Aske, baina hutsik

Hamabi urte profesionaletan ibili ondoren, Eneritz Iturriagaetxebarriak txirrindularitza utzi du

2012ko irailaren 28a
00:00
Entzun
«Bizitzan guztiak du hasiera bat eta bukaera bat, eta nire kasuan aro baten amaiera iritsi dela uste dut». Hitz horiekin esan zion agur Eneritz Iturriagaetxebarriak txirrindularitzari (Abadiño, Bizkaia, 1980), atzo Getxon egindako agerraldian. Hartutako erabakia hartu duelako «askatuta» baina, aldi berean, «triste eta hutsik» sentitzen dela aitortu zuen. Ez baitira alferrikakoak izan profesionaletan igaro dituen hamabi urteak. Bultzada handia eman dio emakumezkoen txirrindularitzari. Eta txirrindularitzak ere asko eman dio Abadiñokoari. Noizean behin kendu ere bai, lesioak tarteko.

Joan den asteburuan jokatutako errepideko Munduko Txapelketan jaitsi zen bizikletatik betiko, eta Espainiako selekzioko kideek omenaldi hunkigarria egin zioten agurrean. Esker oneko hitzak baino ez zituen izan atzo haientzat. Baita bere kirol ibilbide guztian ondoan izan dituen senitarteko eta babesleentzat ere.

Euskal Herriko zein Europako txirrindularirik garrantzitsuenetariko bat izan da Iturriagaetxebarria azken urteetan. Euskal Herriko zein Munduko hainbat probatan emaitza onak lortu ditu. Erregularra izan da oso, eta berak ere horixe bera azpimarratu nahi izan zuen ezeren gainetik, balantze bat egiteko momentuan. «Nire ibilbidea erregularra izan da, gorabehera handirik gabekoa urte hauetan guztietan. Hori da positiboena niretzat». Txarrena, berriz, «zalantzarik gabe lesioak» izan dira. «Eroriko larriek eta lesioek apurka-apurka hondatu egiten zaituzte. Fisikoki osatzeko gaitasuna izan arren, psikologikoki oso gogorra da aurrera egitea», azaldu zuen.

Duela pare bat urte hartu zuen bere ibilbideko kolperik gogorrena. Profesionaletan zeraman bederatzigarren urtea zen, eta eroriko larria izan zuen. «Sei hilabete behar izan nituen osatzeko, tartean hiru ebakuntza egin zizkidaten». Italian ari zen une hartan lehiatzen, eta eroriko gogor haren ondotik hasi zen benetan txirrindularitza uzteaz pentsatzen. «Familiak, ordea, lesio bategatik erretiroa ez hartzeko esan zidan».

Mugarria izan zen, bai, lesio hura bizkaitarrarentzat, gerorako helburuak zeharo aldatu baitzituen. Europako talde handien eskakizunetatik urrun, etxera itzuli, eta Lointek taldean pasatu ditu azken bi urteak. Atzerrian lehiatzeko beste talde batzuen eskaintzak jaso zituen, halere.

Garaipen zerrenda polita

Profesionaletan hasi zenetik garaipen zerrenda polita bildu du bizkaitarrak. Zazpi aldiz izan da Espainiako txapeldun: errepideko proban behin (2003), erlojuaren aurka lau aldiz (2002, 2005, 2006, 2011), eta pistan beste bi aldiz (2007, 2009). Itzuli handietako etapak ere pilatu ditu, hala nola Emakumeen Biran, Herbehereetako Itzulian eta Frantziako Urrezko Sarian. 2003. eta 2004. urte bitarteetan izan zuen bere urrezko aroa. 2003an Tourrean eta Giroan aritu zen, eta bederatzigarren eta hamabigarren postuan amaitu zuen sailkapen nagusian, hurrenez hurren. Bizkaitarrari gelditu zaion oroitzapenik ederrena, ordea, 2004ko Atenasko O linpiar Jokoetakoa da.

Etorkizunean pentsatzeko garaia iritsi zaio orain. 32 urteko abadiñarrak proiektu asko omen ditu buruan, baina negua igaro eta gero erabakiko du zer egin. «Aurretik, hau guztia amaitu dela ulertu behar dut. Oporrak behar ditut». Merezitako oporrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.