Ampo Ordiziako errugbilari ohia

Asier Alvarez de Eulate: «Asko eman diot kirol honi, baina asko itzuli dit»

Erretiroa hartu ostean atseden hartzeko eta «aspertzeko» tartea ere nahi duela adierazi du Alvarez de Eulatek. Jokatu duen azken partida gogoratuko du gehien.

ASIER ALVAREZ DE EULATE
JAGOBA MANTEROLA / FOKU
inaut matauko rada
2024ko maiatzaren 7a
05:00
Entzun

Apirilaren 14an jokatu zuen Asier Alvarez de Eulate errugbilariak (Ordizia, Gipuzkoa, 1987) bere azken partida Ampo Ordiziarekin. Irabazi egin zuten orduan, eta garaipenarekin eta salbazioarekin pozik eta lasai hartu zuen erretiroa, gertukoenez inguratuta.

Noiztik zenuen buruan erretiroaren kontua?

Erretiroaren kontua, bukatu berri den denboraldian ez, aurrekoan hasi zitzaidan buruan bueltaka. Intentzioa izan nuen, baina, aurten klubaren 50. urteurrena zenez, erakargarria egin zitzaidan erretiroa horrekin batera uztartzea. Gainera, aurreko denboraldi horretan ondo sentitu nintzenez, eta erretiroan pentsatzen ari nintzela inori esan ez nionez, urtebetez atzeratzea erabaki nuen. Aurten banekien azken denboraldia izango zela, eta hasieratik taldekideei eta denei esan nien, badaezpada ere jarraitzeko tentaziorik ez izateko.

Lehenagotik pentsatua zenuen, orduan?

Bai, 36 urterekin horrelako gauzak burura etorri behar zaizkizu. Beti daukazu buruan, batez ere adin batetik aurrera: noizbait zuri ere iritsiko zaizula goi mailako kirola uzteko unea, eta, uzteko eguna iritsiko dela jakinda, aho zapore hobeagoarekin amaitzeko, ba, izan dadila norberak erabaki duelako eta ez lesio batek edo bestelako zerbaitek behartu zaituelako. Alde horretatik, niri lasaitasuna eman dit neuk erabakitzea noiz utzi.

Zerk bultzatu zaitu erabaki hori hartzera?

Prozesu natural gisa hartu nuen. Egia esateko, animoz, indarrez eta gorputzez ondo nago, eta tarteka pasatu izan zait burutik, «eta, beste urte bat zergatik ez?». Baina egia da, era berean, zahartu ahala gauza batzuk gehiago kostatzen direla: eskakizun fisikoa handia da, partidetatik suspertzea jada ez da lehen zen gauza arin hori, taldekide askorekin adin arrakala dezente dago... Galdetu izan diot neure buruari: «Asier, 37 urterekin, euri, haize eta hotz honekin, gaueko bederatzietan zelaian egon behar duzu entrenatzen ergel baten moduan? Gauza hauek agian gazteagoentzat dira, ezta?».

Nola bizi duzu azken denboraldi hau?

Bere alde ilunekin eta argiekin. Denboraldi hasiera oso gogorra izan zen; alde batetik, emaitzak oso kaskarrak izan ziren, eta taldearen animoa ez zen oso alaia. Horri gehitu behar diot ni neu are buru makurrago sentitzen nintzela, sasoiz eta animoz ondo sentitu arren entrenatzaileek ez zutelako nirekin kontatzen, eta lehen sei edo zazpi partidetan ez nuen jokatzerik izan. Hori ezin dut ezkutatu, oso gogorra izan zen. Ondoren, jokatzen hasi nintzen, eta handik partida batzuetara bolada txukun samar bat eskuratu genuen, eta, giroa txukuntzeaz gain, ni ere jokalari sentitzen hasi nintzen berriro. Denboraldi bukaeran sufrikario handia pasatu genuen, baina ondo bukatu dugu urtea. Gainera, garaipen batekin bukatzeak badu bere alde ona, eta uste dut hurrengo urteko prestakuntzarako oso ondo etorriko zaiola taldeari.

«Gure taldea apala da, umila, ez dugu kristoren izarrik izan, eta lana gogoz egitea tokatu zaigu denoi taldea ahalik eta gorena mantentzeko»

Azken garaipen hori nola oroitzen duzu?

Oso berezia izan zen. Partida gogorra izan zen, batez ere eguraldiagatik, bero ikaragarria egiten zuelako; gainera, urduri geunden, erronka handi bat genuelako aurrean, irabaztea oso garrantzitsua zelako. Esan dezaket partida horretan irabaztea zela garrantzia zuen bakarra. Zorionez, gauzak ondo atera ziren, irabaztea lortu baikenuen. Gainera, eskertzekoa gertukoek esfortzu handia egin zutela egun hori festa bat bilakatzeko. Esfortzu horri, gainera, jende askok erantzun zion, eta oso polita izan zen. Beroketaren ostean, zelaira ateratzean, jende pila ikusi nuen elastikoarekin, egin dudan ibilbidea eskertuz eta erretiro on bat opaz. Taldekide ohi asko ere han zeuden, eta egun horretako oroitzapen oso gozo bat gordetzen dut.

