Xabier Zaldua. Herri kirolaria

«Arria V.a lehiatu izan balitz, beste balio bat izango luke txapelak»

Euskal pentatloia irabazi berri du Xabier Zalduak. Haren ustez, «herri kirolek behar zuten halako zerbait». Horregatik, segida emateko prest azaldu da, baina bi urtean behin, «ikusleak ez nekatzeko».

JON URBE / FOKU.
Unai Ugartemendia.
2018ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Hedabidez hedabide dabil larunbataz geroztik Xabier Zaldua (Zumarraga, Gipuzkoa, 1977). Euskal pentatloiko txapela jantzi zuen egun horretan Azpeitiko zezen plazan (Gipuzkoa). Txapelaz gozatu nahi du denbora batean, berriro beste erronkaren batera plazaratu aurretik.

Nola ari zara indarberritzen?

Oso ondo. Txapela buruan izanda, errazago egiten da dena.

Batere lorik egin al zenuen lehiatu eta gero?

Nekea nabari nuen, baina, hala ere, lauzpabost ordu lo egiteko aukera izan nuen.

Nola ospatu zenuen?

Ezer berezirik ez genuen egin. Gogoan dut nire saioa amaitu eta izugarrizko gosea nuela. Lehiatu aurreko azken otordua 18:30ean egin nuen. Arroza eta tortilla bat jan nuen, baina arroza ez zitzaidan sartzen. Gero, saioa amaitzerako ia hamaikak baziren, eta orduan bai, ordurako gosea berpiztu zen.

Txuleta ez omen zenuen barkatu.

Hala da [barrez]. 01:00etan Azkoitian elkartu ginen jatetxe batean. Txuleta bat jateko eta sagardo pixka bat edateko irrikan nengoen. Lagunartean egon ginen, zintzo, xanpainik ere ez zen izan.

Larunbatean nola ikusi zenuen zeure burua?

Inoiz baino hobeto agian. Asko gozatu nuen. Aurreko egunetan beldur eszenikoaren antzeko zerbait nuen. Egia da azkeneko plazetan porrot txiki batzuk izan ditudala. Baina larunbatean ez, hasieratik oso gustura ibili nintzen. Pentatloian zeharo murgilduta ikusten nuen neure burua hasieratik. Nekerik ere ez nuen sentitzen. Egunean bertan, harriaren irudia besterik ez nuen ikusten. Harriak ematen zidan beldur handien.

Oso ondo aritu zinen.

Bai, oso ondo hasi nintzen; erregularra izan nintzen. Minutuan lau jasoaldi egitea zen helburua, eta behar baino lehentxeago berriro ere gerturatzen nintzen. Hori da seinalerik onena. Banekien ezin nuela altxaldi txarrik egin, guretzat horrek ahalegin handia eskatzen baitu.

Xabier Orbegozo 'Arria V.a'-k ez lehiatzea erabaki zuenetik, Luis Txapartegi zen zuretzat aurkaririk gogorrena. Hasieratik haren aurretik ibiltzeak lasaitu egin al zintuen?

Nik argi neukan ezin nuela inorekin itsutu. Ez nien arretarik jarri. Korrika agian huts egin zezakeela pentsatzen nuen, nahiz eta korrika ere saio ona egin zuen. Aizkoran erreferentzia batzuk banituen, baina zailagoa da bost proba izanik dena kontrolatzea.

Bost probetatik gehienetan izan zinen garaile. Baina non ikusi zenuen ondoen zeure burua?

Beldur handien nuen proban, harriekin egindako lanetan. Aizkoran asko gozatu nuen, egurrak ere gozoak zirelako agian. Bederatzi minutu pasatu nituen, baina lasai hartu nuen. Txapartegi atzetik ikustean ni ere lasaitu egin nintzen. Korrika ere asko gozatu nuen.

Askoren esana izan zen Arria V.arekin beste kontu bat izango zela. Zuk ere berdin pentsatzen al duzu?

Hori ezin da jakin. Aurreko astean, 37-38 minuturen inguruan ibil zitekeela aipatu zuen, baina zalantza beti hor geldituko da. Ni oso gustura etxeratu nintzen txapelarekin, baina egia da Arria V.a lehiatu izan balitz beste balio bat izango zuela txapelak. Hari ere aitortu nion.

Horren arantzarik gelditu zaizu?

Bai, zalantzarik gabe. Ezingo da jakin zer gertatuko zen bera han egon izan balitz. Agian denbora hobeagoa egin nezakeen, baina baita okerragoa ere. Buruak lan handia egiten du, eta horrelakoetan ez da jakiten nondik erantzungo duen.

