Ez dago Iñaki Artola geratuko duenik. Profesional mailarako jauzia eman zuenetik, inoizko sasoirik onena bizitzen ari da Baikoko aurrelaria, eta emaitzek ez diote gezurrik. Binakako txapelketa ederra jokatu ondoren, banakakoan beste pauso bat eman du aurrera, eta egundoko erakustaldiak egiten ari da. Azkenekoa, gaur, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Lehenbizi Joseba Ezkurdiari (22-10) eta ondoren Aitor Elordiri (22-8) irabazi ondoren, beste harri gogor bat zuen aurrean alegiarrak, eta ez du hutsik egin. Erakustaldia emanda gainditu du Javier Zabala: 22 eta 8. Hasi eta buka, lan biribila osatu du, eta azkenaldiko sentipenak berretsi ditu. Sasoiz eta konfiantzaz bikain agertu da, eta ez dio inolako aukerarik eman aurkariari. Hala, Artola multzoburu sailkatuko da finalerdietarako. Bigarren postua norentzat izango den, berriz, gaur erabakiko da. Garbi daude kontuak. Elordik Ezkurdiari irabazten badio, bizkaitarra bera izango da lau onenetan, baina galtzen badu, Zabalak lortuko du sailkapena. Hots, Ezkurdiak badu aukera txiki bat; horretarako 22 eta 3 baino emaitza hobearekin gainditu beharko luke Elordi.
Artola faborito zen Zabalaren aurkako partidan, baina lehen tantoek ez dute ezer garbirik azaldu. Bi pilotariak nor baino nor gehiago aritu dira hastapenean, eta aparteko tantoak jokatu dituzte. Hiruna berdin zihoazela, ehun pilotakada bazituzten joak. Lan duina osatzen ari ziren biak, eta bistakoa zen ahal fisikoak zeresana emango zuela. Bada, hortik aurrera, Artola izan da nagusi. Sakeari etekin bikaina aterata, jokoa bere esparrura eraman du, eta erabat defentsan jokatu beste erremediorik ez du izan Zabalak. Erakustaldia eskaini du alegiarrak. Oso luze ibili du pilota, eta erasoan jokatzeko garaian ere ez du birritan pentsatu. Ausart eta eraginkor aritu da. Lehen atsedenaldi luzera 12-3 iritsi da aurretik Baikoko pilotaria.
Bilbok du azken hitza
Atsedenetik bueltan, Zabala ahalegindu da erasoari ekiten, baina tantoa egin duenetan ere ez dio inolako etekinik atera sakeari. Batez ere, Artolaren erruz. Alegiarrak etengabe erakutsi du jokoz puntu bat goitik dagoela. Fresko ibili da, eta presioak ez dio txarrerako eragin. Kontrakoa. Tantoek aurrera joan ahala, gero eta hobeto sentitu da. Apartekoa izan da erakutsi duen jokoa. Labriteko zaleak ere inoiz baino isilago aritu dira, pilotariarengan miresmena zuten seinale. Azken hatsean, Zabalak bizpahiru tanto jarraian egin ditu, eta hil edo bizi jokatu du. Baina alferrik. Artolak gain hartu dio, eta finalerdietara konfiantzaz gainezka helduko da alegiarra.
Multzo horretan bigarren nor izango den bihar erabakiko da, Bilboko Bizkaia frontoian. Elordi izango da faborito, eta irabazten badu lortuko du helburua. Hori bai, Ezkurdiak ez dio barkatuko, duin amaitu nahiko baitu txapelketa. Zabala telebistari begira egongo da (18:00, ETB1).