Artola sailkatu da buruz buruko finalerako, eta Altunaren aurka arituko da

Galtzen hasi bada ere, alegiarrak buelta eman dio Larrazabalen aurkako partidari: 22-12.

(ID_13898253) (Jon Urbe/@FOKU) 2024-05-19, Donostia. Pilota, Buruz Buruko finalerdia
Altuna eta Artola, iazko finalerdian. Berriz neurtuko dituzte indarrak aurten, finalean. Jon Urbe / Foku
Edu Lartzanguren.
2025eko maiatzaren 18a
20:08
Entzun 00:00:0000:00:00

Iñaki Artola izango da Jokin Altunaren aurkaria buruz buruko finalean. Artola Iker Larrazabali gailendu zaio, Gasteizko Ogeta pilotalekuan, galtzen hasi den arren. Atzo, Jokin Altuna nagusi izan zen buruz buruko finalerdietan Unai Lasoren aurka, eta Aspekoa merezita sailkatu zen finalerako: 22-9 irabazi zion Lasori, Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Nahieran ibili zen Altuna III.a, eta ezinean Laso.

Gaurko partidako lehenengo tantoa Larrazabalek egin du. Sake bikain bat egin, eta bigarren tantoa ere harentzat izan da. Hirugarrena ere Larrazabalek egin du, pilotakada gogor bat eman, eta erantzun ezinik utzi baitu Artola.


Hurrengo tantoa Artolaren huts baten ondorio izan da, goregi eraman baitu pilota. Hala, Larrazabal 4-0  aurreratu da.

Baina Larrazabalek egin du kale hurrengoan, txapapera bidali baitu pilota. Artolak egin du hurrengo tantoa, eta Larrazabalek huts berdintsua egin du hurrengoan. 2-4 jarri dira horrela. 

Markagailua 2-6 jarri denean, Artolak bigarren etena eskatu du. Eta esan daiteke funtzionatu duela, Artolak erreakzionatu egin baitu hurrengo tantoetan. Amurrioarraren aldea txikitzea lortu du Artolak, eta 6-7 jarri dira. Tanto gogor bat jokatuta berdindu da partida.

Eta alegiarrak hortik aurrera hasi da partidari buelta ematen: 8-7. Edonola ere, lortu berria zuen abantaila txikia galdu du Artolak: ondo neurtu ez, eta luzeegi joan zaio pilota. 

Ordura arte, nahasia izan da partida, kolpe onak baino gehiago izan baitira huts egiteak; bi aldeetan, gainera.

Larrazabal engainatzea lortu du Artolak, eta dejada batekin lortu du 10-9koa, partidaren 30. minutuan.

Espero bazen ere Larrazabal lasaiago kantxaratzea atsedenaldiaren ondoren, Artolak aldea handitu du. Dejada dotore bat egin eta gero, 14-9 aurreratu da. Berriz saiatu da antzeko jokaldi bat egiten, baina luzeegi jo du, eta kanpora bidali du pilota.

Larrazabalek sakez txikitu du du gorriaren abantaila.

23 pilotakadako tanto gogor bat jokatu dute gero: dejada, atzera, aurrera gero, berriz atzera, eta, azkenean, Artolak buru gainetik bota dio pilota urdinari, eta pasatzen ikustea besterik ezin izan du egin Larrazabalek.

Artolak beste pilota bat galdu du ezker paretan goregi bidalita. Bi pilotariek opari asko egin dizkiete elkarri. Hurrengo tantoan ere, huts larria egin du Larrazabalek: motz geratu da sakean.

Artolak ez du hutsa barkatu, eta hurrengo pilotan horma-bikoaz baliatu da, 18-12 jartzeko.

Larrazabalen nekea nabarmen geratu da azken tantoetan. Artola 21-12 jarri da dejada dotore bat egin ondoren. Botileroak Larrazabali esan dio partida ez zegoela amaituta, lehen ere buelta eman izan diela halakoei.

Baina ezin. Azkenean, elkarren bila ibili diren bi pilotari arituko dira finalean.

«Hasieran dantzan jartzen ninduen. Pilota karga handiarekin heltzen zitzaidan goitik», esan du Artolak. Bestalde, alegiarrak gogoratu du aurrekoan jokatzerik izan ez zuen finala jokatuko duela. «Nork esan behar zidan berriz ere jokatzeko aukera izango nuela, eta pilotari beraren aurka». Gaineratu du Altuna gaurko pilotaririk onena dela.«Hari irabaztea ikaragarria litzateke».

Larrazabalek esan du gehiago egitea espero zuela, eta hurrengo urterako sasoi hobean egon nahi duela: «Hauek ikaragarriak dira», esan du aurkarien inguruan. Edonola ere, bide bikaina egin du orain arte, eta argi utzi etorkizunerako kontuan hartzeko modukoa dela.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.