'Osasuna auzia'

Artxankok onartu du Betisi ordaindu zitzaiola "Valladolidi irabazteagatik"

Angel Bizkai izan da lehena deklaratzen, 'Osasuna auziko' epaiketaren bigarren egunean. Aitortu du Osasunak zenbait partida erosi zituela Artxankoren agintaldian.Joxerra Senar epaiketaren berri ematen ari da zuzenean.

Angel Bizkai atzo, auzitegira iristen. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
joxerra senar
2020ko urtarrilaren 21a
16:27
Entzun

Gaur hasi dira deklaratzen Osasuna auziko auzipetuak. Angel Bizkai izan da lehena, eta haren deklarazioak datu berri bat eman du argitara; horren arabera, Miguel Artxanko presidente zela, 2012-2013ko denboraldian, zuzendaritzak baimena eman zuen hiru partidatan dirua ordaintzeko: Valladolidi, Deportivori irabazteagatik; Espanyoli, Celtari irabazteagatik; eta Getaferi, Osasunaren aurka galtzeagatik. Azken partida horrena datu berria da. Dena den, deklarazioan onartu du Getafeko arduradun batekin jarri zela harremanetan eta hark baieztatu zion ez zuela dirua jaso izanaren berririk.

Bizkaik hasi zuen Osasuna auzia, 2015eko otsailean, jada Osasunatik kanpo zegoela, Espainiako Futbol Liga Profesionalaren aurrean partidak erosi izana aitortu zuenean. Gaur zehaztu duenez, LFPk «hainbat froga» zituen, eta CSD Espainiako kirol arloko kontseilua kontuak ikuskatzen ari zen. Horregatik, «borondatez eta askatasunez», inongo bortxa edo presiorik gabe egin zuen aitorpena. Atzo, defentsek iradoki zuten nolabaiteko mehatxua egin ziola LFPk, baina, fiskalaren galderei erantzunez, ukatu egin du.

Instrukzio fasean egindako deklarazioak berretsi ditu neurri handi batean. Artxankoren agintaldian (2012-2013ko eta 2013-2014ko denboraldietan), 2,5 milioi euro atera ziren Osasunaren kontu eta kapital sozialetik, eta auziak argitu beharko du zertarako erabili zen dirua. Fiskalak bidegabeko jabetzea leporatzen die auzipetuei, eta Bizkairen arabera, diru horren zati nagusia bi denboraldietan partidak erosteko eta jokalariei ordainsari bereziak (pizgarriak) ordaintzeko erabili zen. Hori guztiak argitu beharko da, hainbat auzipeturi bidegabeko jabetzea leporatzen baitzaie. Miguel Artxankok, adibidez, "euro bat bera" eramana izana ukatu du.

Diru irteerak justifikatzeko, bi kontratu gezurrezko izenpetu ziren: bata, 2012/13 denboraldietan Cristina Valencia eta Albert Nolla Tarragonako higiezin arloko agenteekin (auzipetuta daude). Bizkaik ez zituen ezagutzen bi agenteok. Agiria Txuma Peraltak bidali zion, prestatua. Ez du gogoan zenbat pagatu zitzaien (Fiskalaren arabera, 30.000 euro).

Bestalde, hurrengo denboraldian, 1,5 milioiren faktura faltsuak justifikatu ahal izateko, Flefield Portugalgo enpresarekin gezurrezko kontratu bat egin zen. Fiskalak kontratu hori egin izana leporatzen dio Bizkairi, baina hark ukatu egin du. Kontratu faltsu hori kudeaketa batzordea zegoenean egin zen, eta, Bizkairen arabera, hark ez zuen jakin gezurrezkoa zela, Tomas Lopez kontabilitate arloko teknikariak egin zuen eta  Angel Ardanaz kudeaketa batzordeko gerenteak prestatu zuela.

Partiden erosketen kasuan, 2013-2014ko denboraldian Betisen azken bi jardunaldietako bi partidak —bata, Valladolidi irabazteagatik; bestea, Osasunaren aurka galtzeagatik— eta Espanyolen eta Osasunaren arteko azken-aurreko jardunaldikoa erosi ziren. Bi erosketok negoziatzeko, bi bilera egin ziren, bata Madrilen eta bestea Bartzelonan. Anekdota gisa, Bizkaik kontatu du Madrilgo bileraren ostean, Bartzelonarako bidaiarako treneko sarrerak hartu zirela, baina, akats baten ondorioz biharamunerako zirenez, horretaz arduratu zen langilea Madrilera joan behar izan zitzaien bila, autoan eramateko eta garaiz iristeko. Bigarren bilera hartan, Espanyoleko kontaktu batek esan zien jokalariek berdinketa hitzartu baino ezin zutela egin, hura baitzen bermea lehen mailari eusteko eta «denboraldi txarra izan zenez, jendea haserre zegoelako».

