Arrosa gorrien lorategian daude

Gaur hasiko da Emakumezkoen 2022ko Sei Nazioen Torneoa. Ingalaterra da faboritoa; laugarren aldiz irabaziko luke jarraian. Telebistak inoiz baino gehiago emango du torneoaren berri oraingo honetan.

Ingalaterrak eta Eskoziak iazko Sei Nazioen Torneoan jokatutako partida. 21. aldia du torneok aurten. SEI NAZIOAK.
Iñaki Berastegi.
2022ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Bigarren urtez, Emakumezkoen Sei Nazioen Torneoa gizonezkoena amaitu bezain pronto abiatuko da. Joan den asteburuan Frantziaren garaipenarekin itxi zen gizonezkoen txapelketa, eta gaur hasiko da emakumezkoen torneoaren 21. aldia, XVI.a Italiak Espainia ordezkatu zuenetik. Eskoziaren eta In galaterraren artekoarekin emango zaio hasiera torneoari Edinburgon (13.00), eta Irlandak eta Galesek ere gaur jokatuko dute Dublinen (17.45). Bihar, Frantziak eta Italiak Grenoblen (16.00) neurtuko dituzte indarrak, teorian jardunaldiko partidarik erakargarrienean.

Azkeneko hiru aldiak irabazi eta gero, aro loriatsu horri laugarren bat gehitzeko aukera handiekin ikusten dute errugbi adituek Ingalaterra. Ez da gutxiagorako, Simon Middleton hautatzailearen taldeak azken hemezortzi partidak bata bestearen atzetik irabazi baititu, eta badirudi koska bat gorago dagoela. «Maila bikainean ari da, eta azkenaldian aurkariak birrindu ditu. Hala ere, txapelketa interesgarria izango dela uste dut». Laura Delgado Ingalaterrako Ligako Exeter Chiefs taldeko jokalariaren hausnarketa da. «Ingalaterraren atzetik, Frantzia eta Italia dira, nire ustez, indartsuenak». Eskoziak, Galesek eta Irlandak nola jokatuko duten ikusteko «gogotsu» dago. Telebistak inoiz baino gehiago emango du torneoaren berri.

INGALATERRA

Ez du parekorik

Ezbairik gabe, Ingalaterra da, beste behin, Sei Nazioen Torneoa irabazteko hautagai nagusia. «Sei Nazioen Torneotik kanpo ere modu ikusgarrian ari da, eta munduko edozein txapelketa irabazteko hautagaiak dira», azaldu du Delgadok. Horren atzean, «etengabe haziz eta hobetuz» doan Ingalaterrako liga dagoela dio. «Hirugarren urtea dut hemen jokatzen, eta maila oso handia da. Erabat profesionala den mundu mailako emakumezkoen errugbi liga bakarra da, eta horrek jokalari onenak erakartzen ditu».

Zoe Aldcroftizan zen 2021eko munduko jokalari onena, eta, haren gidaritzapean, Arrosa Gorri-ek kontaktuetan daukaten «gogortasuna» nabarmendu du Delgadok. «Eta, horri, duten joko dinamikoa gehitu behar zaio. Baloia bizi mantentzen saiatzen dira, eta jarraitutasuna lortzen badute, geldiezinak dira. Oso momentu onean daude». Jokatu diren hogei aldietatik hamabitan irabazi du Sei Nazioen Torneoa. Torneo hau euren lorategia da.

FRANTZIA

Ingalaterraren itzalpean

Ingalaterraren ostean, Frantziak du palmares onena, sei garaipenekin. Ingalaterra baino koska bat beherago ikusten du Delgadok, baina benetan nola arituko den ikusteko gogoz dago. «Selekzio hau ikusteko gogoa daukat. Ingalaterraren gisa, Zeelanda Berria menderatu zuen udazkenean, baina ez ziren Ingalaterra bezain nagusi izan». Frantziaren maila aztertzeko, ligen gaia ekarri du hizpidera: «Iruditzen zait azken urteetan Frantziako ligak ez duela Ingalaterrakoak bezain beste aurrera egin».

Joko estiloa aipatuta, frantziarren fase estatikoak hartu ditu hizpide Delgadok. «Betidanik izan dira fase estatikoak euren indargunea. Aurrelariak bikainak dira, eta hegalekoak ere oso ondo ari dira».

ITALIA

Bolada onean

Urte amaieran jokatuko den Munduko Txapelketarako sailkatuta, azken bi aldietan laugarren postuan amaitu duen Italiak emaitza hori hobetzea du xede. «Urtetik urtera hobera egin dute, eta Munduko Txapelketarako sailkatze neurketetan eman zuten maila ez genien sekula ikusi».

Gorakada horren gakoa, Delgadoren aburuz, atzerriko ligetan ibili diren jokalariak dira. «Ingalaterrako eta Frantziako ligan ari dira horietako asko, eta talde osoak hobetzea lortu dute. Ez dakit irailetik elkarrekin lanean asko aritu diren edo ez». 2019ko aldian lortutako bigarren postua da Sei Nazioen Torneoan erdietsi duen emaitzarik onena orain arte.

ESKOZIA

Prestaketa egokiarekin

Parte hartuko duten selekzioen artean, Eskozia izan da partida ofizial bat jokatzen azkena. Otsailean Dubain jokatu zen Munduko Txapelketara sailkatzeko bigarren aukera, eta eskoziarrak nagusitu ziren. «Hobera egiten ari da. Dinamika onean datoz, eta aspaldian selekzio profesionalagoa da. Garapen handia izan dute».

«Gogortasuna» da selekzio horren berezitasuna: «Uztartzeetan onak dira, eta kontaktuetarako indar handia dute. Gainera, jokoa ondo zabaltzen dute, eta maila oneko atzelariak dira. Bi joko banatzailerekin aritu ohi da». 2003. urteko bigarren postua da haren inoizko posturik onena.

GALES

Egitasmo profesionalagoa

Aurrerapauso bat eman duen beste selekzioetako bat da Gales. «Hasieran bost jokalari baino ez ziren profesionalak, eta orain talde erdia baino gehiago da». Horri esker, azken bi urteetan «nabarmen» aldatu da taldea, onerako. «Emaitzak ere askoz hobeak dira orain, eta taldeak pixkanaka sendotasun handia lortu du. Esaterako, Estatu Batuetako selekzioaren aurka galdu arren, partidaren zati handi batean aurretik izan ziren». Aurrelari «indartsuak» badituzte ere, «espazioa baliatzen» ahalegintzen den taldea da. Hiru aldiz izan da txapeldunorde.

IRLANDA

Eraldatze prozesuan

Aldaketa askoko garaian dator torneoa Irlandarentzat. «Mugimendu eta belaunaldi aldaketa handia izaten ari den selekzioa da. Munduko Txapelketatik kanpo geratu ziren, eta, udazkenean aldaketa bat edo beste bazuten ere, beteranoetako batzuk bertan ari dira oraindik. Txapelketa honetarako, ordea, aurpegi berri gehiago ikusiko ditugu». Beraz, ez dirudi azken bi urteetako hirugarren postuak edo 2015eko eta 2013ko garaipenak errepikatzeko moduan izango direnik. «Era berean, Munduko Txapelketa jokatuko ez duen selekzio bakarra da, eta torneo hau are garrantzitsuagoa izango da haientzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.