ASBko zuzendaritzak Elite mailako taldea erretiratzea erabaki du

Jokalariek planto egin zuten duela bi aste, Tolosaren aurkako Frantziako Kopako partidan. Salatu dute baliabideak eta jokalariak falta zaizkiela

Baionako jokalariak denboraldi honetako partida batean. STEPH V. PHOTOS.
Edu Lartzanguren.
2021eko azaroaren 18a
00:00
Entzun
AS Baionako nesken errugbi taldeko jokalariek planto egin zuten azaroaren 7an, eta ez ziren zelairatu, Okzitaniako Tolosaren aurkako partidan. Baldintza txarrengatik, jokalari faltarengatik, eta entrenatzeko bitarteko eskasengatik protesta egin nahi izan zuten horren bidez. Eskaerei erantzun beharrean, klubeko zuzendaritzak erabaki du Frantziako Eliteko txapelketatik erretiratzea taldea.

ASBren zuzendaritza batzordeko hemeretzi kidek bozkatu zuten atzo taldearen sasoia amaitzearen alde. Hemezortzik bozkatu zuten kontra, eta batek zuri.Gilles Peynoche klubeko presidentea France Bleuirratianmintzatu zen hartutako erabakiaren inguruan: «Ez da zigorra, nahiz eta klubeko kideek gaizki hartu». Atzo bertan bidali zioten gutuna Frantziako Errugbi Federazioari, lehia uzteko erabakiaren berri emateko.

Peynochek adierazi zuen klubeko kideek eta boluntarioek gaizki hartu zutela jokalarien greba. Gaineratu duenez, segurtasun arrazoiengatik erabaki dute sasoia ez amaitzea. «50 jokalarietatik hamar bat lesionaturik daudenean 38-40 bat aurkeztuta jokatu beharra ezinezkoa da».

Jokalariek esan zuten gogorra izan zitzaiela planto egiteko erabakia hartzea, baina ezinbestekoa zutela euren ahotsa entzunaraztea. Azken boladan hainbat jokalari garrantzitsuk utzi dute taldea, beste klub batzuetan baldintza hobeak eskaintzen dizkietelako. Horien artean dago Maika Brust baxenabartarra: Eibarren jokatzen du orain. Aurrez Pauline Bourdonek ere utzi zuten taldea, azken urteetan taldeko izarra izandakoak, Okzitaniako Tolosaren eskaintza onartu baitzuen.

Hala, lehen lerro osoa falta zutela esan zioten zuzendaritzari, eta zehaztu zuten bigarren mailako taldeko jokalariak zelaira ateratzea haiek fisikoki arriskuan jartzea litzatekeela. Jokalariek esan zuten zuzendaritzak ez zituela serio hartzen, eta horregatik erabaki zutela keinu ikusgarri bat egitea eta partida ez jokatzea.

Salatu zutenez, entrenatzeko ere larri dabiltza, jokalariak falta dituztelako, eta salatu dute prestaturik ez dauden jokalariekin aritzera behartu dituztela. Taldea zahartzen ari dela esan zuten, eta inbertsio gehiago egiteko eskatu zioten klubari. ASB taldeko jokalariak ez dira profesionalak: ez dute dirurik jasotzen errugbian jokatzeagatik.

Peynochek onartu du klubak ez duela baliabiderik besteak beste Okzitaniako Tolosaren etaMontpellierren kontra lehiatzeko Elite mailan, baina erabaki zutela sasoia hastea, aurrera egingo zutelakoan. Haatik, egoerak eragina izan du taldearen emaitzetan, eta ligako azkenak dira.

Presidenteak hausnartzeko eskatu die bai federazioari, baita Baionako Udalari ere. «Elitean egoteko, piramide bat behar da. Piramidea formakuntza da, hezkuntza da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.