Euskal pentatloia

Arruti-Arbelaitz eta Gabirondo-Telleria bikoteek irabazi dute binakako pentatloia

Bi bikoteek aurreko marka hobetu dute. Emakumezkoetan, 23.24ko marka jarri dute Arruti eta Arbelaitzek, eta aurrekoa 37 segundo hobetu. Gizonezkoetan, Gabirondo eta Telleriak hiru minutu eta erdi ondu dute aurreko marka, 36.15eko denbora eginda.

Finalean parte hartu duten bikote guztiak, amaieran. GORKA RUBIO, FOKU
2023ko ekainaren 11
19:51
Entzun

Euskal pentatloia jokatu dute gaur Tolosako (Gipuzkoa) zezen plazan, eta, emakumezkoetan, Arruti eta Arbelaitzek osatutako bikoteak irabazi du, eta gizonekoetan, berriz, Gabirondo eta Telleriak. Bi bikoteek, gainera, marka berria ezarri dute, eta han bildutakoek ikuskizun paregabeaz gozatu ahal izan dute.

Arruti eta Arbelaitzek aizkoran utzi dute lehia erabakita. Arruti, gainera, oso bizkor iritsi da txingetara, eta korrika ere aldea jarri du. Barrena eta Errekondo iritsi dira bigarren lasterketara; azken hori ere oso bizkor aritu da korrika. Azkenean, baina, aizkoran izan den aldea erabakigarria izan da. Arrutik eta Arbelaitzek 23.24ko denbora egin dute, eta iaz eurek jarritako marka (24.01) 37 segundo ondu. Barrena eta Errekondo bi minutu eta hamar segundora iritsi dira. Orbe eta Martinez izan dira hirugarren, 5.56ra.

Gizonezkotan, lehia estuagoa izan da, eta segundo batzuengatik soilik irabazi dute Gabirondok eta Telleriak. Lehen txandan lehiatu dira, 36.15eko marka ezarri dute, eta, hala, orain artekoa apurtu. 39.44koa zen iaz Izeta IV.ak eta Etxeberriak ezarri zuten errekorra. Lanak amaituta, hala ere, garbi utzi dute ez zutela euren burua garaile gisara ikusten, eta ondo egin dute ez fidatuta, tarte txikiarekin irabazi baitute. Bigarren txandan Izeta IV.a eta Xabat Olaizola aritu dira, eta gutxigatik egin die ihes horiei garaipenak. Bi plaza eskasen aldea izan da bi bikoteen artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.