Oraindik ez da amaitu udako pilota sasoia. Asteburuan jokatuko dituzte Mastersaren finalerdiak eta finala, Iruñean, Nafarroa Arena frontoian. Baina lehiak ez du etenik, eta jada prest dago denboraldiko hiru txapelketa nagusietan lehena: lau eta erdikoa. Gaur aurkeztu dute, Bilbon, Bizkaia frontoian. Urriaren 11n hasiko da, eta iaz bezala, Agoitzen (Nafarroa) jokatuko dute aurreneko partida. Hilabete eta erdi geroago, azaroaren 24an, jokatuko dute azkenekoa, finala, Bilbon.
Esku Pilotako Enpresen Ligak (EPEL) azkeneko hiru ekitaldietako egiturari eta lehiaketa sistemari eutsi die. Hamabi pilotarik jokatuko dute berriro, enpresa bakoitzetik seik. Baikok sei pilotari hauek aukeratu ditu: Jon Ander Peña, Erik Jaka, Iñaki Artola, Unai Laso, Mikel Urrutikoetxea, eta Iraitz Zubizarretaren eta Iker Larrazabalen arteko atariko kanporaketaren irabazlea. Larunbatean jokatuko dute partida hori, Zallan (Bizkaia), 17:15ean (ETB1).
Hala ere, ikusteko dago Artolak lau eta erdikoa jokatuko duen. Alegiarrak min hartu zuen eskuin izterrean, joan den ostiralean, Logroñon (Espainia), sanmateoetako binakakoaren neurketan. Mediku probak egingo dizkiote aste honetan, eta datorren aste hasieran erabakiko dute jokatuko duen edo ez. Hamabi egun barru jokatu behar du final-zortzirenetan, Joseba Ezkurdiaren aurka.
«Azkenaldian oso ondo nenbilen, eta beldurrak uxatu nituen. Zoritxarrez, mamuak itzuli dira. Aurrera egin beste aukerarik ez dut»
IÑAKI ARTOLABaikoko pilotaria
«Pena eta ezinegona» du Artolak. «Ilusioz eta gogoz etorri beharra nuen aurkezpenera, eta adi-adi jarraitu zozketa. Baina jokatuko dudan edo ez daukat bakarrik buruan. Mediku proben mende nago; horiek diotenaren arabera jokatuko dut edo ez. Ez bada ezer larria, saiatuko naiz dauzkadan egunak bete-betean aprobetxatzen».
Alegiarra oso ondo aritu da azken urte eta erdian, eta bazirudien atzean utzi zuela haren kirol ibilbidean lesioek eragindako ezina, baina hirugarren lesioa du denbora gutxian. «Lesioak galga handi samarra izan dira nire ibilbidean, baina azkenaldian oso ondo nenbilen, eta beldurrak uxatu nituen. Zoritxarrez, mamuak itzuli dira. Kaskagorra izan, eta aurrera egin beste aukerarik ez dut».
Artola osatuko ez balitz, Zubizarreta III.a eta Larrazabal, biak ariko lirateke txapelketan. Aldiz, Lasok jokatu egingo du. Iaz min hartuta zegoen lau eta erdikoa jokatu zenean, eta ezin izan zen lehiatu. Aurten, ordea, prest dago.
Aspetik, berriz, zortzi pilotari hauek ariko dira: Jokin Altuna, Peio Etxeberria, Ezkurdia, Aitor Elordi, Javier Zabala, eta Dario Gomezen eta Iker Salaberriaren arteko atariko kanporaketaren irabazlea. Larunbatean jokatuko dute, Ezkarain (Espainia), 18:00etan. Dariok mina du eskuin eskuan, eta azken ordura arte ez du argituko jokatuko duen edo ez.
Zabala da aldaketa bakarra iaz aritu ziren pilotariekin alderatuta. Danel Elezkanoren tokia hartu du. Aurrelari errioxarrak lehen aldiz jokatuko du maila nagusiko lau eta erdikoa. Bigarren txapelketa handia du jarraian onenekin. Azkeneko buruz burukoan aritu zen aurrenekoz, eta bikain aritu zen, finalerdietara iritsi baitzen.
