Gutxi dira 1 Formularen egutegian Monakok adina agerraldi dituztenak. Ia etenik gabe antolatu da han lasterketa, aurtengoa jarraian ospatuko den 61. aldia izango baita. Ez dago halako segidarik duen beste lasterketarik; Italia eta Erresuma Batua, salbu. Baina Monakok egutegian jarraitzen baldin badu, ez da beste bi horien arrazoi beragatik. Italiak eta Erresuma Batuak tradizio handia dute motorgintzan, handik irten baitira oraindik ere puntako lehian dabiltzan autorik finenak. Monakon, ordea, ez dago koipea ohiko elementu duen tailerrik. Monakok 1 Formula behar du, eta 1 Formulak Monako behar du. Elkar laguntzen dute, batak bestearen erakargarritasuna baliatu nahian.
Bartzelona zaharkitua gelditzen ari dela diote gidariek, arrazoiz. Baina Kataluniako pistak aldaketa garrantzitsuak egin ditu urteetan, segurtasuna handitu eta lasterketak hobetzeko. Nissan chicanea kendu zuten, haren inguruan zeuden hesiak atzera botata. Azken bihurgunean baino lehen, chicane bat jarri zuten, aurreratzeak errazteko. Monakon, ordea, zirkuituak ez du ia aldaketarik izan azken 40 urteetan. Autoen abiadurak gora egin du, zalantzarik gabe, eta autoen segurtasuna maila berean hobetu dute. Zirkuituak, aldiz, lehen bezain arriskutsu jarraitzen du, eta, abiadura handitzearekin batera, istripuen bortizkeriak gora egin du. Urtero gertatzen da istripuren bat tuneletik irten eta portuko chicanerako balaztatzean. Non, eta zirkuituko punturik azkarrenean.
Herenegun, Jenson Button ingelesak (McLaren) estolda zulo bateko estalkia jo zuen, aurretik Nico Rosberg alemaniarrak (Mercedes) jo zuenean, bere lekuan ondo lotu gabe baitzegoen. McLaren taldeko gidariak saihestea lortu zuen, eta aurreko aleroia txikitu zuen. Altzairuzko pieza astun hori txasisaren azpialdearekin jo izan balu, agian ez zuen bigarren entrenamendu libreetan parte hartzerik izango. Halakoak ez dira gertatzen zirkuitu normal batean. Ez baita lehen aldia: Rubens Barrichello brasildarrak lasterketa utzi behar izan zuen 2010ean, arrazoi berberagatik. Istripuak edozein zirkuitutan gerta daitezke, eta lasterketa guztietan ikusten dira ia. Baina Monakon errepide guztia hesi artean dagoenez, autoaren kontrola galtzeak edo normala baino metro erdi haratago joateak zigor gogorra dakar. Ezin da pistatik atera, pista hesian amaitzen delako, haien kontra.
Aurkaria atera zaio: Baku
Itxuraz, Nazioarteko Automobilismo Federazioak (FIA) berak egindako gomendioak irentsi egiten ditu, atzetik diruaren hotsa baldin badago. Bernie Ecclestone 1 Formulako nagusiak duela hiru urte kontratu bat sinatu zuen Bakurekin, Azerbaijango hiriburuarekin, han 1 Formulako lasterketa bat antolatzeko. Hango arduradunen nahia inguru hori ezagutaraztea da, turismo gune gisa erakutsiz. Horretarako, Hermann Tilke zirkuitu diseinatzaile alemaniarrari deitu zioten, hiriaren barruan pista bat marrazteko. Ia bi kilometro luze den zuzengune bat du, munduko hiri barneko zirkuiturik azkarrena bilakatzen duena, antolatzaileen esanetan. Itxuraz, puntako abiadurari buruz ari dira, zehaztu ez badute ere.
Urteko egun guztietan autoen eta autobusen joan-etorria pairatzen duen asfaltoak ez du itsaspenik. Autoek lehen itzuliak oso mantso ematen dituzte, pixkanaka azaleran goma pilatu, eta benetan estutzen hasi arte. Horrez gain, pitzadurak ager daitezke, eta ez da batere zapala, Monakon Mirabeaura doan jaitsieran bistakoa den bezala. Bakuko zirkuitua berria denez, guztiz asfaltatu dute aurten, eta, horregatik, Monakokoa baino egoera hobean egongo da. Baina ezinezkoa da urtero asfalto berria botatzea, eta, eraikuntza berri guztiak bezala, haren benetako kalitatea urte batzuk igaro eta gero ikusten da.
Monako berezia da, eta hala jarraituko du egutegian sartu eta atera dabiltzan beste zirkuituek ez badute arimarik. Hego Korea, India, Turkia, Indy (AEB) eta ahazteko moduko beste zenbait erakargarritasunik gabeko zirkuituak izan dira, zirkuitu historikoen beharra azpimarratu dutenak. Zirkuitu berri guztiak Suzuka, Fuji, Spa-Francorchamps, Jarama eta halakoen pareko balira, Monakok zailago izango luke jarraitzea.
Arriskuz beteriko kaxa
Mundu osoan lasterketa ezaguna eta ospetsua da Monakoko Sari Nagusia. Han irabazteak beste edonon irabazteak adina puntu ematen ditu, baina sona handiagoa dauka, ia arriskuaren parekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu