Kirolarien erretiroa

Arriskua izeneko zulo beltza

Prestaketa zorrotza dago kirolari ororen arrakastaren atzean, baina babesik gabe, asko galduta sentitzen dira erretiratzean. Jose Abando kirol psikologoak aztertu ditu erretiroaren arriskuak eta abantailak.

unai zubeldia
Donostia
2011ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Trauma edo lasaitasuna, kirolari batentzat zer da erretiroa? «Traumatik gehiago dauka lasaitasunetik baino, kirolariak normalean bere bizimodua maite duelako eta penaz bizi izaten duelako erretiratzeko garaia». Jose Abando (Bilbo, 1957) kirol psikologoaren analisia da hori. «Ikusi besterik ez dago zenbat kirolarik negar egiten duten erretiratzera doazela jakinarazten dutenean». Oso gazterik hasitako bidea oso gazterik amaitzen du normalean kirolari profesionalak. Eta, 40 urteren langatik gertu, gizarteko errealitate gordinarekin topo egiten du askotan gizarteko langile arrunten bizimoduarekin alderatuta batez bestekotik gora bizi izan den kirolariak. Noraezaren zuloa edo arrakastaren bidea. Bidegurutzea egoten da zain.

Egokitzapenean dago gakoa. «Baina oso gutxi lantzen da alor hori. Kirolariaren errendimendua hobetzeko, lan psikologikoa egiten da beti, baina kirolaria gero ez da prestatzen erretirorako». Kirol taldeei eta federazioei leporatu die ardura falta hori Abandok. «Kirol errendimendura bideratuta dago prestaketa guztia, baina ondorengo bizimodurako ez dago prestaketarik». Pauso bat aurrera eman du bilbotarrak. «NBAn, esaterako, gazteak ikastaroen bidez prestatzen dituzte pausoa emateko. Baina hemen ez da halakorik egiten». Ez hasieran eta ez amaieran. Ez dago psikologoen lanik. Uharte baten modukoa da egoera. Norberaren gaitasunen araberakoa da kirol profesionaletik eguneroko bizimodura egin beharreko trantsizioaren arrakasta edo porrota. «Kirolari batzuek landuta edukitzen dute buruko indarra, baina beste batzuek herren egiten dute alor horretan».

Erretiro bakoitzaren atzean arrazoi jakin bat egoten da beti. «Eta ondorioak ez dira berdinak erretiratzea norberaren erabakia izan denean edo erretiroa lesioengatik edo gaitasunik ezagatik iristen denean». Abandoren hitzetan, «kirolari bakoitzaren nortasunaren arabera» ere era batekoak edo bestekoak dira ondorioak. «Baita inguruan daukan babesaren edo laguntzaren arabera ere». Abandoren ustez, balizko ondorioen atzean daude kirol ibilbidean zeharreko lorpenak edo porrotak ere. «Eta garrantzitsua da kirolariak profesionalismoa utzi ondoren erakargarria den eginbehar pertsonalen bat edukitzea; dela amatasuna, dela lanbide jakin bat...».

Orainaren arriskua

Kirolari profesionalek 35-40 urterekin hartzen dute normalean erretiroa, eta horrek ez dauka zerikusirik gizarteko langile arrunt baten erretiroarekin. 40 urte eskasekin gizartean traba egiten duela nabari dezake, beraz, kirolari profesional ohiak? «Ez nuke esango hori sentitzen dutenik. Nolabaiteko goi mailako ikasketak dauzkaten kirolariak, neurri batean, bizimodu berriari aurre egiteko prestatuta egoten dira». Oraina betierekoa dela uste duten kirolariengan dago arazoa. «Burua orainean daukatenek uste dute etorkizunean horretatik bizi ahal izango direla. Baina 35 urterekin gizartearentzat eredu izateari uztean eta gaitasun ekonomikoa amaitzean, arazoak sortzen hasten dira, ordura arte burua kirol arloan soilik eduki dutelako; drogak, elikadura arazoak, depresioak, suizidioak...».

Abandok lau arlotara mugatu du trantsizio garaiko arrakasta: «Bizitzan zehar helburu berriak jartzen asmatu behar da, buruz gaitasuna eduki behar da egoera berriei aurre egiteko, kirol talde eta federazioetan laguntza eskaini behar da, eta inguruan babesa bilatu behar da».

Kirolariaren erretiroaz hitz egiten da beti, baina familia, bikotea, lagunak... egitura oso bat egoten da gehienetan kirolariaren ondoan. «Erretiroak denengan dauka eragina. Guztiek egokitu beharra daukate egoera berrira. Baina lagundu ere egin behar dute denek egokitzapena behar bezalakoa izan dadin». Kirolariek, pertsonak diren neurrian, «banakako alde bat eta alde sozial bat» dauzkate. «Eta, Jose Ortega y Gasset pentsalariak zioen moduan, 'neu eta neure inguruabarrak, horixe naiz ni'. Erretiroaren kasuan, familia sartu behar da inguruabar horretan». Kirolariak adina kasu daude erretiro garaian, baina oraindik ere zulo handia dago arrakastaren eta bizimodu berriaren artean, arriskua izeneko zulo beltza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.