Txirrindularitza. Italiako Giroa. Beñat Intxausti. Movistarreko txirrindularia

«Askatasun pixka bat izango dut»

Ostiralean kolpea eman, eta larunbatean hartu egin zuen Beñat Intxaustik Giroan. Maglia arrosa jantzita, eskas ibili zen erlojuaren aurka, baina egurrerako prest dagoela aitortu du.

LUCA BETTINI.
unai zubeldia
Donostia
2013ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
«Ordu eta erdiko entrenamendu lasai bat» egin, bazkaldu, lo kuluxka bat egin, masajea hartu eta afaldu aurretik erantzun dio Beñat Intxaustik (Muxika, Bizkaia, 1986) BERRIAren deiari. Ostiralean maglia arrosa jantzi ondoren, ezinean ibili zen larunbatean, erlojupekoan. 13. postuan ekingo dio Giroko zatirik gogorrenari, «konfiantzaz gainezka».

1996an Abraham Olanok lortu zuenetik, zu izan zara maglia arrosa jantzi duen lehen euskalduna. Zer sentitu zenuen ostiralean?

Pentsatzeko denbora gutxi eduki nuen, nahi gabe iritsi zelako dena. Oso gauza polita da podiumean egotea; oso ongi sentitu nintzen. Eta hurrengo eguna ere polita izan zen, nahiz eta emaitza ez zen onegia izan. Maglia arrosa jantzita egun bakarra igaro nuen arren, asko gozatu nuen.

Erlojupekoan gertatutakoa lasaiago aztertuko zenutela esan zenuen. Aurkitu al duzue arrazoiren bat?

Dena elkartu zela uste dut; urduritasuna, ibilbidea... Esperientzia berria zen niretzat, eta luze egin zitzaidan erlojupekoa. Gogorra zen ibilbidea, eta uste baino denbora gehiago galdu nuen. Baina hor gaude oraindik, nahiko postu onean, eta, geratzen diren etapa gogorrekin, ea ez diogun buelta gehiago ematen erlojupeko horri.

Inoiz eginda al zeunden hain erlojupeko luzerik?

Ez dakit hain luzea izan zen, baina Dauphine batean egin genuen luze bat. Baina oso desberdina da liderraren maillotarekin lehiatzea edo prestaketa gisa egitea. Urduritasuna, bezperako egun gorabeheratsua... Dena pilatu zitzaidan. Ondorioak aterako ditugu, hurrengoan hobeto ibiltzeko.

Baikortasunetik begiratuta, erlojupekoaren biharamunean oso adi eta indartsu ibili zinen.

Fisikoki eta buruz oso ondo iritsi ginen Girora, konfiantza handiarekin, eta aurrean ibiltzeak areagotu egiten du motibazioa. Etapa gogorra eta zaila izan zen, baina gustura ibili nintzen atzo [herenegun]. Erlojupekoaren ondoren arraro samar egoten da beti gorputza, baina badirudi ondo erantzuten ari dela.

Giro hasiera arraroa ari da izaten. Wiggins jaitsieretan sufritzen, Hesjedal gogorregia ere ez zen lekuan denbora galtzen...

Mendate gogorregirik ez dugu igo oraindik, baina egunero izan dugu zerbait. Urduritasuna, tentsioa, euria, jaitsiera arriskutsuak... Ikusi genuen Hesjedalek zenbat sufritu zuen atzo [herenegun], baina normala da hain erlojupeko luzearen ondoren. Wigginsek, berriz, asko sufritu du euriarekin, eta konfiantza galdu du.

Wigginsen ezina ikusita, igoerek adina arrisku eduki dezakete, adibidez, Stelvio edo Giauko jaitsierek?

Nibalik mendateak nola jaisten dituen ikusita, oso jaitsiera arriskutsuak izango dira. Baina Wiggins pixkanaka konfiantza berreskuratuz eta hobetuz joango dela uste dut.

Wiggins-Nibali lehiara mugatu zuten askok Giroa. Tropel barrutik nola ikusi duzu aurkari bakoitza?

Nibali da irabazteko faborito argia. Oso seguru dabil, nahiz eta taldea nik uste nuena baino justuxeago dabilen. Lasterketan beti egoten da oso adi, ondo kokatuta, eta oso erregularra da. Scarponi eta Evans ere oso indartsu daude, eta Wiggins bera ere bai; Samuel Sanchez, Uran, Henao, Santambrogio... Asko daude.

13. postuan zaude zu, Nibalirengandik 3.36 minutura. Mugimenduetarako beste batzuek baino askatasun gehixeago eduki dezakezu agian.

Oraindik asko geratzen zaio Giroari; bi aste luze eta gogor. Mugimenduetarako askatasun pixka bat izango dut, baina kontuz ibili beharra dago, Giroak ez duelako barkatzen; azken astean, bereziki, indarrak justu samar egoten dira beti.

Cordenons eta Altopiano del Montasio arteko etapa gogorra dator, atseden egunaren ondoren. Ezagutzen al dituzu igoera eta jaitsiera horiek?

Bertatik bertara ez ditut ezagutzen, baina ezaugarriei begiratuta, gogorrak dira biak. Eguraldi ona dago iragarrita, berez; baina Wiggins nola dabilen ikusita, Astanak arriskatu egingo du, agian, jaitsieretan. Azken igoeran, berriz, Vini, BMC, Lampre, Astana... horiek hasiko dira lanean. Oso kontuz ibili beharko dugu bihar [gaur], batez besteko altuak daudelako azken igoeran.

Maglia arrosa janztea zer den sentitu duzu. Biak izango dituzu buruan, baina sailkapen nagusia edo etapa garaipen bat lehenetsiko zenuke?

Oso pozgarria izan da maglia arrosa janztea, esperientzia bikaina, baina Giro honetan etapa bat irabaztea gustatuko litzaidake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.