Pilota

Artola eta Mariezkurrena II.a finalerdietako ligaxkarako sailkatu dira

Nagusitasunez irabazi diete Elordiri eta Zabaletari kanporaketan, Tolosan: 22-7. Zabaletak hamar pilota galdu ditu; Elordik min hartu du eskuan, eta Zabala ariko da haren ordez igandean, Eibarren, Peña II.a eta Albisuren edo Jaka eta Imazen aurka.

Iñaki Artola, pilota jotzear, Aitor Elordi begira duela, gaur, Tolosako Beotibar frontoian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iñaki Artola, pilota jotzear, Aitor Elordi begira duela, gaur, Tolosako Beotibar frontoian. ANDONI CANELLADA / FOKU
jon eskudero
Tolosa
2025eko otsailaren 20a
20:39
Entzun

Asko espero, eta ezer ez gero. Joan den igandean Donostiako Atano III.ean gertatu bezala, gaur ere pilota gosea ase gabe hartu dute etxerako bidea pilotazaleek, Tolosako Beotibarren (Gipuzkoa). Zuzenean finalerdietara sailkatzea izan dute jokoan Iñaki Artola-Jon Mariezkurrenak eta Aitor Elordi-Jose Javier Zabaletak, eta espero baino partida tristeagoa jokatu dute. Besteak beste, ez baitu neurria eman Aspeko bikoteak. Batez ere Zabaleta aritu da bere mailatik behera, hamar pilota galdu baititu. Neurketaren bigarren zatian irudi kezkagarria eskaini du gainera, eskuin eskua minduta aritu baita. Artolak eta Mariezkurrenak bikain baliatu dute aukera, eta 22-7 irabazi dute, eta konfiantzaz iritsiko dira finalerdietako ligaxkara. Txapela janzteko bikote sendoa dela erakutsi dute.

Hasiera ikusgarria izan du partidak, lehen tantoan ia ehun pilotakada jo baitituzte. Tentsio handia nabaritu da kantxan, eta erritmo izugarrian jardun dute lau pilotariek. Lehen tantoa Elordik eta Zabaletak egin dute, baina orduantxe bakarrik izan dira aurretik markagailuan. Izan ere, gerora gehiago jokatu dute Baikokoek. Mariezkurrenak epelak eman dizkio pilotari, eta Artolak ere lan zikin handia egin du, ezker hormara zihoazen pilotakadetan asko lagundu baitio atzelariari. Nabarmen, Zabaletak huts egin du. Tanto bakar batean ere ez dio bizkarra erakutsi aurkariari, eta, gainera, galtzaile aritu da. Gorriek azkar lortu dute aldea: 3-1, 5-2 eta 9-3.

Larri sentitu dira Elordi eta Zabaleta, eta aurrelari bizkaitarrak txapelketako tantorik onenak egin ditu orduan. Kasta baliatuta, babak eltzetik bakar-bakarrik atera ditu, eta lau tanto dotore egin ditu jarraian: bi ezker airez eta beste bi atzean. Horri esker, 9-7ra hurbildu dira urdinak, eta ematen zuen emozioa izan zezakeela partidak. Baina ez. Bere horretan geratu da Aspeko bikotearen susperraldia. Lehen atsedenaldi luzera 12-7 aurretik iritsi dira irabazleak, batez ere aurkarien opariei esker.

Zornotzakoa erabakigarri

Bigarren zatian ez da lehiarik izan. Artolak eta Mariezkurrenak bizi jokatzeari eutsi diote, eta, tantoa bukatzeko garaian inspirazioz gainezka aritu ez arren, taktikoki oso egoki jokatu dute. Atzera kargatu dute jokoa, Zabaleta ezinean sumatu dutelako. Fisikoki nekatuta jokatu du nafarrak, eta eskuin eskuak ere ez dio batere lagundu. Azken txanpan ezkerrez jo ditu kantxa erdiko pilotak, eta Elordik berak ere arazoak izan ditu eskuin eskuan partida hasieratik. Horregatik, bizkaitarrak ez du jokatuko igandeko partida erabakigarria. Javier Zabalak ordezkatuko du.  

Eibarren aurkari zein bikote izango duten bihar jakingo da, partida erabakigarria jokatuko baitute Zornotzan (Bizkaia) Erik Jaka-Ander Imazek eta Jon Ander Peña-Jon Ander Albisuk (20:45, ETB1). Matematikak garbi dituzte: irabazten duenak bizirik jarraituko du, eta galtzen duena etxera joango da. Elkarren aurka jokaturiko bi partidetan garaile izan dira Jaka eta Imaz, baina azken partidetan nabarmen gora egin dute Peña II.ak eta Albisuk. Horregatik, faborito haiek izango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.