Ez zuela plazaratu behar esan zuenean, zer pentsatu zenuen?

Pena handia hartu nuen. Nik pentaloia irabazteko grina nuen; denbora ona egin nahi nuen; baina, denen gainetik, irabazi egin nahi nuen. Orduan ere hori pentsatu nuen: txapelarekin etorrita ere ez zela gauza bera izango.

Nola ikusi zenituen aurkariak?

Txapartegi oso ondo ikusi nuen, eta Mugertzak ez ninduen batere harritu. Aspalditik ezagutzen dugu elkar, eta banekien edozertarako gai zela. Uste dut agian hobeto ibil zitekeela harriarekin. Asko kontrolatu zuen harriekin, eta korrika ere oso ondo aritu zen. Bi gazteak ere [Jon Gisasola Zelai VI.a eta Aritz Azpiazu Arria VI.a] ondo ikusi nituen. Nahikoa egin zuten.

Argi geratu zen halako lanetarako zaildua izan beharra dagoela.

Hori argi dago. Probatik probara aldatzeak oso garrantzitsuak dira, eta lan handia eskatzen du. Ni hiru probatan saio batzuk egindakoa naiz entrenamenduetan, eta banekien aldaketak azkar egin behar zirela.

Zure denbora oso ona izan zen: 36.26. Espero baino hobea agian?

Zelai laguntzaileak esaten zidan: «kristorena egin behar dek !»; baina nik ez nekien zein denboraz hitz egiten ari zen. Nik buruan 40 minutuko langa nuen. Etxean pentatloi osoa egina nuen, eta 40 minututik gora erraz joan nintzen. Ni neu asko harritu nintzen egin nuen denborarekin. Baina oraindik ere denbora hobea egin nezakeela ere pentsatzen dut.

Ia bete egin zen zezen plaza. 28 urteren ondoren, bazen gogoa berriro pentatloia ikusteko. Gustura gelditu al zarete lehiakideak?

Bai. Egun hauetan aipatu dut: herri kirolek behar zuten horrelako zerbait. Ikusleei erakutsi zaie ikuskizuna eta herrikirolak uztar daitezkeela errespeturik galdu gabe. Baina gauza batzuk hobetu daitezkeen ustea dugu: erakundeen aldetik laguntza gehiago, eta kirolariak honetara moldatzea. Orain batzuk izan gara lan hau egiteko prest, baina beste batzuren jakin-mina ere piztu da. Hori gauzatzea falta da orain.

Izan duen harrerarekin, etorkizuna du pentatloiak?

Bai, baina ezin dugu jendea nekatu. Tarteka eginda ondo ikusten dut. Bildu eta ondorio batzuk ateratzeko garaia da. Nik bi urtetik behin egingo nuke gustura, baina hori ikusteko dago.

Joseba Otaegik apustua bota du pentatloiaren lan berbera egiteko. Zer deritzozu? Zergatik ez zen larunbatean plazaratu?

Berak esan zuelako garai txarra zela, txapelketak tarteko zirelako. Ni ere txapelketan ibili naiz, eta kale egin dut. Nik orain dela lau hilabete hartu nuen konpromisoa pentatloiarekin, nahiz eta jakin txapelketak ere inguruan izango zirela. Niri kalterik ez didala egin esan dezaket; nik beste arazo batzuk izan nituen osasunarekin. Niri kalte haiek egin didate, ez pentatloiak. Aratz Mugertzak ere erakutsi du biak osagarri izan daitezkeela. Nik aurrekoan ere esan nuen bost probetan zerbait erakutsi nahi zuenak bazuela aukera Azpeitian. Bestalde, plazara irten naizen azkenekoetan esperientzia txarrak izan ditut, eta gorputza asko astindu dut. Ez naiz berriro ere edozein modutara plazaratuko; hori argi daukat.

Beraz, ez zara Kantabrikora azalduko?

Ez, pentatloian lehiatu aurretik zurrumurruak baziren, eta emaztearekin hitz eginda nuen aurten behintzat Gabonak lasai pasatuko nituela. Urrezko Koparako izena eman dut, eta joango naiz. Gainera, ez diot zentzurik ikusten pentatloiko lan berak orain egiteari, agian aldaketa batzuk egin balitu...

Zein asmo dituzu orain?

Lehenik, osasun arazo guztiak baztertu nahi nituzke. Lehengoan oso sasoi onean ikusi nuen neure burua, baina oraindik ere uda aurretik pasatu nuen barizelaren arrastoak ez ditut guztiz baztertu. Oraindik ere konfiantza berreskuratu nahi dut, edozein apustu bota aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.