Ander Izquierdo. Benficako jokalaria

«Asko ikasi dut hilabete hauetan, halako heldutasun bat nabari dut»

Benfica taldean eta Lisboa hirian «gustura» dago Ander Izquierdo: «Beste esperientzia bat bizi nahi nuen». Sasoia min hartuta hasi ostean, «pixkanaka» tokia egin du taldean.

BENFICA.
Iñaki Berastegi.
2023ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Iruñea Lisboarekin aldatu zuen iaz Ander Izquierdok (Atarrabia, Nafarroa, 2000), Anaitasunako elastikoa erantzi eta Benficarena janzteko. Lagunen eta familiaren falta nabari duen arren, «harro» dago bere «toki erosotik»atera delako, eta ez da hartutako erabakiaz damutzen. «Nire maila hobetzeko eta jokalari hobeen kontra jokatzeko erabaki nuen hona etortzea».«Zaila» bada ere,ametsa Parisko 2024ko Olinpiar Jokoetan parte hartzea da. Lisboan egon arren, gertutik erreparatzen dio Anaitasunari: «Gorabehera handiak izan dituzte, baina ondo ari dira. Ziur sailkapenean gora egingo dutela». Gaur Tatran Presoven aurka jokatuko du (18:45), EHF Europa Ligan.

Nolakoak izan dira atzerrian egin dituzun lehendabiziko hilabeteak?

Gauzak ondo doaz, eta, beraz, nahiko pozik nago. Emaitza hobeak lor genitzakeen, baina taldea, oro har, oso ondo ari da. Horrez gain, nire lehenengo aldia da etxetik kanpo bizitzen, eta gustura nago.

Espero zenuena baino hobeto egokitu zara?

Baietz esango nuke. Hasieran beldur nintzen, nire lehenengo aldia izango zelako etxetik kanpo eta neure kasa bizitzen. Iruñean ohituta nengoen egunero lagunekin egotera, eta hemen, hasieran behintzat, ez duzu jende askorik ezagutzen. Pixkanaka hasi naiz lagunak egiten eta nire bizitza egiten.

Atzerrira bai, baina oso urrutira ez zara joan. Gainera, Lisboaren gisako hiri dotore batean bizi zara orain.

Ez naiz oso urrun joan, ez. Noizbehinka itzultzeko aukera dut, Bilbora doazen hegaldiak nahiko merkeak direlako. Kultura eta bizimodu aldetik ez da oso aldaketa handia izan, eta nahiko pozik eta eroso nago hemen.

Zure toki erosotik atera nahi zenuen Iruñetik alde egitea erabaki zenuenean?

Bai, eta nahiko harro sentitzen naiz erabakia hartu izanaz. Beste esperientzia bat bizi nahi nuen, beste maila batean jokatu eta jende berria ezagutu. Egia da lagunen eta familiaren falta nabari dudala, baina hartutako erabakiarekin pozik nago.

Uneren batean damutu zara hartutako erabakiaz?

Ez, ez naiz damutu. Egunak eta egunak daude, baina ezin naiz kexatu.

Bakarrik, familiarengandik eta lagunengandik aparte, bizitzeak zerbait erakutsi dizu?

Bai, noski. Bakarrik bizitzeak halako heldutasun bat izatera behartzen zaitu, helduago egiten zaitu. Adibidez, Iruñean nahiko berandu iritsi ohi nintzen etxera, eta afaria prest izaten nuen. Orain, aldiz, nik neuk egin behar ditut etxeko lan guztiak. Bakarrik bizitzeak izaera ere zertxobait aldatzen dizula esango nuke.

Ohikoa izaten da atzerritik fitxatutako jokalariak alokatutako etxeetan batera bizitzea. Zu, ordea, bakarrik bizi zara. Nolatan?

Espainiako talde gehienetan hala izaten da, bai. Hemen, ordea, taldeko jokalari guztiak, familiarekin edo gabe, bakarka bizi gara. Ez nuen eskatu, baina eskertzen dut: bakarrik bizitzeak erosotasun handia ematen du. Gustura nago.

Nolakoa da zure egun bat Lisboan?

Egun gehienetan goizez zein arratsaldez entrenatzen gara, bi orduz. Hortaz landa, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako gradua ere egiten ari naiz Internet bidez, eta oraingoz bederen, dena nahiko ondo eta egunean daramat. Denbora librea hemen egin ditudan lagunekin egoteko baliatzen dut.

Portugesarekin zer moduz moldatzen zara?

Nahiko ondo, egia esan. Espainiera eta portugesa nahasten ditut oraindik ere, baina komunikatzeko eta esaten didatena ulertzeko baliagarria zait. Hitz batzuk oso antzekoak dira, eta horrek askoz laguntzen du.

