Iraia Iparragirre. Realeko jokalaria

«Arriskuak neurtuta liga amaitzearen alde nengoen»

Iparragirrek dio krisi honek balio dezakeela ikusteko ea benetakoa den emakumeen futbolaren aldeko apustua. Lan ituna aurretik sinatu izanaren garrantzia azpimarratu du.

Iraia Iparragirre, lore sorta batekin, lagunez inguratuta, Lasarte-Orian. BERRIA.
ainara arratibel gascon
2020ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Iraia Iparragirre Realeko jokalaria (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1995) Fisioterapia ikasten hasi da ikasturte honetan. Azterketak ditu egun hauetan, eta buru-belarri ari da ikasten. Baina itxialdia aukera ematen ari zaio futbolaz hausnartzeko, baita duela urtebete bizi izandakoa gogoratzeko ere. Izan ere, bihar urtebete izango da Realak Espainiako Kopa irabazi zuela Granadan (Espainia), Atletico Madrilen kontra.

[Youtube]https://youtu.be/QjJDFVFlWnA[/Youtube]

Nola daramazu konfinamendua?

Niretzat, lasaitzeko garai bat izan da. Izan ere, aurretik, futboleko egunerokoa ikasketekin uztartzen nuen. Fisioterapia ikasten ari naiz Bilbon, eta izaten zen entrenamenduak, partidak, Bilbora joan, ikasi... Oso lanpetuta nenbilen. Honek aukera eman dit etxean lasai egoteko, familiarekin disfrutatzeko, eta ikasketei dagokion denbora eskaintzeko. Sukaldean ere aritu naiz tarteka, oso gustuko baitaukat.

Antzemango zenuen Zubietako egunerokoaren hutsunea, ezta?

Zalantzarik gabe. Ohituta nago taldekideekin ordu asko pasatzen. Orain, bakarrik entrenatzea, etxean sartuta, arraro egiten da. Lagunei esaten nien desiratzen nagoela taldekideak ikusteko eta haiekin berriz ere futbolaz disfrutatzeko.

Nola moldatu zara entrenatzeko?

Astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan, saio gidatuak egiten ditugu taldeko prestatzaile fisikoarekin, Zoom aplikazioaren bidez, batez ere indarra lantzeko. Baina erresistentzia eta mugikortasuna horrela lantzea zailagoa da, eta hori da futbolak eskatzen dizuna. Nahiz eta nik, etxe inguruan eremu pribatua izanik, aukera izan dudan korrika egiteko. Gainera, egoera honek aukera eman dit beste mota bateko jarduera fisikoa egiteko. Adibidez, dantza, hip saio gidatuen bidez

Nola hartu duzu Espainiako Federazioak zuen liga bertan behera utzi izana?

Federazioak hori erabaki badu, onartzea eta errespetatzea baino ez zaigu geratzen. Jokalariok gure iritziak ditugu, zabaldu egiten ditugu, eta defendatzen saiatzen gara. Baina ez dago gure esku zer egingo den. Ni liga bukatzearen aldekoa nintzen, betiere osasunerako arriskuak neurtuta. Nahiz eta detaile txiki asko kontuan hartu behar diren. Sasoi honi eta hurrengoari normaltasuna emateko, ahalegin edo sakrifizio hori egiteko moduan ginela uste dut. Emakumeen futbola beti egon da gutxietsita eta, tamalez, munduak kapitalismoari jarraitzen dio, eta futbolean gizonezkoenak agintzen du.

Kluben Elkartearen bidez azaldutako kezka bat da, jaitsierarik ez egonda, eta hemezortzi talde izanda, datorren urteko ligak izango duen eredua. Zer iritzi duzu horri buruz?

Modu batera edo bestera antolatu, argi dago desberdina izango dela. Aurreko sasoitik, Kopa talde guztiek jokatuta, egutegia are gehiago luzatu eta estutu zen. Bi talde gehiago egonda, hori areagotu egingo da. Baina aldaketak batzuetan ez dira gaizki etortzen. Urteetako egituraketa hori aldatzea motibazio bat izan daiteke. Koparekin berdin gertatu zen, eta nik uste dut talde guztiek jokatzeko aukera izateak ondorio positiboak izan zituela emakumeen futbolarentzat.

Sasoi historikoa behar zuen honek zuentzat, urtebete baino gehiagoko borrokaren ostean lehen lan hitzarmena sinatu baitzenuten emakume futbolariek. Krisi honek nola eragin diezaioke horri guztiari?

