Gari Uranga. Zarauzko entrenatzailea

«Arraunlariek gozatzea da nire helburua»

Etxean aurkitu du entrenatzailea Zarautzek, herritarra eta klubean hazitakoa baita Gari Uranga. Lehen aldiz ariko da ardura eta zeregin horietan, eta ilusioz gainezka dago.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Aia
2017ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Ezagutu zuen Gari Urangak (Zarautz, Gipuzkoa, 1982) Zarauzko Arraun Elkarteak Orion zeukan instalazio zaharkitua eta apala. Ez ziren lan egiteko baldintza onenak, baina han egin behar, besterik ezean. Ezagutzen du Aiako egoitza berria ere, hemendik aurrera lantoki izango duena, bere lanabes berriekin, Zarauzko arraunlariekin.

Ezustea izan da zuretzat ere Zarautzen deia jasotzea?

Ez nuen espero, egia esatera. Anjelek uztea [Anjel Larrañaga, orain arteko entrenatzailea]ezustea izan zen. Deitu egin zidaten ea zer pentsatzen nuen entrenatzaile izateko aukeraz, eta nire aurreneko pentsamendua ez zen ezezkoa izan. Hasi nintzen pentsatzen, eta zergatik ez? Gainera, Zarautz da nire etxea. Zailagoa ikusiko nuke beste tokiren batera joatea entrenatzaile izatera.

Ezezkorik ez, hortaz, hasieran, eta baiezkoa azkar?

Erantzun nien nirekin hemen arraunean ibilitakoen babesa beharko nuela. Azken batean, klubean jarraitzen dute Ekhi Illarramendik, Aitor Jauregik eta Gaizka Garmendiak, lan batean edo bestean, eta horien babesarekin animatuko nintzatekeela esan nion zuzendaritzari. Hondarribian zazpi urte handi egin ditut, eta banuen barruan hango zikloa amaitu zaidan ustea, eta begira, Zarauzko aukera denez, hemen nago. Sekulako ilusioa daukat.

Beterano horiek arraunean jartzeko gai izango al zara?

Ez dute egingo, ez. Nik bai, nik egin beharko dut, eta egin nahi dut, trainerua hobeto sentitzen delako barrutik, eta barruan doazenei ere eragiteko.

Zarautzek deitu aurretik, buruan bazenuen egunen batean entrenatzaile izatea?

Ezta batere. Egunen batean, etxeko umeak behin kozkortuta, agian aukera ikusten nuen gazteekin lanean hasi edota klubean laguntzeko. Baina hemendik hamar bat urtera edo.

Zer eskatu dizu Zarautzek? Zerbait eskatu badizu, behintzat...

Kirol helbururik ez dugu jarri. Arraunlari batzuk uztera doaz taldea. Nire helburu bakarra hau da: datorren denboraldia bukatzen denean, beste denboraldi bat egin nahi dutela ikustea, arraunean segitzea. Azken batean, gustura ibil daitezen nahi dut. Zarautzen helburua arraunlari gazteekin lan egitea da, eta nire etorrerak poz pixka bat sortzen badie, are hobe.

Helburu hori gauzatzeko zein bide hartuko duzu?

Garbi dago emaitza onekin errazago lortzen dela jendea gustura ibiltzea. Baina nik neure buruari beti esan izan diot neguan sufritu ondoren gozatu behar dela udan, baina neguko bidean ahalik eta gehien gozatuz. Neguan gozatzen ez duenak nekez gozatuko du udan. Arrauna gustatu egin behar zaio jendeari, gozatu egin behar dugu elkarrekin entrenatzen, taldea egin. Hori dena bizi dezaten nahi dut.

Neguan gozatu. Kontrako ospea du, bada, arraunak.

Hala da, bai. Nork bidaltzen du alaba edo semea arraunera? Ia inork ere ez. Buelta eman behar diogu horri. Gero, Zarautzen mila kirol daude. Lana egin behar dugu, eta gozo zaindu behar ditugu arraunlariak, azken batean arraunak sekulako gauza pila bat ematen dizulako bueltan. Zerbaitegatik kostatzen zaio arraunlariari arrauna uztea... Etor dadila jendea, eta proba dezala.

Zarautzek behera egin zuen TKE ligatik jaitsita, eta KAE 2 ligaraino joan zen. Orain gorantz zetorren berriz. Horri eusteko, pentsatu al duzu kanpoan dabiltzan arraunlari zarauztarrak ekartzea berriz?

Ia ezinezkoa da horiek ekartzea bueltan. Sekulako mailan ari dira, eta gaur egun ezinezkoa da. Polita izango zela, adibidez, Gorka [Aranberri], Bersaitz [Azkue] eta Hegoi [Intxauspe] hemen izatea? Bai horixe. Baina badakigu non gauden eta zer garen.

Zure ibilbidean, Luis Mari Etxart, Jose Ramon Mendizabal, Luxia Olasagasti eta Mikel Orbañanos izan dituzu entrenatzaile. Denek erakutsiko zizuten zerbait, ezta?

Bai. Mikelekin pasatu dut urte gehien, eta hark asko eragin dit. Mendik ere bai, hasiera zelako. Sekulako grina zeukan, eta bizi egiten zuen arrauna besteoi biziarazteko. Etxartek erakutsi egin zigun, eta KAE 1era igotzeko kanporaketa jokatu genuen, lehen urteko hamar arraunlarirekin. Luxiarekin ere ondo, eskola zaharrekoa zen hura. Haren azkeneko urtean egon nintzen harekin, eta asko gustatzen zitzaidan nolako segurtasuna zeukan egiten zuen guztian.

Zer esan dizute Hondarribian zure erabakiaz?

Pena hartu dute, baina ulertu dute nire erabakia; modu naturalean hartu dute. Nire onena han eman dut, eta haiek ere dena eman didate, eta horregatik sortu zait Zarauzko aukera.

Askok ez dakiena da futbolari ere izan zinela.

Txarra, baina bai. Asko gustatzen zait jokatzea. Arraunera Bersaitzek animatu ninduen. Gure osabak egin zuen arraun Zumaian 80ko hasieran, eta joaten ginen estropadak ikustera. Banuen barruan zaletasuna, nonbait. Probatu, gustatu, eta hemen nabil.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.