Ibilbide gorabeheratsua izan duzu klubean.

Bizitza bera bezalakoa. Ibilbidearen hasieran, izan nituen gehiago eta gutxiago jokatzen nuen denboraldiak. Partida dezente urrunera bidaiatzen, berotu bai baina ez jokatzeko. Gero, iritsi ziren beste garai batzuk non taldean garrantzi handiagoa hartzen joan naizen, batzuek agur esan zutelako eta nire kirol ibilbidean garapen bat izan nuelako. Pixkanaka gehiago jokatuz. Eta emaitzen aldetik ere urte gorabeheratsuak izan dira: denboraldi dezente izan ditugu azken jardunaldian salbatu garenak, beste hiru aldiz bigarren geratu gara sailkapen orokorrean, bi Errege Kopa irabazi ditugu, oraingo honetan justu-justu libratu gara... esandakoa. Gure taldea apala da, umila, ez dugu kristoren izarrik izan, eta lana gogoz egitea tokatu zaigu denoi taldea ahalik eta gorena mantentzeko.

Noiztik izan zara kapitain?

Urte batzuetan izan naiz kapitain, ondoren iritsi zen erreleboa emateko garaia, eta beste batzuek hartu zuten ardura hori. Ez diot sekula garrantzi handirik eman horri: nire intentzioa jokatzea izan da beti, titular gisa bazen hobeto, eta, ezin bazen titular gisa, ba, behintzat, aulkitik aterata, eta bitartean lan egin. Ardura eta ohore handi bat da, taldekideen erreferente edo ordezkari izendatzen zaituztelako, baina benetan gustatu izan zaidana izan da entrenatzea eta ahalik eta gehiena jokatzea.

Nola laguntzen dituzue gazteak lehen taldearen dinamikan sartzeko?

Denbora asko ematen dugu elkarrekin, entrenamenduak direla edo autobuseko bidaiak direla. Gazteekin parez pareko harreman bat sortzen duzu, nik ez dut beste mota bateko harremanik ulertzen. Betiere xelebrekeriekin: gure garaian, lehen taldera igo ginenean, Joanes, Axio eta bestelakoak harritu egiten ziren gure hitz egiteko erarekin eta gure zenbait esamolderekin, eta azken urteetan nik berdin egin dut. Bizitza ikusteko belaunaldi bakoitzak badu bere ikuspegia, eta, gure garaian, gu baino zaharragoekin arrakala bat zegoen, eta orain ere badago. Baina batzen zaituzten gauza asko ere badaude, kirola bera eta taldekidetasuna, adibidez.

Hogei urte daramatzazu. Zer harreman izan duzu errugbiarekin?

Gure etxean beti egon da presente. Nire gurasoak gazte zirenean, haien kuadrillakoek sortu zuten errugbi taldea, eta osaba batek eta lehengusu-lehengusina ia guztiek jokatu izan dute taldean. Ni eskubaloian aritzen nintzen, baina nire adineko inor ez zegoen eskubaloian, eta zaharragoekin jokatzen nuen. Baina horiek nekatu egin ziren, eta talderik gabe geratu nintzen Ordizian, eta erabaki beharra zegoen Beasainera joan edo ez eskubaloiarekin jarraitu. Hamabi edo hamahiru urterekin, Beasain urrun ikusten nuen, eta, errugbia gertu nuenez, bertara joan nintzen, eta orain arte.

«Ez dut haren falta handirik sumatuko, gaueko bederatziak direnean eta jokalariek eguraldi txarrarekin ilunpean entrenatu behar dutenean. Baina beste momentu alaietan, bai, sumatuko dut haren falta».

Aldaketa handia izango duzu orain zure bizitzan.

Ez dut haren falta handirik sumatuko, gaueko bederatziak direnean eta jokalariek eguraldi txarrarekin ilunpean entrenatu behar dutenean. Baina beste momentu alaietan, bai, sumatuko dut haren falta: taldekide askorekin nituen momentu politak, autobuseko bidaietako bueltak... Baina beteko dut denbora. Ikusi dut nire ingurukoak ez direla aspertu ni errugbian jokatzen ari nintzen bitartean, ez direla nazkatu bizitzarekin; beraz, nik ere nola edo hala beteko dut denbora.

Klubari lotuta jarraituko duzu?

Hasieran, esaterako, ikusten dut distantzia bat hartzeko beharra. Hemezortzi urtez ohorezko mailan entrenatzen eta jokatzen ibiltzeak baduelako kostu bat ere. Eta niretzat denbora hartu nahi dut, baita aspertzeko ere. Baina luze gabe edo luzera begira, ziurrenik elkartuko egingo dira gure bideak. Txikitatik izan dut harremana klubarekin, eta asko eman diot kirol honi, baina asko itzuli dit, eta, noizbait zerbaitetan lagundu badezaket, badakit une hori iritsiko dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.