Eskerrak lan hitzarmena koronabirusaren pandemia zabaltzen hasi aurretik sinatu genuela; bestela, eragiten ari den krisi ekonomiko honekin, are zailagoa izango zen. Egoera hau ikusita, jokalari askorentzat babes handia izango da hitzarmena, batez ere lan eskubide eta baldintzei begira.

Emakumeen futbolak azken urteetan izaniko gorakadan eten bat izan daitekeela uste duzu?

Aldatu egingo da, beste gauza asko bezala. Tamalez, urte asko daramatzagu gure eskubide eta ikusgarritasunaren alde borrokan. Ohituta gaude, eta guretzat hau ez da berria. Horretan segituko dugu. Hori ez da aldatuko. Baina krisi honekin litekeena da ikustea ea emakumeen futbolaren alde egin den apustu hori benetakoa den.

Denboraldia amaituta, pertsonalki zer balantze egiten duzu?

Denboraldiero, nire helburua hazten segitzea da, bai teknikoki, bai psikologikoki. Ez dizkiot helburu handiak jartzen neure buruari. Urratsez urrats egitea gustatzen zait, eta helburu txikiak jartzea. Nik erdiko atzelari moduan jokatu izan dut, baina, denboraldi honetan, batez ere eskuin hegalean jokatu dut. Eroso eta konfiantzaz sentitu naiz, gustura, hegalean jokatzeak askatasun handiagoa ematen dizulako gora egiteko eta mugitzeko. Hori niretzat pauso handia da. Izan ere, zurea ez den postu batean jokatzerakoan, hasieran errespetu moduko bat duzu.

Taldeak seigarren postuan amaitu du denboraldia, 33 punturekin. Aurreko sasoian Espainiako Kopa irabazi eta gero, gorago egotea espero zenuten taldekideek eta zuk?

Denboraldi gazi-gozoa izan da, gorabeheratsua. Kopa irabazi eta gero, goiko postuetan egon nahi genuen Ligan. Ondo hasi ginen. Baina, gero, ez genuen lortu erregulartasun bat izatea. Defentsan ondo geunden, sendo. Baina aurrean bizitasuna eta argitasun pixka bat falta izan zitzaigun partida batzuetan. Gero, otsailean, partida asko pilatu zitzaizkigun, eta nekea antzeman genuen, bai fisikoki, bai psikologikoki. Gauzak ez dira beti nahi bezala ateratzen, eta askotan ez dakizu zergatik. Baina talde honek gauza on bat eduki du: ez duela sekula burua jaitsi, ez dituela sekula gauzak galdutzat eman, eta horrek aurrera segitzen lagundu digu garai zailetan.

Espainiako Superkopako finala 10-1 galdu zenuten. Halako kolpe bat nola kudeatzen du jokalari batek?

Zaplazteko handia izan zen. Ilusio handiz zelairatu ginen, hilabete gutxian bigarren finala jokatzeko aukera genuelako, eta Levanteren aurkako finalerdian oso ondo lehiatu ginelako. Baina gauzak ez ziren espero eta planteatu bezala atera, eta ez ginen ahal bezain ondo ibili. Baina nik uste dut hutsegite edo porrotetatik indartsuago atera zaitezkeela, gehiago ikasten duzula garaipenetatik baino. Beraz, hasierako kolperen ondoren, horri erreparatu nion, eta uste dut indartuta atera nintzela.

Handik hiru egunera, lehen kanporaketan, Madrilek Espainiako Kopatik kanporatu zintuzten. Superkopako finalean halako porrot bat jaso izan ez bazenute, kanporaketa gaindituko zenuketela uste duzu?

Aurreko sasoiko txapeldunak izanda, ilusio handia genuen Kopan. Madril gainditzeko moduko arerioa zen. Baina, aipatu bezala, otsailean oso egutegi betea izan genuen, eta psikologikoki eta fisikoki nekea antzeman genuen. Dena den, taldeak dena eman zuen, eta izan genituen aukerak irabazteko. Baina ez genuen asmatu.

Hain zuzen ere, bihar urtebete izango da Granadan Espainiako Kopa irabazi zenutela. Zer oroitzapen duzu orain egun haietaz?

