ARROSAREN ATZETIK. Ondoegi gaude

2006ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Sekulako giro ona eduki dugu Lieja aldera etorri ginenetik. 27 gradu, bero handia. Gehiegi. Etorriko da buelta, eta etortzen denean kontuz. Scarpa-rekin nago logelan (Michele Scarponi taldekidea) eta gustura. Bera da gure liderra eta pizgarria da hiru astetan liderrarekin bizitzea.

Hotel onean gaude, jana ere on-ona da eta Seraing, lehen etapako gunea, kilometro gutxira daukagu. Entrenatzerakoan-eta trafiko handi samarra eduki dugu, baina tira, kexatzeko moduko ezer ez. Bi hitz egin nahi nituzke aurkezpenari buruz, triste samarra, zozo samarra iruditu baitzitzaidan. Nabari da Giroa Italiari oso lotua dagoen proba dela, Belgikan ez baita iazko Giro hasierako jende giro bero hori sumatu, inondik inora.

Taldeen aurkezpena-eta frantsesez edo ingelesez egin zuten ez nago ziur. Badakit ez zutela italieraz egin eta harritu samartuta geratu nintzen horregatik. Belgikan gaudenez, bertako hizkuntzan mintzatzea normala ere bada, baina italieraz ez egitea... xelebre samarra egin zitzaidan.

Siesta latza bota dut gaur [atzo]. Beste bi botatzeko aukera ere izango dugu, atseden egunetan, baina aukera baliatzea beharrezkoa da. Astelehenean itzuli nintzen Sierra Nevadatik etxera (Espainia). Etxean egun bat egin eta Madrilera. Handik Belgikara... adituek diotenez astebete behar du gorputzak bere onera itzultzeko, ea azkar lortzen dudan.

Zuenean Giroko ibilbidea hizpide dela suposatzen dut, gurean ere bai. Caruso taldekideak Plan de Corones delakoa ezagutzen du eta txantxetan aritu ginen, algaraka, hiru plater jarri beharko dizkiogula bizikletari. Faborito pare bat esango dizkizuet biharko: Bradley McGee da bata. Paolo Savoldelli bestea. Polit-polita da aitzin-etapa. Gozatu!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.