«Eskuz larri ibili naiz, baina, orain, ondo nago. Gogotsu nago lau eta erdikoari ekiteko. Aurkari oso indartsua da Elordi»
JAVIER ZABALAAspeko pilotaria
Zabalaren ilusioa
«Pozik eta ilusioz» dago berriro onenekin ariko delako. Hala ere, aitortu du «gaur-gaurkoz» Mastersaren azken txanpan duela burua. «Saiatu naiz nola edo hala lau eta erdiko entrenamenduren bat egiten, baina, orain, asteburuari begira ari naiz. Gero hasiko naiz bete-betean lau eta erdikoa prestatzen, gimnasioan eta frontoian. Eskuz larri ibili naiz, baina, orain, ondo nago. Gogotsu nago lau eta erdikoari ekiteko. Elordiren aurka ariko naiz, eta hura ni baino hobea da lau eta erdian. Oso aurkari gogorra da, eta asko prestatu beharko dut neure burua».
Urriaren 11n, ostiralez, jokatuko dute final-zortzirenetako aurreneko partida, Agoitzen (22:15, ETB1): Baikoko atarikoaren irabazlea eta Urrutikoetxea ariko dira. Larunbatean, Aspeko atarikoaren garailea eta Laso ariko dira, Bilbon (17:15, ETB1). Igandean, Ezkurdiak eta Artolak neurtuko dituzte indarrak, Lekunberrin (Nafarroa), 17:00etan (ETB1). Azkenik, astelehenean, Elordik eta Zabalak jokatuko dute elkarren aurka, Tolosan (Gipuzkoa), 16:30ean.
Final-zortzirenetako irabazleak final-laurdenetako ligaxkarako sailkatuko dira. Han izango dituzte zain lau zerrendaburuak, iazko lau eta erdikoaren lehen lau sailkatuak: Altuna III.a, Peio Etxeberria, Peña II.a eta Jaka. Ezkurdiaren eta Artolaren arteko irabazleak, eta Baikoren atarikoaren eta Urrutikoetxearen artekoak Altuna III.a eta Jaka izango dituzte aurkari A multzoan. Elordiren eta Zabalaren arteko garailea eta Asperen atarikoaren eta Lasoren artekoa, berriz, Peio Etxeberriarekin eta Peña III.arekin ariko dira B multzoko ligaxkan.
Hiru jardunaldiko ligaxka jokatuko dute, eta bi multzoetako lehen bi sailkatuak ariko dira finalerdietan: A multzoko lehenak B multzoko bigarrenaren aurka jokatuko du, eta B multzoko lehenak, A multzoko bigarrenaren kontra. Azaroaren 9an eta 10ean jokatuko dituzte finalerdiak: lehena, Iruñean, eta, bigarrena, Eibarren (Gipuzkoa). Irabazleek finala jokatuko dute bi aste geroago, azaroaren 24an, Bilbon. Tartean dagoen igandean, azaroaren 17an, hirugarren eta laugarren posturako norgehiagoka jokatuko dute, Zumarragan (Gipuzkoa).
«Pena hartu genuen aldagelan Iñakik berriro toki berean min hartu zuela ikusi genuenean. Osatu dadila nahi dut»
JOKIN ALTUNAAspeko pilotaria
Ezingo da partidarik atzeratu; final-zortzirenetan, final-laurdenetako ligaxkan eta finalerdietan, galdutzat emango zaio neurketa lesionatzen denari, eta haren aurkaria joko dute irabazletzat. Finala ere ez da atzeratuko, eta, iristen diren bi pilotarietako batek ezin badu jokatu, hirugarren sailkatuak ordezkatuko du. Hirugarren eta laugarren posturako partida bai ala bai jokatuko da, eta pilotariren batek min hartzen badu, ligaxkan kanpoan geratu den onenak ordezkatuko du.
Altuna III.a da egungo txapelduna. Azken zortzi finalak jokatu ditu, eta horietatik lau irabazi ditu. «Gogotsu» dago amezketarra. «Ilusio berezia pizten dit txapelketa baten aurkezpenera etortzeak. Ondo nago, irailean ez dudalako horrenbestetan jokatu. Baina dezente jokatu beharra dut hurrengo egunetan. Ea denbora dudan lau eta erdikoa ondo prestatzeko».
Altuna III.ak Artolarekin egin du bidaia autoan aurkezpenera, eta osasuna opatu dio lagunari. «Pena hartu genuen aldagelan berriro toki berean min hartu zuela ikusi genuenean. Osatu dadila nahi dut».