Aseezinak dira

Bartzelonak eta Lyonek Txapeldunen Ligako finala jokatuko dute gaur, San Mamesen. Frantziarrek bederatzigarren aldiz lortu nahi dute titulua, eta kataluniarrek, hirugarrenez. Bi euskal jokalari izango dira finalean: Irene Paredes eta Damaris Egurrola.

Cascarino eta Caldentey, lehian, 2022ko finalean. KIKO HUESCA / EFE
Cascarino eta Caldentey, lehian, 2022ko finalean. KIKO HUESCA / EFE
ainara arratibel gascon
2024ko maiatzaren 25a
05:05
Entzun

Azken hamarkadan Europako emakumezkoen futbolean beren legea ezartzeko gai izan diren bi talde egon badira, Lyon eta Bartzelona dira horiek. Haien garaipen zerrenda handituz joan da denboraldiz denboraldi. Izan ere, jokalariek, kalitateaz eta talentuaz gain, irabazteko eta lehiatzeko grina ere erakutsi dute. Aseezinak izan dira arlo horretan. Bada, gaur, bietako bat loria dastatu gabe geratuko da, elkarren aurka neurtuko baitituzte indarrak Txapeldunen Ligako finalean. Agertoki ezin hobean arituko dira, gainera, San Mamesen. Katedrala bete egingo da. Gainera, ezusterik ezean, Euskal Herriko bi jokalari izango dira zelaian: Irene Paredes Bartzelonarekin, eta Damaris Egurrola Lyonekin. Bietako batek bigarrenez irabaziko du garaikurra.

Lyonentzat hamaikagarren finala izango da gaurkoa. Zortzi aldiz irabazi du titulua, beste inork baino gehiagotan. Horietatik bost jarraian lortu zituen. Hain zuen ere, Bartzelonak eten zuen haren nagusitasuna. 2020-2021eko denboraldian izan zen. Frantziako taldea final-laurdenetan geratu zen txapelketatik kanpo. PSGk kanporatu zuen. Finalean, kataluniarrek 0-4 irabazi zioten Chelseari, eta estreinakoz irabazi zuten Txapeldunen Liga. 

Azken sei denboraldietan jokatutako bosgarren finala izango dute hau. Irabaziz gero, hirugarrenez jasoko dute Europako kluben arteko titulu nagusia. Jonathan Giraldezen taldeak Europako talderik onena dela berretsi nahi du, eta Lyonen titulu kopurura gerturatu, nahiz eta oraindik urruti egon. Baina Frantziako taldea da Bartzelonaren piztia beltza. Laugarren aldiz jokatuko dute elkarren aurka, eta kataluniarrek galdu egiten dute beti. Bereziki mingarriak izan ziren 2019ko eta 2022ko finaletako porrotak. 2019koa lehen finala zen Bartzelonarentzat. Egungo talde handiaren zutarriak jartzen ari zen Herrialde Katalanetako taldea, eta Lyonek 4-1 irabazi zion. 2022ko finalean Bartzelona faborito argitzat jotzen zuten, baina 3-1 galdu zuen. Lehen ordu erdian Lyonek hiru gol sartu zituen.

Denboraldi honetan, Txapeldunen Ligan hamar partida jokatu ditu Bartzelonak. Zortzi irabazi ditu, bat berdindu, eta beste bat galdu. Golei dagokienez 34 sartu ditu, eta zortzi jaso. Gailenduz gero, denboraldi honetan jokoan izan dituen titulu guztiak irabaziko ditu: bost. Partida berezia izango da, Jonathan Giraldez entrenatzaileak taldea utziko baitu sasoia amaitzean. Lyonek, berriz, ez du partidarik galdu txapelketan. Zortzi garaipen eta bi berdinketa pilatu ditu. 36 aldiz urratu du aurkariaren atea, eta hamar gol sartu dizkiote. Aurreko asteburuan liga eskuratu zuen hirugarren denboraldiz jarraian, eta Sonia Bompastor entrenatzaileak historia egiten jarraitu du hala. Hura da jokalari eta teknikari moduan Txapeldunen Liga irabazi duen emakume bakarra

Partida berezia

Damaris Egurrolarentzat eta Irene Paredesentzat partida berezia izango da gaurkoa. «Amestutako finala da. Bilbon jokatuko zela jakin nuenetik, hori baino ez nuen buruan. Final parekatua eta lehiatua espero dut. Bartzelona oso ondo ari da azken urteetan, baina gu ere talde handia gara. Askotan ez da kontuan hartzen Lyonek zer-nolako historia duen», adierazi du Egurrolak. Paredesentzat  «final handia» izango da. «Ez dago jokaleku hoberik halako final baterako. Uste dut presioa haiek dutela. Zortzi aldiz irabazi dute titulua, eta guk, bi aldiz. Baina zaleen bultzadarekin irabaztea espero dugu».

Bartzelona-Lyon

Bartzelona. Coll; Bronze, Paredes, Engen, Batlle; Bonmati, Walsh, Patri Guijarro; Graham, Paralluelo eta Mariona Caldentey.

Lyon. Endler; Carpenter, Renard, Gilles, Bacha; Van de Donk, Egurrola, Horan; Cascarino, Dumornay eta Diani.

Epailea. Rebecca Welch (Erresuma Batua).

Lekua. San Mames.

Ordua. 18:00 (LA1 eta TF1).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.