Txirrindularitza

Arriskutsu bihurtzen ari den joera

Euskal Herriko Itzulian hainbat txirrindulari erori izanak oihartzun handia izan du, eta ziklistek hartzen duten abiaduraren gaineko eztabaida gori-gorian dago.

Txirrindulariak lurrean, min hartuta, erorikoa izan den tokian.
Vingegaard etzanda, eta Roglic eserita, erori berritan. EITB
Beñat Mujika Telleria.
2024ko apirilaren 12a
05:05
Entzun

Euskal Herriko Itzulian izandako erorikoek hautsak harrotu dituzte txirrindularitza munduan. Txirrindulari ugari erortzen ikusteak beti eman izan du zer pentsatua, baina tropeleko lider nagusi gehienak erortzen direnean beste oihartzun bat izaten du. Hala izan zen Euskal Herriko Itzulian; etxera joan ziren Vingegaard, Evenepoel eta Roglic. Asko aldatu da txirrindularitza, baina onerako?

Aho zapore mingotsa utzi zion eroriko horrek Markel Irizarri. Lidl-Trek taldeko zuzendari eta garapen taldeko arduradun lanetan dabil azkenaldian, eta aitortu du sufritu egiten duela horrelako erorikoak ikusten dituenean etxeko lasterketan: «Itzuliak tradizionalki badauka arrisku handiak hartzeko ohitura, eta asko kritikatu izan dute horregatik. Baina aurtengo ibilbideak ez zeukan ginkana arrarorik alde horretatik, eta gutxien espero zitekeenean erori ziren txirrindulariak».

Hainbat faktore nabarmendu ditu azaltzeko zergatik erortzen diren txirrindulariak gaur egun. Haren iritziz, txirrindularitza azkartu egin da, ikuskizuna eman nahian, eta joera da «gero eta azkarrago aritzea». Materialak horretara bideratu direla azpimarratu du: «Kasko, buzo nahiz eskuleku aerodinamikoak, 28 milimetroko zabalera daukan tubelessa... Txirrindulariei erreminta batzuk eman zaizkie, lehengo potentzia berdinarekin azkarrago joan daitezen. Baina potentzia ere areagotu egin da; hortaz, abiadura ere asko azkartu da. Horretan nutrizioak ere badauka zer ikusia».

Baina ez hori bakarri: Irizarrek nabarmendu du lehen beste ohitura batzuk zituztela txirrindulariek, eta errespetu handiagoa zegoela tropelean. «Kamikazeago lehiatzen da orain. Lehen, taldekide bakarra zegoen liderrarentzat lanean; orain, berriz, talde guztia. Tropela oihan bat da orain, eta bakoitzak berea salbatu nahi du».

Askotan galdetu izan da egunotan errua norena izan ote zen: txirrindulariena, lasterketa zuzendariena, taldeko zuzendariena... Oñatikoak, ordea, «joera» bat dela dio, eta ez du inor jotzen erruduntzat. «Ziklistak ohitu egin dira kultura berri horretara. Etapa lasai bat ez du inork ikusten. Banderatxoa jaisten denetik ikusten da egurra, eta joera hori aldatzea ez da posible luze gabe».

Itzulian ikusi zenaren harira, hiru faboritoak erori ziren bide horretan sustraiak daudela aitortu du Irizarrek. Ondo ezagutzen du eremua, Arrasaten bizi baita. Hala ere, abiadurari eman dio garrantzia: «Ziklistak behar baino azkarrago zihoazen, eta horregatik irten ziren bidetik. Evenepoel 78 kilometro orduko abiaduran zihoan. Bihurgune bat abiadura horretan hartzea beti da arriskutsua. Markatu daitezke sustrai horiek, bai, baina orduan 200 kilometrotan horrelako 2.000 markatu beharko lirateke».

Autokritika ere egin du txirrindulari ohiak. Ondo daki zer den taldeko autotik txirrindulariekin une oro hitz egiten aritzea, eta onartu du hori askotan txirrindularien kalterako izaten dela. «Taldeko autotik abisua eman behar dugu arriskuak daudenean. Baina 'arriskua dago, kontuz hemen' esan beharrean, gure mezua izaten da: «Kontuz hemen. Jarri denak aurrean, ez erortzeko». Hori 21 taldeek egiten dugu; hortaz, aurreko postuetan jartzeko lehia bizia sortzen dugu, eta arriskua dagoen tokian guk areagotu egiten dugu».

2010. urte inguruan iritsi ziren tropelera aldaketarik nabarienak. Orduan hasi zen Sky taldea kasko aerodinamikoarekin. Baita lehiaketa hasi aurretik arrabolaren gainean berotzen ere. Geroztik, aurrerapauso ugari eman dira, eta denak abiadura areagotzeko helburuarekin. Joera hori antolakuntzek «kontuan hartu» beharko luketela nabarmendu du Irizarrek: «2024ko txirrindularitzan berez nahiko arriskutsua den zerbait saihesten saiatu behar dugu. Errepide zabalak jarri, eta garai bateko jaitsiera estu eta gurdi bideak kendu. Bestela, txirrindulariak erortzeko aukera handiak daude, eta herrialdeari ospe txarra emateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.