Egun hauetan, etxean, denbora asko izan dut pentsatzeko. Gurasoei esaten nien, batez ere, asko gogoratu naizela aurreko egunetan genuen ilusioarekin: zein batuta geunden, nola jokalari bakoitzak eta talde moduan sinetsi genuen posible zela... Hor egon zen gakoa, argi baitzegoen Atletico Madril teknikoki oso talde ona zela. Baina futbolean gero eta garrantzi handiagoa du arlo psikologikoak. Esparru hori oso ondo landu genuen. Atzetik hasi arren, ez genuen une bakar batean ere partida galdutzat eman, eta horrek eman zigun garaipena.

Zuretzat, gainera, oso berezia izan zen final hura jokatzea. Etxean izandako istripu baten erruz ezin izan zenuelako finalerdietako partida jokatu, Anoetan, Sevillaren aurka. Nola bizi izan zenuen hura guztia?

Oso urduri. Gogorra izan zen Sevillaren aurkako finalerdia galtzea, are gehiago Anoetan zegoen giroa kontuan hartuta, eta halabeharrezko istripu batengatik izanda. Ni, gainera, ez naiz postua ziurtatua izaten duten jokalari horietako bat. Astero-astero borrokatu behar naiz horrengatik. Beraz, behin finalerdia ez jokatuta, zalantza asko sartu zitzaizkidan. Neure buruari askotan galdetu nion ea jokatzeko aukera izango nuen. Baina berehala eman nion buelta. Argi nuen nigan sinetsi behar nuela eta, batez ere, konfiantza hori entrenatzaileari erakutsi behar niola. Lortu nuen.

Zelaira iristean zaleek egin zizueten harrera eta harmailetan lagunak zure izugarrizko argazki batekin ikustea zer izan zen zuretzat?

Oraindik ere hunkitu egiten naiz hura gogoratzen dudanean. Baina sentitu nuena harrotasuna izan zen. Lasaitasuna eta ziurtasuna eman zidan partida jokatzeko. Pribilegiatua sentitzen naiz, nire inguruak beti laguntzen eta babesten nauelako, ez bakarrik garai onetan, baita txarretan ere. Jende hori gertu sentitzea izugarria izan zen.

Helburu zaila zenuen zuk partida hartan, Ludmila da Silva zaintzea, Atletico Madrileko jokalaririk arriskutsuenetariko bat. Dezente sufritzen ikusi zitzaizun. Sentipen hori duzu zuk ere?

Hala da, baina uste dut partida ona egin nuela. Nik argi nuen ez nuela lan erraza aurretik, eta sufritzea tokatuko zitzaidala. Baina uste dut partida hartan talde bat izan ginela, inoiz baino gehiago. Nire hutsegiteak beste taldekide batek konpondu zituen, eta nik, beste batenak. Hori ikusteak konfiantza izaten lagundu zigun, eta irabaztea posible zela sinesten.

Taldean giroa jartzen duten horietakoa zara, eta ospakizunean ere hala egin zenuen. Ospakizunetatik momentu bat aukeratu beharko bazenu, zein izango litzateke?

Guztietatik ezingo nuke bat esan. Baina, aukeratu beharko banu, herriz herriko bisitak egin genituenean nire herrira, Lasartera, iritsi ginen unea izango litzateke beharbada. Herriko plaza jostorratz bat ere kabitzen ez zela ikustea izugarria izan zen.

Zertan aldatu zara ordutik?

Niretzat Kopa irabaztea mugarria izan zen, berretsi bainuen nire urteetako ahaleginak fruituak eman zituela. Balio handia eman nion lorpen horretan nire hondar aletxoa jarri izanari. Horrek guztiak balio izan dit une zailetan motibazio bat izateko, eta gauzarik zailenak lortzea ere posible dela gogoratzeko.

Ekainean amaitzen zaizu kontratua. Datorren denboraldian Realean segituko duzu?

Ikusi beharko dugu. Aipatu bezala, azken asteetan azterketetan dut burua. Konfinamenduak hankaz gora jarri du dena, eta erakutsi digu ez dakigula zer pasatuko den bihar. Egunez egun joan behar dugu.

Gonzalo Arkonadak aulkian jarraitzea garrantzitsua izango zen zuretzat, kontuan hartuta konfiantza gehien eman dizun entrenatzailea dela, ezta?

Hari ere orain bukatzen zaio kontratua, eta gurekin egon den denbora luzean erakutsi du daukan balioa. Baina klubari dagokio horri buruzko erabakia hartzea. Ikusiko dugu zer pasatzen den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.