Eztarria urraturik oraindik, igande gauean baino lo gehiago eginda dago Mikel Orbañanos (Orio, Gipuzkoa, 1973), Hondarribiako entrenatzailea igandeko garaipenaren gozoa dastatzen ari da oraindik: «Poz honek iraun egin behar digu», esan du.
Taldeko asko ari zarete esaten Kontxa hau irabaztea «liberazio handia» izan dela. Zergatik?
Aurreko urteetan garaipenetik gertu geratu izan ginen, baina banderarik lortu ezinda. Alde horretatik, aurtengoak gure ametsa bete du, edo, behintzat, arraunlarien nahia gauzatu da.
«Liberazioa» eta antzekoek adierazten dute Kontxa estropadarik bereziena dela, ezta?
Berezia da, baina Zarauzko Estropadetan ere antzeko egoera izan genuen , 2015ean irabazi genuelako aurreneko aldiz, makina bat alditan bigarren egin eta gero. Askotan heltzen ginen aukerekin, baina irabazi, inoiz ez. Ikusi genuen helburutzat jarri behar genuela estropada hori irabaztea, eta gogoan dut nola esan nien arraunlariei 2015ean, estropada aurretik: «Ez badugu irabazten, ez da ezer gertatzen. Taldeak zeraman dinamika onari segida emanez gero, helduko da garaipena urteren batean». Eta urte horretan irabazi genuen.
Kontxara ere lasaitasun edo presioa kendu nahi horrekin heldu zarete aurten?
Bai. Arinago heldu gara aurten buru aldetik. Entrenatzen hasi ginenean, iazko udazkenean, aurreko denboraldiko taldetik arraunlari garrantzitsu batzuk falta zitzaizkigun, eta, horregatik-edo, presio gutxiagorekin ibili gara, ustez gure maila apalagoa izango zelakoan. Ondo joan zaigu denboraldia presio hori gabe, eta Kontxan ere saiatu gara pentsamolde beretsua izaten: presio gutxirekin joan, onena eman, eta ezinbestean irabazi beharraren zamarik gabe.
Iazko aldean, oso ezberdin, oso lotuta atera zinetelako.
Bai, erabat. Kiniela guztietan azaltzen ginen irabazteko, eta guk ere ikusten genuen aukera asko geneuzkala. Aurten ere bagenekien aukerak genituela, baina asmatu dugu lasaiago hartzen.
Zergatik irabazi duzue?
Gure lana oso ondo egin dugulako, eta hori egiten dugunean goiko lekuetan ibiltzeko taldea garelako.
Zer da zuen lana ondo egitea?
Arraunean ondo egitea, baina beste gauza batzuk ere bai: arraun elkarteko kide guztiek —arraunlari, patroi, entrenatzaile eta prestatzaile fisikoak— dena jarri dugu taldearen alde, ondo ateratzeko, eta atera egin da.
Izan ere, bat nahigabe ere aldrebestea nahikoa izaten da dena hankaz gora jartzeko, ezta?
Hala da, bai. Uste genuen maila handia egongo zela talde guztietan, eta bagenekien kontu txikiak erabakigarriak izango zirela. Kontu horiek denak oso ondo lotzen asmatu dugu, presiorik gabe, eta uretan ikusi da, traineruak hiru estropada oso on egin dituelako.
Zein izan da estropada osoagoa zuentzat, aurreneko jardunaldikoa ala bigarrenekoa?
Bigarren igandean gure esku zegoen kontu txikiren batek ihes egin izan baligu, bandera ez genuen irabaziko. Lehen igandean ere lan biribila egin genuen.
Non zinen jarrita bigarren igandean, motordun ontzian?
Emakumeen kanpoko balizen parean, uharte aldera, gu laugarren kalean baikinen.
Ez zenituen hogei minutu gozoak pasatuko, tentsio betean, ezta?
Oso txarra izan zen; aspaldian egon garen urdurien geunden ontzian anaia eta biok. Trainerua albotik pasa zenean, oihu egiteko aukera izan genuen, eta telefonotik Ioseba [Amunarriz, patroia] entzuten nuen arraunlariei gauzak esaten. Oso ondo ari zen, eta ez nuen eduki gauza asko esateko beharra. Gehiago nenbilen neure buruari bueltaka, traineruaren norabide zuzena zein izan zitekeen konturatu nahian, eta horregatik nengoen urduri. Kontxako hiru estropadetan asmatu dugu norabideekin, eta Iosebaren lana oso ona izan da horretan.
Aurrez zehaztutako planteamenduan, ziabogan Zierbenaren aurretik izatea espero zenuten?
Ikusirik zeinen ondo joan ginen kanpora lehen igandean, bigarrengoan ere hori espero genuen, gure arraunketarekin traineruak asko eskertzen zuelako kanporako luzean. Hala ere, oso garbi geneukan guk gurea egin behar genuela, aurkaria aparte lagata, bestela zama psikologikoa izan zitekeelako besteari hainbeste begiratzea. Kanpoan aurretik izan edo atzetik, garbi genuen barrura lan handi bat egin beharko genuela, eta ondo atera zen dena. Kanpora lasai joan ginen, arraunean era pausatuan eginez, ahal zen neurrian indarrak gordetze aldera azkenerako.
Bukaera estua izan zen, eta atera egin behar indarrak edozein lekutatik. Ez da erraza erritmoa bizituz traineruaren joanari kalte ez egitea, ezta?