Sergei Hernandez taldekide ohia Benfican dago, eta entrenatzailea ere ezaguna duzu. Horrek lagunduko zizun azkarrago eta hobeto egokitzeko, ezta?

Bai, asko. Anaitasunan jokatu zuen Leandro Semedo ere hemen dago, baita Arnau Martinez ere: lagungarria izan zait. Atzerritar asko dagoenez, ingelesez ere asko hitz egiten da aldagelan.

Dena den, badirudi Sergei Hernandez datorren urtean ez duzula taldekide izango.

Oraindik ez dakigu; berak esan beharko dizu hori [kar, kar, kar].

Nolakoa da kluba?

Klub oso handia da. Beste klub batekin alderatu beharko banu, agian Bartzelonarekin alderatuko nuke. Benficak beste hainbat eta hainbat kiroletan taldeak dauzka, mutiletan zein nesketan: futbolean, areto futbolean, eskubaloian, waterpoloan. Eta zale asko ditu atzetik.

Beraz, Anaitasunarekin alderatuta oso ezberdina da?

Bai, bai. Anaitasuna ere klub handia eta ona da, oso ondo egiten baitituzte gauzak, baina hau beste dimentsio bat da. Bereziki, futbol taldearengatik; horrek egiten du aldea. Diru asko mugitzen du futbolak, eta hori nabari da klubeko beste kiroletan.

Asobal ligarekin alderatuta, Portugalgo liga nola aztertuko zenuke?

Bi ligak nahiko antzekoak dira. Sportingek, Benficak eta Portok oso maila handia dute, Asobal ligan Bartzelonak edo Bidasoak duten bezala. Hiru horiek Bartzelonaren mailaren azpitik leudeke, baina agian partidaren bat lehiatzeko aukerekin.

Lehia oso handia duzue hiru talde horien artean. Elkarren arteko neurketetan puntu gehien lortzen duenak bereganatuko du liga?

Bai, hala izan ohi da. Lehen itzulian Portoren aurka galdu eta Portugalgo Sportingen kontra berdindu egin genuen, baina 36 puntu bilduta, Portorekin berdinduta gaude sailkapeneko lehen postuan, eta Sporting bi puntura dago. Maiatzean jokatuko ditugu bi horien kontra bigarren itzuliko neurketak, eta hor erabakiko da liga.

EHF kopan taldeari gehiago kostatzen ari zaio. Zergatik?

Oraindik ez ditugu nahi genituzkeen emaitzak lortu. Multzoko aurreneko lau taldeek egingo dute aurrera, eta gutxienez hori lortu nahi genuke. Saiatuko gara bigarren zati honetan emaitzak lortzen. Tatran Presoven aurka jokatuko dugu hurrengo neurketa.

Eskubaloiak nolako oihartzuna dauka Portugalen?

Espainiarekin alderatuz gero, gutxiago. Benficari dagokionez, jarraitzaile asko dauzka klubak, eta gure neurketetara jende askoetorri ohi da. Edonola ere, Europako partidetara edo aurkari zuzenen aurkako neurketetara ligakoetara baino zale gehiago etortzen da.

Benfican behartuta zaude dena irabaztera. Exijentzia maila horretara ohitu behar izan duzu?

Taldea behartuta dago partida gehienak irabaztera, eta horrek presioa sortzen du, baina normaltasunez hartu behar da. Anaitasuna beste klub bat zen, beste helburu batzuekin, eta, alde horretatik, ezberdina. Baina denborarekin ikasten da edo, hobeto esanda, irakasten dizute zein den klubak duen exijentzia maila hori. Talde barruan ez ezik, zaleengandik ere badator exijentzia hori.

Denboraldiaurrean zuntz haustura bat izan zenuen. Hori dela eta, kosta egin zaizu taldean zure tokia egitea?

Hilabete eman nuen min hartuta. Taldekideen maila oso ona da, lehiakortasun handia dago, eta lesio batetik bueltatzen zarenean oso zaila da jokatzeko denbora lortzea. Pixkanaka hasi nintzen jokatzen, eta uste dut azken hilabeteetan ondo ari naizela. Konfiantza handiagoarekin nago, eta entrenatzaileak ere konfiantza hori ematen dit.

Anaitasunan erreferente bat zinen. Benfican zein da zure rola?

Agerikoa den moduan, ezberdina da. Nik nire lana egiten jarraitu behar dut taldeari lagundu ahal izateko. Bakoitzak bere egitekoa dauka, eta denak dira garrantzitsuak. Chema Rodriguez [entrenatzailea] erdikoa izan zen bere kirol ibilbidean, eta postu horretan jokatzen dugunoi asko eskatzen digu.

Hilabete hauetan garapen bat ikusten duzu zure jokoan?

Bai. Halako heldutasun bat nabari dut nire jokoan. Taldekideengandik asko ikasi dut hilabete hauetan, eta eurengandik hartu eta barneratu dudan hori guztia erabiltzen ahalegintzen ari naiz.

Jauzi bat emateko joan zinen Portugalera.Bi sasoirako kontratua duzu Benficarekin, baina jada etorkizunera begiratzen duzu? Edo goiz da?

Goiz da. Egunerokoan pentsatzen dut, ahalik eta denboraldi onena egitea baino ez dut buruan. Ondoren ikusiko dugu etorkizunak zer dakarren.

Anaitasunaren partida guztiak ikusi omen dituzu. Zein balorazio egiten duzu zure talde ohiaren denboraldiaz?

Gorabehera handiak izan dituzte, baina ondo ari dira. Partida asko gol gutxiko aldeagatik galdu dituzte, eta kanpotik ez dirudi gauzak gaizki egiten ari direnik. Iritsiko dira garaipenak, eta ziur sailkapenean gora egingo dutela. Lesioekin ere zorte txarra izan dute.

Eta Anaitasunako jokalariek ikusi zaituzte Benficako kamisetarekin?

Portugalgo liga eta partidak ikustea zailagoa da. Esan didate pare bat aldiz ikusi nautela, baina batek daki! Hori esan didate behintzat [kar, kar, kar].

Lagun asko utzi dituzu Anaitasunan?

Bai, bereziki Aitor [Garcia]. Harekin egunero hitz egiten dut. Ez dakit noiz ikusiko dugun berriro elkar, baina gertu nabari dut.

Anaitasunaren denboraldia aztertzeko orduan lesioak aipatu dituzu. Ander Torrikok luzarorako hartu du min berriro. Zorte txarra dauka gero, ezta?

Oso zorte txarra. Ez dakit zer pentsatu ere. Oso jokalari ona da, langilea, eta asko zaintzen du bere gorputza. Ez du merezi gertatzen ari zaiona. Harengan konfiantza handia daukat,eta ziur nago lehen baino hobeto itzuliko dela.

Anaitasunak iragarri du diru kontuak direla medio ez ziola Arthur Pereirari kontratu berritzea eskainiko. Zein iritzi duzu horretaz?

Hala irakurri dut, bai. Klubaren erabakia da, eta hori erabaki badute, zerbaitengatik erabaki dute. Arthur jokalari aparta da: ez dut maila hori duten jokalari askorekin jokatu. Espero dut beste nonbait bere lekua aurkitzea.

Badirudi Arthur Pereiraren tokia harrobiko jokalari batek hartuko duela. Albistearen alde ona da hori?

Bai. Pena da Arthurrek ez jarraitzea, baina behintzat etxeko batek betetzen badu bere tokia... Azken urteetan harrobitik igotako gazteak asko eta ondo jokatzen ari dira, eta espero dut klubak hala jarraitzea.

Anaitasuna ez ezik, Beti Onak ere Ohorezko Mailan ari da sasoi honetan.

Zure herriko taldea Lehen Mailan egoteak harro sentiarazten zaitu. Ahal dudan heinean partidak ikusten ditut, eta emaitzei erreparatzen diet: Granollersen aurkakoa, adibidez, Atarrabiako kiroldegian bertatik bertara ikusi nuen. Espero dut hasi ziren bezala jarraitzea, eta ea urte asko egiten dituzten gorengo mailan.

Ez duzu amaitu berri den Munduko Txapelketa jokatu. Parisko 2024ko Olinpiar Jokoetan parte hartzeko aukera nola ikusten duzu?

Dudan guztia emango dut bertan egoteko. Zaila da zerrendan sartzea, jende gutxi joango delako, baina ahalegina egingo dut hautatutako horien artean egoteko.

Benfican egoteak Olinpiar Jokoetara joateko aukera gehiago ematen dizkizula uste duzu?

Anaitasunan egon edo Benfican egon, uste dut aukera antzekoak izango nituzkeela.

Baina Benfican jokalari gisa hobetzeko aukera gehiago dituzula iruditzen zaizu?

Bai, eta horregatik erabaki nuen etortzea, nire maila hobetzeko eta jokalari hobeen kontra jokatzeko.

Sasoia amaitutakoan, zer helburu bete nahi zenituzke?

Taldeko helburuak betetzea, jokalari moduan gehiago haztea eta lana ondo egin izan dudan sentsazioarekin amaitu nahi dut, hau da, nire onena eman izan dudan sentipenarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.