Mendi gidaria

Miriam Marco: «Arriskua kudeatzea da gidari baten lanik zailenetakoa»

Marco betidanik izan da mendiaren oso zalea, eta, gaur egun, jendea gidatzea du ogibide. Istripu larri bat izan zuen 2015ean, baina horrek ez zion mendira joateko gogorik kendu.

Miriam Marco mendi gidaria. BERRIA
Miriam Marco mendi gidaria. BERRIA
Unai Ugartemendia.
2025eko otsailaren 26a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Villanovan (Aragoi, Espainia) du bizitokia Miriam Marco mendi gidariak (Bartzelona, 1980) azken urteetan. Lanean ez dagoenean, etxe inguruko mendietan ibiltzen da gora eta behera. Gaur ere, parapente saioa eginda etxeratu da. Kosta egiten zaio geldirik egotea.

Betidanik izan al zara mendian ibili zalea?

Gurasoak asko aritu izan dira eskian, eta 3 urte nituenean eskiatzera eramaten ninduten jada. Urte batzuk geroago, Bartzelonako CEC elkartean [Kataluniako Txangozale Elkartea] eman nuen izena, eta eskiatzen hasi nintzen, baita nire adin bereko jendearekin mendira joaten ere. Geroztik, bertakoak dira nire lagun asko. Hala ere, neure kabuz ere joaten nintzen mendira, eta, esaterako, 11 urterekin Aneto mendira [3.404 metro, Aragoi, Espainia] igo nintzen mendi gidari baten laguntzaz. Ez dakit zergatik, baina beti izan nuen argi alpinismoa egin nahi nuela.

Eta noiz hasi zinen horretan?

17 urterekin. Benasqueko Mendi Eskolak alpinismoko ikastaro bat antolatu zuen, eta izena eman nuen. Gutxieneko adin muga 16 urtekoa zen, eta nik pentsatzen nuen gehienak oso gazteak izango zirela. Baina ni nintzen ikastaroko guztien artean gazteena. Beti izan dut mendietara igotzeko nahia, baina ez oinez, eskalatzen baizik. Horregatik, oso gaztetan jada, Aneto, Posets [3.369 metro, Aragoi, Espainia] eta Perdiguero [3.222 metro, Aragoi, Espainia] mendietara igoa nintzen.

«Beti izan dut mendiak igotzeko nahia, baina ez oinez, eskalatzen baizik»

Aragoiko teknifikazio zentroan ere egin zenituen urte batzuk. Zer moduz?

Ni ordurako Benasqueko haranean bizi nintzen, eta Aragoiko Mendi Federazioan nengoen federatuta. 22 urte izango nituen orduan. Alpinismoa egiteko nire adineko jendea ezagutzeko balio izan zidan garai hark. Orduan, oso zaila zen nire zaletasun bera zuten alpinista gazteak topatzea. Prestakuntza bikaina egin genuen, eta Alpeak ezagutzeko aukera ere izan nuen. Eskiatzen ibilia nintzen han, baina eskalatzera joatea beste gauza bat izan zen. Talde hartan, Marta Alejandre ere izan nuen bidelagun. Hark zortzimilakoen bidea aukeratu zuen aurrerago.

Gerora etorri zen Espainiako teknifikazio zentrorako jauzia?

Bai. Aragoikoa amaitzean, Espainiako teknifikazio zentrora egin nuen jauzi. Denak gizonezkoak ziren talde hartan. Zirrara handiz jaso nuen gonbita, eta taldekoek harrera bikaina egin zidaten. Ikaragarri ikasi nuen bertako zuzendariarekin, Simon Eliasekin. Asko lagundu zidan. Alpinismorako sarrera bikaina izan zen hura. Urte gutxiren buruan, emakumeen taldea ere sortu zen.

Noiz erabaki zenuen mendi gidaria izatea?

Betidanik izan naiz eskiko irakaslea, eta suhiltzaile izateko lan eskaintza publikoa prestatzea zen nire lehen asmoa. Baina bolada luze batean ez zuten lan eskaintzarik egin. Ordurako jada eskiatzen eta eskalatzen ondo moldatzen nintzenez, erabaki nuen mendi gidari izateko ikasketak egitea. Gidari izanda, pistaz kanpo eraman nezakeen jendea eskiatzera, eta hori zen nire xedea. Geroz eta gehiago sakondu nuen gidari lanean, eta, gustukoa nuenez, titulua atera nuen azkenerako.

2015ean istripu bat izan zenuen. Zer duzu gogoan?

Maiatzaren 8an izan nuen istripu madarikatu hura! Ordurako gidari izateko hautagai gisa aritzen nintzen lanean, eta istripua izan eta lau hilabetera hasi nuen azken formakuntza, irailean. Istripuaz ez dut ezer gogoratzen. Kirol eskalada egiten ari ginen egun hartan, eta lagun bat aseguratzen ari nintzen. Ondoan, beste batzuk ari ziren eskalatzen, eta, haiek zeuden lekuan, harri bat erori zen goitik. Buruan jo ninduen bete-betean. Ez neraman kaskorik. Orduan, kirol eskaladan inork ez zuen jartzen. Gaur egun, berriz, gero eta jende gehiagok eramaten du.

Oinez ibiltzen eta hitz egiten ikasi behar izan zenuen berriro.

Bai, halaxe izan zen. Kaxoiak irekitzea bezalakoa izan zen. Irakurtzen ere horrela hasi nintzen. Berriro ere dena gogoratzea izan zen lanik handiena. Berriro ere gidatzen hastea izugarria izan zen. Ospitaletik etxera bidali nindutenean, aitak aldaka apurtu zuen. Handik egun gutxira, biak joan behar genuen ospitalera berriro. Eta nik eraman behar nuen autoa! Aita ondoan nuen, eta hark esaten zidan dena: lehenik, lehen martxa; ondoren, bigarrena…

Nola gogoratzen duzu istripua izan ondoren mendira itzuli zinen lehen egun hura?

Ospitaletik atera eta egun gutxira, jada Montserratera [Bartzelona] joan nintzen eskalatzera bikotekidearekin eta lagun batzuekin. Ezin nintzen ia ibili ere egin. Bertigoak ere izan nituen, baina eskalatzeko aukera izan nuen. Handik bi astera, Ansabereko orratzetara [Pirinioak] joan nintzen eskalatzera.

Asko kostatu zitzaizun berriro ere sasoia hartzea?

Ez, nahiko azkar indarberritu nintzen. Goizetan korrika egitera joaten nintzen, eta arratsaldeetan lagunen batek ateratzen ninduen eskalatzera joateko. Kilo asko galdu nituen, baina, pixkanaka, oreka lortu nuen berriro.

Behin indarberrituta, goi mendietako titulua atera zenuen Espainian. Lehen emakumea izan zinen.

Azken formakuntza bertigoekin nenbilela hasi nuen. Ez nengoen erabat osatuta oraindik ere, eta pixka bat kosta zitzaidan. Halere, irail hartan Taghian egon nintzen eskalatzen, Marokon. Ondoren, gainera,  beste berrogei egun eman nituen Txinan eskalatzen. Ez nion beldurrik hartu mendiari, nahiz eta harri solteak ikusten ditudanean oraindik ere izu pixka bat eduki. Harriak ez zaizkit gustatzen! Zorionez, titulua ateratzeko gai izan nintzen. Gidari izateko azken azterketak, esaterako, Alberto Iñurrategirekin, Ferran Latorrerekin eta Eloi Calladorekin egin nituen. Oso ondo tratatu ninduten. Pribilegio hutsa izan zen hura!

«Ez nion beldurrik hartu mendiari, nahiz eta harri solteak ikusten ditudanean oraindik ere izu pixka bat eduki»

Nola gogoratzen duzu bezeroekin egindako lehen irteera?

Mendi Gidarien Elkarteen Nazioarteko Batasunaren titulu ofiziala atera aurretik, jada bi uda igaroak nituen hautagai gisa lanean. Titulua jaso bezain laster, eta nahiz eta frantsesik jakin ez, Chamonixera joan nintzen lan bila [Frantzia, Alpeak]. Chamonixeko konpainiarekin hasteko gogoa nuen, han hasi baitzen dena. Lehen irteera ofiziala beste bi emakumezko gidari frantziarrekin egin nuen. Montblaceko igoera egin behar genuen astebetean. Izugarria izan zen bidaia hura!

Azken urteetan handitu egin den arren, emakumeen presentzia oso murritza da oraindik ere mendi gidarien artean.

Bai, esan dezakegu gizonezkoen eremu bat dela oraindik ere. Hala ere, gazteekin lan egitea ederra da. Orokorrean oso jende jatorra da. Nire belaunaldikoak, aldiz, beste modu batekoak dira.

Gaur egun lan asko egiten du mendi gidari batek?

Nahi beste lan daukagu!

Zer da mendi gidari baten lanak daukan gauzarik gogorrena?

Esango nuke arriskua kudeatzea dela gogorrena. Horrez gain, elur jausien gaia eta harrien erorketak ere kudeatu behar dira. Horiek arduratzen naute gehien. Sasoian egotea ere ezinbestekoa da, eta badakigu hori asko zaindu behar dugula. Sasoia ez da betiko izaten! Nik lan gehiena kanpoan egiten dut, eta asko bidaiatzea tokatzen zait. Gaue egun, Espainiako emakumeen alpinismo taldeko zuzendaria naiz, eta egonaldi batzuk ere egiten ditugu Espainian. Baina, horiek alde batera utzita, lan guztia kanpoan egiten dut, batez ere Alpeetan eta Norvegian.

Zein da mendi gidari izatearen alderik politena?

Ni neu naizela nire nagusia [barrezka]. Nik erabakitzen dut zer lan egin nahi dudan, eta hori gaur egun ederra da. Askotariko lekuak ezagutzeko aukera ematen du langintza honek, eta jendeak, gainera, asko gozatzen du irteeretan. Jende askoren helburuak betetzeak asko asebetetzen nau. Denetariko jendearekin egiten dugu lan, eta gehiengoa izugarria da! Leku batean baino gehiagotan lan egitea gauza polita da. Ezingo nuke eremu edo mendi batean bakarrik lan egin.

Gaur egun zer harreman duzu Euskal Herriarekin?

Gasteizen bizitzen egon nintzen denbora batez, bertakoa zelako orduko nire mutil laguna. Teknifikazio taldeetan egon naizenetan, euskal herritar askorekin kointziditu izan dut, baita emakumeen taldean egon nintzenean ere. Orain eramaten dudan taldean ere, gasteiztar bat eta bi iruindar daude. Beti egon izan naiz oso gertu Euskal Herritik. Euskaldunak eta katalanak oso mendizaleak gara, eta, federazioekin ere lan egin izan dudanez, asko ezagutzeko aukera izan dut. Horrez gain, azken urteetan elkarlanean nabil Ternua etxearekin ere. Oso gustuko dut nola lan egiten duten.

Orain, martxoaren 6tik 9ra, Aran ibarrean izango zara berriz ere, Ternua Experience egitasmoan. Zer deritzozu horrelako gauzak antolatzeari?

Iazko antolakuntza izugarria izan zen, eta, lehen aldia izateko, dena primeran atera zen. Mendiko eskia probatu nahi zuen jendearekin aritzea tokatu zitzaidan, eta zorionez elur baldintza bikainak izan genituen. Oso esperientzia politak dira orokorrean, eta beste hainbat taldekiderekin gauzak partekatzea beti da aberasgarria. Jende berria ezagutzeko aukera paregabea dira halakoak.

Motzean

  • Alpinismoan egindako lagunik onena. Ezin dut bakarra esan! Asko egin ditut. 
  • Alpinismoa, eskia edo eskalada? Hirurak.
  • Entrenatzeko leku bat. Pirinioak.
  • Lanerako leku bat. Antartika.
  • Kirolari bat. Silvia Vidal.
  • Mendikoa ez den kirol bat? Surfa.
  • Jateko? Benasqueko arkumea.
  • Edateko? Errioxako ardoa.
  • Oporretarako? Eivissa.
  • Musika talde bat? Tiken Jah Fakoly.

     

  • Abesti bat?Plus rien ne m´etonne.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.