Ordainketa egin ostean, Betisi ordaintzeko dirurik ez zegoen, Bizkairen arabera, kontuetan. Betiseko jokalariek milioi bat euro eskatu zuten, baina Osasuna 650.000 euro ordaintzekotan geratu zen eta gero gerokoak, emaitzen arabera. 400.000 euroko ordainketa egiteko, Angel Bizkaik, Diego Makirriain Osasuna Fundazioko presidenteak eta Lacturale babesleak dirua aurreratu zuten. Lacturaleren kasuan, Bizkaik esan du «behar handia» zegoela azaldu zitzaiola Juanma Garro enpresaburuari, baina hark ez zuela jakin zertarako erabili zen diru hura. 

Ordainketa egiteko, Bizkai eta Txuma Peralta Sevillaraino joan ziren, baina, dirua oraindik ez zegoenez prest, Diego Makirriainek eraman zituen 400.000 maleta batean, «zorro txiki baten barruan». Sevillako hotelean, furgoneta batean, bertako langile bat joan zitzaien, eta aparkaleku pribatu batean egin zen ordainketa. Betiseko Jordi Figueras eta Xavier Torres jokalariak ezagutu zituen, eta «hirugarren bat» ere bai, baina ezagutu gabe. Bigarren ordainketa Madrilen egin zen, Osasunak Betisi 2-1 irabazi ostean —hala ere, Nafarroako taldea Bigarren Mailara jaitsi zen—. Angel Bizkaik Madrilgo hotel batean egin zuen ordainketa. Haren arabera, Antonio Amaya etorri zitzaion autoan, bila, eta ibilgailuan bertan egin zen ordainketa. 

Artxankoren defentsa

Bizkairen deklarazioa amaituta, Miguel Artxanko bi denboraldi haietako presidenteak deklaratu du. Bere izenean eta sinadurarekin egindako operazioen azalpenak eman ditu, baina beste hainbat konturen berri ez zuela esan du. Adibidez, Flefielden kontratuan bere sinadura «gezurrezkoa» dela aipatu du. Halaber, fiskalak galdetu dio ea berak jakin gabe erabakiak hartzen ziren, eta hark erantzun dio «baietz, hainbat alditan, gainera». Bere erantzukizuna saihesteko asmoz, justifikatu du bere agintaldia ez zela izan «presidentzialista», eta erabakiak zuzendaritzan hartzen zirela. Bizkaik esandakoaren aurka, hark hartutako erabakiak mugatu nahi izan ditu eta auzi honetako kontu ilunen inguruan izan dezakeen erantzukizuna saihestu du.

Artxankok ukatu egin du Osasunak partidak erosi izana. Soilik Betisen eta Valladoliden aurkako partidagatik ordaindu zela zehaztu du. Haren hitzetan, ez zitzaion kalte egin Valladolidi, bere eskuetan zegoelako partida irabaztea. Artxankoren ustez, 36. jardunaldian Osasunak Celtaren aurka galdu ostean, Bigarren Mailara jaisteko arriskua zegoelako erabaki zuen zuzendaritzak Betisi ordainketa hori egitea. Osasunari «arnasa emateko» egin zuten, nahiz eta ordainketa harekin ez ziurtatu erabat lehen mailari eustea. Fiskalak galdetu dio zergatik egin zuten ordainketa hori baldin eta horrela ez bazen ziurtatzen lehen mailan gelditzea. Hark erantzun dio «arriskua» hartu zutela.

Bilera hartan, Bizkairi galdetu zitzaion zenbat kostatzen ziren halakoak, eta hark erantzun zion 300.000 eta 400.000 euro artean: "Ezta euro bat gehiago ere. Hori izan zen eman nion erantzuna, eta hainbat lekuko daude hori berretsi dezaketenak.  Bizkairen kontakizunaren arabera, 400.000 euro horiek ordaintzeko dirua aurreratu zuten Bizkaik, Makirriainek eta Lacturalek. Artxankok esan du ez zuela horren berririk, ez zekiela kontu ekonomikoetan ez zegoela dirurik.

Atzo hasi zen Osasuna auziko epaiketa. Lehen eguneko kontu formalen ostean, Angel Bizkai 24 urtez gerente izandakoa hasi da deklaratzen bigarren egunean. Akusatuen aulkian, Artxankoz eta Bizkaiz gain, Osasunako zuzendaritza taldeko beste lau kide ohi —Txuma Peralta, Juan Pascual, Sancho Bandres eta Diego Makirriain—, Betis Espainiako futbol taldeko hiru jokalari ohi —Xavi Torres, Antonio Amaya eta Jordi Figueras—, eta higiezinen enpresa bateko bi agente daude —Albert Nolla eta Cristina Valencia—. Bi partida erosi izana leporatzen diete, eta, Osasunako agintari ohien kasuan, baita kontuak faltsutzea eta dirua bidegabe erabili izana ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.