Melsungen 28-27 Bidasoa

Artalekun erabakiko da kanporaketa

Gol batez galdu arren, emaitza ona lortu du Bidasoak Europako ligako final-laurdenetako joanekoan, Melsungenen kantxan. Partida orekatua jokatu dute.

Melsungenen eta Bidasoaren arteko lehiako irudi bat. BIDASOA
Melsungenen eta Bidasoaren arteko lehiako irudi bat. BIDASOA
Jone Bastida Alzuru.
2025eko apirilaren 22a
20:40
Entzun 00:00:0000:00:00

Bidasoa eskubaloi taldearentzat esanahi handiko eguna da apirilaren 22a, eta zer esanik ez aurtengoa. 30 urte bete dira bere historiako balentriarik handiena egin zuenetik: Europako Kopako txapeldun izan zen, finalean Badel Zagrebi irabazita. Bada, Irungo (Gipuzkoa) taldeak urteurrena goxatu du, Europako ligako final-laurdenetako joanekoan emaitza ona lortuta: 28-27 galdu du Alemaniako Melsungen taldearen aurka. Ironikoa dirudi partida galtzea albiste pozgarria izatea, baina Bidasoak lortu du helburua: kanporaketa Artalekun erabakiko da, datorren asteartean.

Hala ere, gertu izan dute garaipena gipuzkoarrek. Bigarren zati hasiera ikusgarria eginda, markagailua irauli eta lau golen abantaila eskuratu du Bidasoak. Hainbat minutuz hobeak izan dira kantxan, baina azken partean aurretik jarri dira berriro alemaniarrak. Azkenean, gol batez galdu dute. Parean zer talde zuten ikusita, ez da emaitza txarra. 

Izan ere, punta-puntako jokalariak ditu Melsungenek, eta denboraldi bikaina egiten ari da. Alex Mozas Bidasoa taldeko entrenatzailearen iritziz, hura da Europako liga irabazteko «faboritoa». Alemaniako Ligan bigarren postuan daude, Fuchse Berlin liderrarengandik bi puntura —eta partida bat gutxiago jokatuta—. Alemaniako Kopan, berriz, txapeldunorde izan dira. Bidasoak erakutsi du, ordea, ez dagoela ezer oparitzeko prest, eta ez dela aurkaria baino gutxiago.

Indarrak parekatuta ekin diote partidari bi taldeek. Eta markagailua ere horren isla izan da. Ia lehen zati osoan atzetik ibili da Bidasoa, baina ez dio utzi aurkariari alde egiten. Asko jota, bi golen abantaila lortu dute alemaniarrek, eta oreka izan da nagusi. Halaxe joan dira atsedenaldira: 15-13.

Itxura ona eman du, halere, Irungo taldeak. Erik Balentziaga zarauztarra izan da defentsan Bidasoaren buruhausterik handiena, hura aritu baita gidari lanetan, baina sendo eutsi diote gipuzkoarrek. Erasoan, berriz, taldeak hainbat hutsegite egin ditu hasieran, baina pixkanaka topatu du nola min egin. Pedro Pacheco, Asier Nieto eta Julen Mujika jokoan sartu dira, ausart jo dute erasora, eta nabaritu egin da.

Atezaina protagonista

Oreka hori bigarren zatian apurtu da, hasiera batean, Bidasoaren alde. Funtsezkoa izan da Jakub Skrzyniarz atezainaren lana: meritu handiko geldiketak egin ditu, batez ere bigarren zatian. Hura izan da protagonista aldageletatik bueltan, hasi eta buka. Lauzpabost geldiketa jarraian egin ditu poloniarrak, eta ondo aprobetxatu dute aukera taldekideek, emaitza iraultzeraino: 15-19 jarri dira aurretik. Bigarren zatiko lehen zortzi minutuetan ez du golik sartu Melsungenek. Gipuzkoarrak jo eta su ari ziren; alemaniarrek, berriz, majo sufritu dute.

Tarte batez eutsi dio Bidasoak hiruzpalau goleko abantaila horri, baina erasoan huts batzuk egin ditu, eta jokaldi batzuetan bigun ibili da defentsan; ondorioz, ohartzerako, markagailuan hurbildu egin zaizkie alemaniarrak.

Pareko ibili dira ondorengo minutuetan, baina bost minuturen faltan berdindu du partida Alemaniako taldeak, eta segidan aurretik jarri dira: 27-26. Sufritzea tokatu zaio Bidasoari azken txanpan, eta horretan ere asmatu du. Alemaniarren azken jokaldia ezerezean utzi dute, eta, hala, gol batez soilik galdu dute: 28-27. Artalekun erabakiko da kanporaketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.