Arretxe II.ak egin du aurrera buruz burukoan

Partida serioa egin du, eta eroso samar irabazi dio Elezkano II.ari (22-13).Beste atariko bat jokatuko du Albisuren aurka, bihar zortzi

Iñaki Lasa Etura.
2015eko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Ahal fisikoaren eta psikologikoaren arteko lehian, buruak irabazi zuen, atzo, Arrigorriagan (Bizkaia). Atzetik hasi, eta zenbaitetan herrenka aritu arren, nahiko eroso irabazi zion Iker Arretxek Danel Elezkanori (22-13), Asegarcek antolaturiko buruz buruko txapelketarako lehen atarikoan. Jon Ander Albisuren aurka jokatuko du hurrengo atarikoa Luzaidekoak; hilaren 27an, Beotibarren (Tolosa, Gipuzkoa).

Bi aurrelarien arteko lehia estu hasi zen. Arretxek atera zuen lehenengo sakea, eta hiru tanto jarraian egin zituen. Elezkanok, baina, segituan berdindu zuen neurketa. Ez hori bakarrik, lau tantoko abantaila izan zuelako (5-9). Aurkariaren arazo fisikoak baliatu zituen lehen minutu horietan. Eskuin belauneko lotailua hazita dauka Luzaidekoak, eta, horregatik, ez zebilen nahi bezain eroso. Ez zen garaiz iristen pilota altxatzera.

Neurketa berdintzeko gai izan zen, hala eta guztiz ere, Arretxe (9-9). Sakea baliatuta, min handia egin zion bizkaitarrari. Hortik aurrera, azukrea uran bezala urtu zen Elezkanoren grina. Saketik tantoak jaso ahala, gero eta urduri eta deserosoago jokatu zuen. Horren eraginez akats bat baino gehiago egin zuen. Buruz buru garesti ordaintzen dira halako hutsak, eta aise zabaldu zuen aldea Arretxek (17-10). Nafarrak luze sakatu zuen, eta Elezkano errestoa bederatzigarren koadrotik itzultzen saiatzera tematu zen, boleaz ahalegindu beharrean. Erabaki horrek lana erraztu zion Arretxeri, belauna gutxi behartu zuelako. Azkenerako, zortzi tanto egin zituen saketik.

Aspeko atarikoa, Tolosan

Aspeko adarrean, Jon Jaunarena eta Jokin Altuna lehiatuko dira, gaur, Beotibarren (17:00, ETB1). Hasieran, Altunak eta Aritz Lasak jokatu behar zuten gaurko neurketa, baina urretxuarrak fibrosia dauka eskuin eskuan, eta uko egin dio lehiaketan parte hartzeari. Gaurko irabazlea buruz buruko txapelketaren aurkezpenean egongo da, hilaren 29an. Lehen kanporaketak Zumarragan, Legazpin (Gipuzkoa), Iruñean eta Oionen (Araba) jokatuko dira hurrenez hurren. Artola ariko da Legazpikoan, ziurrenik. Kanporaketa horiek maiatzeko lehen asteburuan jokatuko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.