. Hazi egin da, dirua sartu da klubean, eta diru hori ondo erabiltzen ari da.

Lehengo aldean, Ipuruako bi ateetan lokatz gutxiago ere badago.

Orain bai, baina ikusiko dugu neguan, ea nola jartzen den. Astebete euritan pasatzen dugunean ikusiko dugu [barrezka]. Orduan, euri asko egiten zuenean, lokatzez beteta bukatzen genuen beti.

Hegazkinez zoazte Bartzelonara bihar?

Bai. Gasteiztik aterako gara, eta itzuli, partida amaitu eta segituan itzuliko gara.

Non geratu ote dira zuk ezagutu zenituen Eibar taldeak autobusean egiten zituen bidaia amaigabe haiek...

Ikaragarriak izaten ziren, bai. Gogoan daukat behin Ejidora (Espainia) joan izan behar genuela; penintsula mutur batetik bestera zeharkatu beharra zegoen. Hamabi orduz joan, eta hamabi orduz etorri. Eta jokalari askok lan egiten zuten. Entrenamenduak arratsaldez izaten ziren, lana izaten zutelako goizez edota goiz eta arratsaldez jokalariek. Nire hemengo bigarren denboraldian hasi ginen goizez entrenatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.