Artolak eta Mariezkurrenak partida irauli dute 18-2ko emaitza partzial batekin

Altuna eta Aranguren aurreratu dira Binakako Txapelketako laugarren jardunaldiko partidan, Arrasaten, baina azkenean alferrikakoa izan dute partida hasierako 17-4koa.

Mariezkurrena pilota jotzen, Aranguren eta Altuna begira dituela, Arrasaten. ANDONI CANELLADA / FOKU
Mariezkurrena pilota jotzen, Aranguren eta Altuna begira dituela, Arrasaten. ANDONI CANELLADA / FOKU
jon ordonez garmendia
2024ko abenduaren 22a
20:30
Entzun

Sekulakoa egin dute Artolak eta Mariezkurrenak gaur Arrasateko Uarkape pilotalekuan. Altuna eta Arangurenen aurka jokatu dute Binakako Txapelketako laugarren jardunaldiko partida, baina, ikusitakoa ikusita, bi partida jokatu dituztela esan liteke. Izan ere, bi zati izan ditu gaurko lehiak argi eta garbi, zein baino zein ikusgarriagoa. «Bi partida izan dira. Hasieran eurek jokatu dute, eta gero, guk», esan du Mariezkurrenak partida amaieran. Bera izan da partidako protagonistetako bat.

Lehen zati horretan ez da batere ondo aritu, baina bigarrenean bikain aritu da, eta lau jokalarien artetik bera nabarmendu da partida amaieran: jo eta jo egin du pilota, ohi duenez, baina, horrez gain, hiru tanto egin ditu bi pareta eginda, eta azken tantoa txokoan pilota utziz egin du. «Hutsuneak ikusi ditut. Hemen bi pareta asko ateratzen da. Jokinek ez zuen espero», esan du. Ez Altunak ez Uarkapen bildu diren pilotazaleek ere ez zuten uste horrelakorik ikusiko zutenik. «Giro handia zegoela aitortu du Mariezkurrenak, eta horrek motibatu egin duela gaineratu du.

Datuek ez dute eztabaidarako tarterik uzten. Altuna eta Aranguren partidaren lehen zatian 18-4 jarri dira aurretik. Altunak nahieran ibili du pilota, bere bertsio onena emanda, eta Aranguren bikain aritu da, batere minik gabe. Artolak berak partida amaieran aitortu duenez, Altunari pilota ezin kendu jokatu dute: «Ez zuen hutsik egiten, eta arrastaka ibili gara. Baina segi egin dugu, eta saria izan dugu gaur». Izan ere, partida erabakita zegoela zirudienean, Artolak eta Mariezkurrenak irauli egin dute. Gipuzkoarra izan da pilotarekin asmatu eta lehen koadroetan Altuna aukerarik gabe utzi duena; oso zorrotz aritu da Artola. Hasieran, tanto horiek markagailua itxuratzeko balioko zuela zirudien, baina, bikote urdinak tantoak zenbatu ahala, aho bete hortz utzi ditu pilotazaleak. Hamabi tanto egin dituzte errenkadan oso denbora gutxian.

Artolak eta Mariezkurrenak partida berdintzeko izan duten lehen aukeran, 17-16koan, berdinketa eragotzi du Altunak zorte apur batekin. Bigarren aukeran, baina, urdinek ez dute hutsik egin. 19. tantoa egin dute gorriek lehenik, eta hori izan da haien azkena. Mariezkurrenaren erakustaldia iritsi da orduan. Azkenerako, 18-2ko emaitza partzial bat lortu dute berak eta Artolak, eta hirugarren puntua eskuratu dute sailkapenean. «Puntu horrek bi balio ditu. Sufritu egin dugu, baina buelta ematea eta irabaztea lortu dugu. Oso zaila da hori», adierazi du Mariezkurrenak. Laugarren dira sailkapenean. Altuna eta Aranguren, berriz, seigarren dira, puntu bakarrarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.