Iritsi da Itzuliko laugarren etapa ere: Beasain eta Markina-Xemein artean jokatuko da, eta hala, aurtengo lasterketa lehen aldiz sartuko da Bizkaian. Txirrindulariek 169,6 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, eta zazpi mendateri egin beharko diete aurre: Asentzio, Muniketa Gane, Bizkaiko Begiratokia, Gontzagaraigana, Lekoitzegane, Milloi eta Izua. «Etapa irabazteko gakoa, dudarik gabe, Izuako azken igoera hori izango da», azpimarratu du Amets Txurruka txirrindulari ohiak (Etxebarria, Bizkaia, 1982). Ondo ezagutzen ditu gaurko etapan igaroko dituzten inguruak, eta uste du «oso ibilbide aproposa» dela lehia parekatu bat ikusteko. Are gehiago lasterketa irabazteko faborito argirik ez egonda.
Txurrukak aurtengo Itzuliko parekotasuna azpimarratu nahi izan du une oro. Izan ere, haren ustetan, «txirrindularien arteko desberdintasunak ibilbideak berdinduko ditu». Itzulia irabazteko hautagaiez galdetuta, etxekoen alde egiten zuen apustu Txurrukak: Pello Bilbaoren eta Ion Izagirreren alde. Baina erorikoek haien jarduna baldintzatu dute.
Markina-Xemein txirrindularitzari estuki loturiko herria da, ezbairik gabe. «Txirrindulari eskolek garrantzi handia dute Markinan eta inguruan; horren aldeko apustua egin ohi dugu. Kategoria guztietako lasterketak antolatzen ditugu, eta aurten zortea izan dugu profesional mailako etapa bat antolatzeko ere», adierazi du Txurrukak. Berretsi du boluntarioek egiten duten lana «ezinbestekoa» dela zaletasun hori sortzeko eta oinarrizko kategoria horiek indartzeko.
Itzuliaren pareko lasterketa bat Markina-Xemeindik igarotzeak «ikusgarritasun handia» ematen dio herriari, Txurrukaren ustetan. «Euskal Herrian dugun kirol ekitaldi handienetako bat da Itzulia, eta Markinatik igarotzeak aberastasun handia ekartzen dio herriari, are gehiago, dagoen zaletasuna kontuan hartuz gero».
«Etapa irabazteko gakoa, dudarik gabe, Izuako azken igoera hori izango da. Ibilbidea aproposa da txirrindularien artean lehia estua egoteko»
AMETS TXURRUKA Txirrindulari ohia
Markina-Xemeinek ere badu zer eskaini Itzuliari. Hauxe, adibidez: «Nik uste bi elementu garrantzitsu emango dizkiola Markinak Itzuliari: batetik, zaleak; eta, bestetik, ibilbide polit bat egiteko aukera. Lea-Artibaiko paisaia kontuan izanda, mendateak eta kostaldea uztartzen dituen etapa bat antolatu dute, eta uste dut oso polita izango dela».
Itzuliko oroitzapenak
Kirolari ohiek betirako oroitu ohi dituzte beraien ibilbide profesionaleko garai kuttunenak. Itzulian lehiatzea «oso berezia» zela aitortu du Txurrukak. «Ilusio handia egiten zidan Itzulian parte hartzeak, izan ere, txiki-txikitatik joaten nintzen lasterketa ikustera. Profesionala izan aurretik ere, nire azken taldea Debabarrena izan zen, beraz, niretzat, etxeko lasterketa izan da beti. Asko gustatzen zitzaidan zaleen gertutasuna sentitzea, eta uste dut ibilbidea ere aproposa zela niretzat, igoera laburretan ongi moldatzen bainintzen».
Dena den, oroitzapen gaziren bat ere badu: «2010eko Itzulian, etapa batean, ihes eginda nindoala, eroriko bat izan nuen. 15 kilometro baino ez ziren falta helmugarako, eta lepauztaia apurtu nuen. Txirrindularitza profesionalean bolada gogor asko bizi ohi duzu».
Markina-Xemeinen txirrindulari eskolak eta harrobiak duten garrantziaren erakusle, martxoaren 29an XXXIV. Sabin Foruria-Haitzasko Oroimenezkoa lasterketa jokatu zen. Lasterketa horretan, 23 urtez azpiko txirrindulariak lehiatzen dira. Aurtengoan, Emilio Reinoso (Victory Endurance-Spiuk) nagusitu zen. Lehia bizia izan zen etapa guztian.
Txurrukak azaldutakoaren arabera, Sabin Foruria-Haitzasko Oroimenezko lasterketak «prestigio handia» du afizionatuetan: «Azken urteetako irabazleei begiratuz gero, ia guztiak txirrindulari profesionalak izan dira gerora». Horien artean daude: Jonathan Castroviejo (2007), Ion Izagirre (2009), Pello Bilbao (2010), Jonathan Lastra (2014) eta Julen Amezketa (2015). Iaz, bigarren sailkatu zen Ander Ganzabal, aurten itzulian estreinakoz ari den Euskaltel Euskadiko txirrindularia. Duela bi urte, berriz, bigarren izan zen Julen Arriolabengoa (Caja Rural), eta hirugarren, Iker Mintegi (Euskaltel Euskadi).
Ibilbideak ere badu zerikusia lasterketak duen garrantzian. Hala uste du, behintzat, Txurrukak: «Ibilbidea gogorra da, eta irabazleak dohainak izaten ditu gora egiteko», gaineratu du. Halako lasterketetan parte hartzen duten txirrindulari gazteei mezu bat helarazi nahi izan die: «Egiten duten horretan sinetsi behar dute. Txirrindularitza ez da kirol erraza. Egun txar asko pasatu behar dira egun on bat izateko. Baina horiek oso bereziak izan ohi dira. Adin horretan lasterketa guztiak dira garrantzitsuak, eta, txirrindularitza pasioz bizi badute, goza dezatela kilometro bakoitza».