Artxanko inputatu dute, enbargoa saihesteko dohaintzengatik

Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Osasuna auziagatik zigortutako Miguel Artxanko eta haren emazte etabi semeak inputatu ditu Iruñeko Instrukzio Epaitegiko 2. salako epaileak. Bere ondarea babesteko ondasunak semeen eta emaztearen izenean nahita jarri izana egozten diote Artxankori, Osasuna auziagatik zigortu zezaketela eta. Auzitegiak 2014an ireki zuen kasua, eta 2015ean artxibatu zuen, Artxankok irekiak zituen auzibideetan sententzia eman arte. Iragan urteko apirilaren 23an zigortu zuen Nafarroako Auzitegiak Artxanko. Sei urte eta zortzi hilabeteko zigorra jarri zioten, bidegabeko jabetzeagatik, kontuak faltsutzeagatik eta kirol ustelkeriagatik. Horren ondotik etorri da berriz ere kausa hori irekitzeko prozedura.

Epaileak adierazi duenez, Artxanko jakitun zegoen Osasunako zuzendaritza karguan egiten ari zen delituez. Delitu horietatik etor zitezkeen diru erantzukizunei ihes egiteko asmoz, 2014ko irailean eskritura publiko bat egin zuen, emaztearekin batera osatzen zuen ezkontza sozietatea hausten zuena. Ordura arte bienak ziren ondasunen parte handi bat emaztearen esku geratu zen.

Artxankoren esku geratu ziren Iruñean zuten etxebizitza bat eta garaje bat. Emaztearen esku, berriz, familia bizi zen etxebizitza, eta Iruñean eta Donostian zituzten bi garaje. Denera, 254.000 euroan baloratu zuten Artxankoren esku geratutakoa, eta 454.000 euroan, berriz, emaztearen esku geratua. Eskritura berean adostu zen 200.000 euroko soberakina Osasunako presidente ohiak emazteari egiten zion «dohaintza» gisa hartzen zela, eta hark «eskertuta» onartzen zuela. Egun berean, Artxankok jabetzan zuen etxebizitza dohaintzan eman zion semeetako bati, eta bertze higiezin baten jabetza soilaren erdia bertze semeari.

Osasuna auziagatik epailea hiru milioi euroren erantzukizun zibilak ziurtatzeko ondasunak aurkitzen hasi zenean, 129.177,48 euroren ondasunak baino ezin izan zituzten aurkitu haren izenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.