Gaurtik igandera jokatuko da piraguismoko Munduko Txapelketa, Szegeden (Hungaria). Dominak egongo dira jokoan, baina baita 2020ko Tokioko Olinpiar eta Paralinpiar Jokoetarako sailkatzeko aukera ere. Eta bertan lau euskal piraguista ariko dira: Iñigo Peña zumaiarra, Begoña Lazkano pasaitarra, Higinio Rivero bilbotarra eta Aitor Gorrotxategi irundarra.
Peñak eta haren ontzikide Paco Cubelosek nahikoa dute K4ko 1.000 metrokoan aurreneko seiren artean gelditzea Tokiorako sailkatzeko. Lazkanok, berriz, lehen hamarren artean bukatu beharko du K4ko 500 metrokoa, eta, horretarako, Sara Ouzande, Natalia Garcia eta Isabel Contrerasen laguntza izango du. Azkenik, Rivero bi mailatan ariko da KL2an eta VL2an, eta batean zein bestean lehen sei onenen artean sailkatu beharko du Paralinpiar Jokoetarako sailkatzeko.
Hala ere, sailkatu arren, Peña, Lazkano eta Rivero ez lirateke seguru Tokion. Izan ere, tokia herrialdeek lortzen dute, eta ez kirolariek. Beraz, sailkatu ondoren, Espainiako Federazioak aukeratuko du Japoniako hiriburuan lehiatuko den kirolaria. Nolanahi ere, piraguista sailkatuen alde egitea litzateke logikoena. Munduko Txapelketa ez da, hala ere, azken aukera. Tokia lortzen ez dutenek beste aukera bat izango dute datorren urtean Duisburgon (Alemania), Munduko Kopan. Han, baina, lan askoz zailagoa lukete, kontinente bakoitzeko lehena bakarrik sailkatuko bailitzateke.
Gorrotxategiren kasua, ordea, bestelakoa da. Ezin da Tokiorako sailkatu, K4 1.000 metrokoa Olinpiar Jokoetako egitarautik kanpo dago eta.
Rivero eta Gorrotxategi izango dira Szegeden lehian hasiko diren lehenak, gaur bertan. Lazkanok, berriz, bihar ekingo dio lehiaketari, eta Peñak, etzi.
Asko daukate jokoan
Iñigo Peña, Begoña Lazkano, Aitor Gorrotxategi eta Higinio Rivero ariko dira gaurtik igandera Szegeden, Munduko Txapelketan. Tokioko Olinpiar eta Paralinpiar Jokoetarako sailkatzeko lehen aukera dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu