ARROSAREN ATZETIK. Igo zitekeen, bai... korrika!

2006ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Eskerrak azken mendatea kendu duten. Zuetako batzuk haserre egongo zarete agian, eta behin betiko ondorioak pentsatu baino lehenago hausnarketa sakonagoa egiteko eskatuko nizueke. Hara gora ezin zen igo. Beno, ezin zen bizikleta gainean igo. Korrika, agian, bai, baina bizikleta gainean, ez! Zeroz azpiko hiru gradu zeuden eta elurra etengabe, bota eta bota.

Txirrindularion ikuspuntutik mintzatuko natzaizue ni, eta zinez diot mendatea kenduta justizia egin dela. Badakit Kronplatzen eta Erben jende piloa egongo zela gu pasatu zain, bezperatik agian, baina ezin denean ezin da. Etapa abiatu aurretik sortu da iskanbila. Rubiera haserre zegoen, bezperan hotelera oso berandu iritsi zirelako, gaueko 21:30ean. Masajea hartu eta afaltzeko astia dugu justu-justuan, eta Giro osoa daramagu horrela. Ederki dakizue zuek hori. Etapa porru eginda bukatu eta lasai etzateko lau ordu itxaron beharra ere...

Beno ba, martxan hasi aurretik Rubiera Sastre eta Gutierrezekin elkartu da eta Geldi! oihukatu du, ozen, koskabiloetaraino zegoela eta etapa ezin zela bere horretan hasi. Italiarrak hurbildu dira, capo-ak, eta Erbe ez igotzea lortu dugu.

Une kritiko samarra izan da hori, nik italiarrek -Simonik eta Saunier Duvalek batez ere- etapa osoa egin nahiko zutela uste bainuen. Simonik, gainera, oso gustuko du eguraldi txarra. Zorionez, denon artean adostasuna lortu dugu eta gustura. Antolatzaileek irteteko eta Kronplatz hasi aurretik erabakiko zutela esan digute. Amarruren bat egiteko nahia sumatu dut nik, baina azkenean erabaki zentzudunena hartu dute.

Giroko ibilbidea oso gogorra delako adostu gara denok, nire ustez. Atseden egunetan ere ehunka kilometro egin behar izan ditugu, eta hotelak ere oso urruti egunero. Jendea justu doa, eta gaur bertan Milanera iritsiko bagina, denak pozez zoratzen. Aldapa txiki batean zira kentzeko geratu naiz, eta tropel burura bidean, jende asko atzean geratzen ari zela ikusi dut. Indarrez urri gabiltzala esan nahi du horrek. Marmolada, Gavia, Mortirolo... ez espero ikuskizun handirik!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.