Asier Martinez hesi jauzilariak ezingo du errepikatu Tokioko Olinpiar Jokoetan egindako balentria. Ordu hartan, diploma olinpikoa eskuratu zuen 110 metroko hesidunean, eta lasterketaz lasterketa bere marka pertsonalak hobetuz joan zen. Parisen, finalerdietan amaitu da haren bidea, ezin izan baita sailkatu zortzi onenen artean. 13.35eko denbora egin du, eta hamahirugarren izan da. «Orokorrean gorputzaldi txarrarekin amaitu ditut Joko hauek; ez naiz gai izan ondo lehiatzeko», adierazi du lasterketa amaitu eta gero.
Martinezek bigarren aukeran lortu zuen atzo finalerdietara pasatzea; igandean, sailkatzeko lasterketan, hogeigarren denborarik onena egin zuen, eta hemezortzik egin zuten aurrera. Bi kasuetan, antzeko denbora egin zuen: sailkapenean 13.47koa, eta bigarren aukeran, berriz, 13.46koa. Lehen egunean oso kritiko izan zen egin zuen lanarekin: «Une oro kontziente izan naiz nire jardunaz, eta hori ez da ona abiadura probetan. Ez naiz lehiakorra izan, ez markari begira, ezta sentipenei eta teknikari begira ere». Atzokoan sentipen apur bat hobeak izan zituen, eta garbi zuen zein zen gaurko helburua. «Ondo sentitzen naiz; uste dut borroka naitekeela, eta gozatu eta lehiatu egin nahi dut». Bada, ez bata, eta ez bestea.
«Saiatu naiz lasterketari beharrezkoa den oldarkortasuna eta erritmoa ematen, baina ez da posible izan»
ASIER MARTINEZHesi jauzilaria
Azken finalerdian lehiatzea egokitu zaio Martinezi, hirugarrenean. Finalerdi bakoitzeko lehen bi sailkatuak eta beste bi denbora onenak pasatuko ziren final handira. 13.29 zen orain arte Martinezen urteko markarik onena, eta, horri erreparatuta, ez zuen lantegi erraza lehen bi postuetan amaitzeko. Izan ere, lau korrikalari zeuden urteko marka hobearekin: Daniel Roberts estatubatuarra (12.96), Shunsuke Izumiya japoniarra (13.10), Zhuoyi Xu txinatarra (13.22) eta Eduardo Rodrigues brasildarra (13.25). Bigarren kaletik lehiatzea egokitu zaio. Aurretik, finala lortzeko bidean: 110 metro, hamar hesi eta beste zazpi lasterkari.
Lasterka hasi aurretik, luzamendu batzuk egin, hiruzpalau hesi saltatu, aurkezpenean irribarre urduri txiki bat egin, eta dena prest. Estadioa isildu, atletak irteera postuan jarri, eta tiro hotsa entzutean hasi da lehia. Nafarra nahiko ondo irten da, baina ezin izan dio segida eman horri. Hamar hesietatik bederatzi bota egin ditu. Orlando Bennett jamaikarra eta Daniel Roberts estatubatuarra nabarmen nagusitu dira. 13.09ko eta 13.10eko denbora egin dute, hurrenez hurren. Martinezek Parisen egin dituen hiru lasterketetatik onena egin du, baina bere urteko markatik urrun, eta are gehiago bere markarik onenetik: 13.14. Sailkatzeko langa 13.26an egon da gaur.
Ondorioak, aurrerago
Teknikoki halako txapelketetan ondo ibili ohi dela berretsi du. «Fisikoki ondo nagoenean, gainera, marka dotoreak lortu ohi ditut. Baina azken hilabete hauetan ez da posible izan. Asko kostatu zait egoera horri buelta ematea, eta oraingoan ere ez dut lortu. Batez ere teknikoki sentipenak txarrak izan dira». Gaur ere ez dela «behar bezala» lehiatu esan du. «Saiatu naiz egoera bestela kudeatzen, eta lasterketari beharrezkoak diren erritmoa eta oldarkortasuna jartzen, baina ez dut lortu. Ikusi da non zegoen langa, eta urruti geratu naiz. Entrenamenduetan sentipen onak nituen, baina lasterketetan, ez». Orain egun batzuk «lasai» hartu nahi ditu. «Iritsiko da ondorioak ateratzeko momentua».