Iñaki Artolak uko egin dio Erik Jakaren aurka jokatzeari, gihar-haustura baitu ezker hankako iskiotibialetan. Hala, Jaka lau eta erdikoaren finalerdietarako sailkatu da. Artolak ostiralean hartu zuen min, Azkoitian (Gipuzkoa), Iraitz Zubizarretaren aurkako final-laurdenetako ligaxkako partidan.
Jokin Altuna edo Iraitz Zubizarreta arituko da Jakarekin batera A multzotik. Altuna III.a finalerdietarako sailkatuko da igandean, Donostian, Zubizarreta III.ari zortzi tanto egiten badizkio. Gutxiago egiten badizkio, berriz, Zubizarreta III.a sailkatuko da. Hamahiru egiten badizkio, berriz, multzoburu izango da.
B multzoan, berriz, Peio Etxeberria multzoburu gisa sailkatu da finalerdietarako. Aitor Elordi edo Unai Laso izango da bigarren. Bi pilotariok elkarren aurka jokatuko dute larunbatean, Iruñean, eta irabazleak aurrera egingo du.