Entrenatzaile berria da Jon Larrañaga (Getaria, Gipuzkoa, 1979), eta iturri onetatik edandakoa ari zaie erakusten Getariako arraunlariei: «Luxiaren [Luis Olasagasti entrenatzaile ohia] eta Hondarribiaren arraunkerarekin ibili naiz gusturen». Luze egiten du arraunean Esperantza traineruak, eta asko luzatu baino lehen irabazia du KAE 1 liga honetan bandera bat.
Zer da herriko taldearekin eta entrenatzaile hasi zaren denboraldian bandera irabaztea?
Zaila da azaltzen, baina sekulako poza daukat. Oso handia izan zen arraunlarien aurpegiak ikustea jakin zutenean bandera irabazi genuela. 17-18 urteko mutil gazteak, patroia ere gaztea... Latza izan da. Ilusioa neuri ere egin dit, baina arraunlarien emozioa ikustea izan da handiena niretzat.
Iazko udazkenean jaso zenuen herriko taldearen aurreneko deia, entrenatzaile berria eta arraunlariak batzeko laguntza eskatuz.
Hori da. Hasieratik nekien zein ziren zuzendaritzaren asmoak, eta nik lagundu egin nien entrenatzaile batzuen izenak ematen eta haiek buruan zeuzkaten batzuen inguruan nire iritzia ematen. Bere bidean jarraitu zuen zuzendaritzak, baina dena gaizki atera zitzaien.
Orduan deitu zizuten bigarrengoz, entrenatzaile izateko aukera eskaintzeko.
Bai. Estu zebiltzan, niri eskaini zidaten, eta baiezkoa eman nien. Arraunlariak deitu zituzten nirekin bilera bat egitera, eta hamalau bakarrik zeuden; batzuk zalantzan, gainera. Gero ezezkoa eman zuenik ere izan zen.
Nolatan eman zenuen baiezkoa baldintza horietan?
Galdera ona [barrezka]. Erronka gisa hartu nuen, gogoa nuelako. Arraunean egiteko, gogoa behar da, eta egunetik egunera hobetzeko gosea; hori esaten diet arraunlariei. Nahikoa gauza irabazi ditut, eta beste pauso bat emateko garaia zela sentitu nuen. Non hobeto etxean baino, eta, gainera, arraunlari gazteekin.
Egin duzue aurreneko entrenamendua uretan, eta ikusi duzu taldea: arraunlari bat edo beste arraunean inoiz egin gabea, beste gehienak oso gazteak... Zer pentsatu zenuen?
Nahiko lan bagenuela. Astebete lehenago, saio bat egin genuen, fosoan, eta azaldu nien nola nahi nuen taldeak arraunean egitea. Gogorrena izan zen arraunean lau edo sei urte egin gabe zeudenei eta inoiz egin gabekoei dena azaltzea. Uretako lehen entrenamendu hartan, hamahiru lagun ginen, eta eduki izan banu tapaki bat trainerua uretan eta entrenatzen jendeak ez zezan ikusi, jarri egingo nuen. Oso gordin geunden.
Hasiera zail hartatik bandera bat irabaztera zer dago?
Lan errentagarria. Lan oso zehatza egin behar izan dugu, oso teknikoa, uretan ordu asko igaroz. Aurtengoari heldu beharra zegoen, ezin genuen luzera begira jarri, nola edo hala aurreneko txandatik ihes egin nahi genuelako. Lehorreko lana ere neurtua izan da, arraunlariak ez nazkatzeko. Momentuan behar duguna landu dugu, eta ez sekulako kargak. Bestela, arraunlariei egurra emanez gero, arriskua baten bat ez azaltzeko datorren urtean, eta, gutxi garenez... Lanak bermea eduki behar du gero emaitza emateko, baina, beste alde batetik, ezin izan ditut arraunlariak behartu. Tartea behar da halakoetan, giro ona sortu; bestela, bide motza luke honek.
Lan lasai horren etekina horregatik ari da orain ateratzen, uda aurrera doala?
Arlo fisikoan oso lan ona egin dugu neguan, baina karga uretako lanean sartuta. Arraunean egin behar genuen, ikasteko, eta orain, bloke on samarra gara. Taldeak badaki estropadako une bakoitzean zer egin behar duen, gutxi gorabehera. Ikasiz joan da pixkanaka, eta konfiantza dugu.
Helburu txikiak jarri dituzu?
Bai. Aurreneko estropadatik gaur arte sekulako hobekuntza izan dugu. Orduan, arraunlariei galdetzen nien zer moduz estropadan, eta ez zekiten erantzuten. Nik ere ez nekien nondik heldu, galduta bezala nengoen. Bigarren estropadan, helburu txikiak jarrita atera ginen, eta hori egin genuen; hobekuntza da hori. Horrela joan gara, estropadaz estropada gauzak landuz, eta orain egin egiten ditugu landutako gauza horiek.
Izaro Lestayo patroiari bi estropada eman dizkiozu, eta izan du oihartzunik horrek. Zer diozu?
Berezko zerbait izan da. Patroi bakarra genuen, eta bera prest zegoen. Eskatu nion entrenatzera etortzeko, eta ez behar zenean deitu eta etortzeko. Mutrikun (Gipuzkoa) jarri nuen, denboraldi-aurrean, eta ondo ibili zen. Baionan, ligako estropadan ere zoragarri moldatu zen, eta Gipuzkoako Txapelketan ere Izaro jarri nuen. Edukiko du beste aukeraren bat ligan. Azkenean, Unax [Eizagirre] da titularra, baina oso pozik nago Izarorekin ere. Biak ari dira ondo.
Arrauna. Jon Larrañaga. Getariako entrenatzailea
«Arraunlariak pozik ikustea baino gauza handiagorik ez dago»
Lehen denboraldia du entrenatzaile lanetan, non eta herriko taldean. Oso arraunlari gutxi dauzka, eta oso gazteak gehienak. Hala ere, aurreko larunbatean, Getariak bandera irabazi zuen KAE 1 ligan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu