Txikitatik izan duen ametsa betetzear dago Asier Agirre (Iruñea, Nafarroa, 1995), bihar emango baitu profesionaletarako jauzia, Asegarceren eskutik. «Aste honetan, gehixeago kostatzen ari zait lo hartzea». Urduritasuna nabari badu ere, horrekin bizitzen ikasita dagoela aitortu du, eta gozatzea beste helbururik ez du. «Bi urterako sinatu dut, eta bai debutean, bai datozen bi urteetan, gozatu egin nahi dut». Hasteko, maila handiko debuta izango du. Izan ere, Albisu lagun, Olaizola II.aren eta Ladis Galarzaren aurka ariko da, etxetik, Arrotxapea auzotik gertu, Labriten.
Zer moduz daramazu astea?
Uste baino hobeto, egia esan. Urduri nago, gauza guztiak berriak direlako niretzat. Kazetari askoren deiak ditut, jendeak kalean geratu egiten nau... Oso pozik nago, eta larunbata iristeko gogotsu. Afizionatu mailan konpromiso handiko partida dezente jokatu ditut, eta ikasi egin dut urduritasunari aurre egiten. Orain, kantxara atera eta gozatzea besterik ez dut buruan.
Debut bikaina duzu zain.
Ez al didate handiegia jarri? Kar-kar. Esker oneko hitzak besterik ez dut enpresarentzat. Hasieran,ez nintzen Olaizola II.aren aurka aritzekoa, baina, buruz buruko finala atzeratu egin denez, halaxe tokatu da. Ez nuen espero. Deia jaso nuenean, sekulako poza hartu nuen. Olaizolaren aurka jokatzea ohorea da, betidanik haren jarraitzaile sutsua izan bainaiz. Hori bai: beldur pixka bat ere ematen dit, behar bezala erantzungo ez ote dudan edo.
Olaizola II.arekin entrenatu izan zara.
Bai, pare bat alditan. Galtza zuriak jantzita egotea beste gauza bat da, ordea. Nire dohainak baliatzen saiatuko naiz. Gainera, Labrit etxetik gertu egonik, zale askoren laguntza izango dut.
Nolako pilotaria zara?
Esango nuke Bengoetxea VI.aren antza dudala. Noski, askoz ere dimentsio txikiagoan. Aurreko koadroetako bizitasuna gustatzen zait, eta errematean arriskatzeko ez dut bi aldiz pentsatzen. Aireko jokoa gero eta garrantzitsuagoa da gaur egun, eta hori hobetzeko lan asko egiten ari naiz. Defentsan ere hobetu behar dut. Profesionaletan dena da zailagoa, batez ere defentsan ongi ibiltzea. Guztiek abiadura bizia ematen diote pilotari.
Bi urte aski izango al dituzu zure maila erakusteko?
Baietz espero dut. Badakit orain kontuak ez direla lehen bezala. Orain, ongi aritzen ez bazara, arriskua dago etxera joateko. Nire helburua da ahalik eta gehien gozatzea eta ikastea. Lana erruz egingo dut; horretan dudarik ez daukat.
Jendeak zer esaten dizu kalean?
Badakit asko eta asko Labritera joango direla, eta horrek ilusioa eragiten dit. Auzotarrak pozik daude profesionala izango naizelako, eta, beste ezeren gainetik, gozatzeko esaten didate. Badakit debutean sufritu ere egin beharko dudala, baina aho zapore onarekin amaitzea espero dut.
Une gozo hauetan, pertsonaren bat datorkizu burura?
Bai, nire aita. Bera ere pilotari afizionatua izan zen. Ni ez bezala, atzelaria. Hark esaten didanez,3 bat urterekin hasi nintzen dagoeneko pilota hormaren kontra astintzen. Harengandik jaso nuen pilotarako afizioa, eta eskertuta nago. Gainera, urte hauetan guztietan diru asko xahutu behar izan du: bidaiak, masajeak...
Pilotaz gain, beste ezer egingo al duzu?
Unibertsitate ikasketak egiten ari naiz. Irakasle ikasketetako bigarren mailan nago. Gainera, azterketak ditut egunotan. Badakit pilota ez dela betiko kontua izango.
Asier Agirre. Asegarceko pilotaria
«Arriskatzeko aukera dudan oro, ez dut bitan pentsatzen»
Bihartik aurrera, beste pilotari profesional bat izango da, onenen artera jauzi egingo baitu Asier Agirre iruindarrak. Ilusioz gainezka eta debuterako gogotsu dagoela aitortu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu