ATLETISMOA

Asier Martinez, Europako txapeldun

Zizur Nagusiko atletak urrezko domina irabazi du Munichen, Europako Txapelketan. Hiru ehunenekotan hobetu du bere markarik onena 110 metroko hesidunean: 13,14

Asier Martinez, irabazle. EFE
Julen Etxeberria.
2022ko abuztuaren 17a
22:37
Entzun

Non lehia, han Asier Martinezen erakustaldia. Europako Atletismo Txapelketan izan da azkenekoa, Munichen (Alemania). Zizur Nagusiko (Nafarroa) atletak urrezko domina irabazi du gaur gauean 110 metroko hesidunean. Faboritoetako bat zen, hark baitzuen denboraldiko markarik onena Munichen ariko zirenen artean, Sasha Zhoya frantziarrarekin batera: 13,17. Baina oso diziplina zaila dira hesiak, eta are eta gehiago 110 metrokoaren gisako proba laburra. Goizegi irten, beranduegi, hesi bat ukitu, hura bota... Makina bat arrisku daude, eta huts txikiena oso garesti ordaintzen da, ia ez baitago suspertzeko astirik.

Baina Martinez sekulako lehiakidea da. Nekez egiten du huts. Azkenaldian, batere ez. Horri esker dabil mugarriz mugarri: iaz, laugarren izan zen 60 metroko hesidunean pista estaliko Munduko Txapelketan; ondoren, 23 urtez azpiko Europako txapeldun izan zen 110 metrokoan, eta seigarren Olinpiar Jokoetan; eta aurten, brontzea irabazi du Munduko Txapelketan, eta urrezkoa Europakoan. Eta 22 urte besterik ez ditu. Ikusgarria da daraman garapena. Ez zaio mugarik aurreikusten.

Finalerdietan eman du aurreneko abisua: bete-betean aritu gabe, nagusitasunez irabazi du lehena (13,25). Zortzi finalisten artean marka onena egin du ere bai. Eta finalean, berriz ere izan da azkarrena. Hura baino bizkorrago irten dira zenbait aurkari, baina, ohi bezala, atzetik aurrera egin du, bizi-bizi, hesiak garbi gaindituz. Lehena helmugaratu da, eta 13,14ko marka egin du, bere marka onena baino hiru ehuneko hobea. Bigarren izan da Pascal Martinot-Lagarde frantziarra, Europako azken txapelduna, denbora berarekin. Segundo batzuetan zalantza egon da nork irabazi zuen, baina milaren batengatik nagusitu da Martinez. Hirugarren beste frantziar bat izan da: Just Kwaou-Mathey (13,33).

Bihar, berriz, Arantza Moreno lehiatuko da. Xabalina jaurtitzaile ermuarra sailkapenean ariko da 09:00etatik aurrera. Bi aukera ditu finalera pasatzeko: 61 metro jaurtitzea edo aurreneko hamabien artean sailkatzea. Bigarrena dirudi aukerarik onena, sailkatzeko marka baino metro bat eta 31 zentimetro gutxiagokoa baita haren markarik onena: 59,69 metro. Sailkatuz gero, etzi ariko litzateke finalean, 20:25ean hasita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.