Asier Martinezek Europako Txapelketaren oroitzapen ederra zuen. Duela bi urte aritu zen lehen aldiz, Munichen (Alemania), eta balentria handia egin zuen: urrezko domina irabazi zuen 110 metroko hesidunean. Gaurtik, ordea, txapelketa horren oroitzapen gazi-gozoa du. Bi urteren ostean lehiatu da berriro Europako atletarik onenekin, Erroman. Baina, oraingoan, ez da gai izan 2022koa balentria berritzeko. Hiru koska egin ditu behera, eta podiumetik kanpo geratu da: laugarren izan da.
Hala ere, oso kontuan hartzeko emaitza da. Iaz ia lehiatu ezinik egon eta gero, berriro ari da nor baino nor gehiago espezialistarik onenekin. Hori da garrantzitsuena. Emaitzak indarra emango dio Parisko Olinpiar Jokoei begira, ezusterik izan ezean, bigarren aldiz jarraian ariko baita Olinpiar Jokoetan.
Zizur Nagusiko (Nafarroa) atleta denboraldiko Europako markarik onenetan zortzigarrenarekin iritsi zen Erromara. Horri esker, finalerdietan ekin dio lehiari, kanporaketetan aritu behar izan gabe. Finalaren atarikoan erakutsi du ondo bidean oso aurrean ibil zitekeela. Lehena izan da, nagusitasunez; horrenbeste, ezen lasai egin ditu azken metroak, behar baino indar handiagoa xahutu behar izan gabe. Hala ere, berdindu egin du hark denboraldi honetan egindako markarik onena: 13,29.
Hiru finalerdietako denborak kontuan hartuta, onenetan hirugarren izan da: Lorenzo Simonelli italiarra (13,20) eta Enrique Llopis katalana (13,22) zituen aurretik. Erreferentzia bat besterik ez zen. Lasterketa hesidunetan edozer gerta daiteke: larrutik ordaintzen da hanka sartzerik txikiena. Asier Martinezi aurtengo Glasgowko (Eskozia) Pista Estaliko Munduko Txapelketan gertatu zitzaiona da horren adibide: epaileek kanporatu egin zuten finalerdietan, behar baino lehenago abiatu zela argudiatuta. Finalean, gainera, gehiago arriskatzen dute denek, handia baita irabaz daitekeen saria.
Asier Martinezi gutxigatik ez zaio berriro gertatu Glasgowkoa. Behar baino lehenago abiatu da, baina oso gutxigatik izan da, eta epaileek abisua eman diote. Ez dute kanporatu, baina abisu horrek eragina izan du haren jardunean, ohi baino askoz gutxiago arriskatu baitu irteeran. Hala ere, gai izan da atzetik aurrera egiteko. Simonellik eta Llopisek berehala egin diote ihes, eta hirugarren postuan jarri da. Baina azken hesiarekin estropezu egin du, eta hori baliatu du Jason Joseph suitzarrak hari aurrea hartzeko. Azkenean, laugarren postuarekin konformatu behar izan du, 13,45eko markarekin.
Bihar, Sergio Fernandez
Bihar, beste euskal atleta bat lehiatuko da Erroman: Sergio Fernandez barañaindarra, 400 metroko hesidunean. 13:38an ariko da hirugarren kanporaketan. Sailkatuko balitz, bihar ariko litzateke finalerdietan, 12:40an, eta, zortzi onenen artean geratuko balitz, asteartean korrituko luke finala, 21:05ean. Fernandez sei urteren ostean ariko da berriro Europako Txapelketan. 2021etik 2023ra bitartean min hartuta egon zen, baina indartsu itzuli da gorenera. Duela zortzi urte txapeldunorde izan zen Amsterdamen, baina ez dirudi oraingoan onenen artean egon daitekeenik: hemezortzi atleta ditu aurretik Europako sailkapenean.