Aurreneko igandean, ikusita aurkari batzuei alde handia ateratzen ari ginela, badia barruan harrotu bezala egin ginen, eta arraunlariek ikusten zuten aukera handia zegoela, eta presaka bezala ibili ginen erritmoa bizitzeko garaian. Hori ikasia geneukan bigarren iganderako, eta bagenekien Zierbena aurkari handia izango zela badia barruan. Orduan, bukaeran ahalik eta gehien emate aldera, kanpora pausatuago joan ginen.
Bukaera baino lehen, uharte parean, hiru segundo aurretik jarri zineten. Bandera irabazita ikusi zenuen?
Bai. Zalantzak ere baneuzkan, baina lehenxeago ilun samarra ikusi genuen bezala, uharte pare horretan argitzen hasi zitzaidan.
Zer pentsatu zenuen Zierbena berriz ere gainera joan zitzaizunean?
Beraiek hartzen zuten olatua guk hartzen genuen gero, eta azkeneko ehun metroetan sartu arte ikusten ari nintzen bietako edozeinek zeukala bandera irabaztea.
Zer etorri zitzaizun burura lehorretik jakin berritan garaile zinetela?
Une batean, kontaktua galdu genuen lehorreko gure ordezkariekin, Frantxis [Gonzalez Txabarri, ordezkaria] telebistakoekin zuzenean hitz egitera joan zelako. Koldo [Diaz, beste ordezkaria] ere han zen, baina oso urduri, eta orduan beste motordun ontzi batetik esan ziguten guk irabazi genuela. Baina ez ginen fio, benetan nahi genuen ziurtatu, lehorreko baieztapenarekin. Koldok esan zigun walkie-talkietik baietz, gu ginela irabazleak. Ikusten nuen arraunlariak ez zirela ari ospatzen oraindik, eta gu haiengana joan ginen. Guretzat, anaiarentzat eta biontzat, sekulakoa izan zen arraunlariei esatea; trainerura gerturatzen ari ginela adierazi genien keinuen bitartez, eta betirako barruan geratuko zaigu ikustea nolako poza zeukaten eskuak altxata.
Zuen ontzia ez zen berehalakoan iritsiko traineruaren albora, ezta?
Hori da. Minutu batera geunden, baina luze egin zitzaigun, bai.
Bandera jaso eta arranplan bizi izandakoa sekulakoa izan zen. Duela bost urte, irabazi arren, ezin zenuten horrelakorik bizi, polemika tarteko. Aparteko gogoa zenuten behar bezala ospatzeko?
Bai, gogo handia geneukan gure zaleekin ere ospatzeko. Aurreko bi aldietan ezin izan genuen erakutsi poz guztia, baina oraingoan bai, bete ahal izan dugu nahi hori, eta, alde horretatik ere, oso pozik.
Zer esango zenieke Zierbenako arraunlariei?
Zoriontzeko moduko estropada egin zuten igandean, eta gure poza handiagoa da halako aurkari handi bat parean izan eta irabazi egin diogulako.
Urdaibaikoak ere gogoan dituzu?
Bai, noski. Badu nahiko maila banderaren lehian izateko, baina lanak ondo egin behar dira, eta akats batzuk garesti ordaindu ditu, nahigabe egindakoak izanda ere. Denoi gertatu izan zaizkigu horrelakoak; horrek etsipen handia sortzen du, eta, hemendik, animoak nire partetik.
Marcelo Bielsak hau esaten du: «Garaipenaren aparra oso motza izaten da». Zurea ere halakoa ari da izaten?
Oraindik barru-barruan dauzkagu garaipen honen pozak eta sentimenduak, eta gozatzen jarraitu nahi dugu. Baina egia da eguneroko lana datorrela segituan, eta aurrera jarraituko dugu gurea betetzen.
Entrenatzaileak izaten du barruan halako mailu bat, jarduna askotan zehaztasun gehiegirekin aztertzen diona, hutsen baten bila. Zuk baduzu irudipena zerbait ez duzula ondo egin Kontxa honetan?
Ez daukat. Nahiko biribila izan da alde guztietan, eta, esaten den bezala, garai txarretatik asko ikasten da, baina irudipena dut onetatik ere ikasi dudala.
Aurrera begira jarrita, kezkatzen al zaitu taldearen batez besteko adinetik gora dauden arraunlarien geroak, utzi egingo duten edo?
Ez gara talde zaharra. Gazte mailatik badatoz arraunlariak, eta batzuk taldean dira jada. Horiek ezin dira nekatuta edo erreta egon; zaharxeagoak direnetako asko ere, ez dira urte asko arraunean dabiltzala, eta iruditzen zait fresko egongo direla; badute gaia oraindik urte batzuetan jarraitzeko.
Beterano horiei heldu egin behar gazteenak iritsi eta hazi artean, ezta?
Horixe da nahi duguna.
Arrauna. Kontxako Bandera. Mikel Orbañanos. Hondarribiako entrenatzailea
«Arraunlarien nahia eta ametsa bete ditugu Kontxa hau irabazita»
2005ekoa, 2013koa eta aurtengoa; igandean, Orbañanosek hirugarren aldiz irabazi zuen Kontxako Bandera Hondarribiarekin, eta «liberazio» hitza erabili du, aurreko urteetan irabaztera joan eta «irabazi ezindako zama» gainetik kendu dutelako aurten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu