Irailean, arrauna uzteko erabakia hartuta zeukan Iñigo Larrinaga Ondarroa arraun elkarteko patroi ohiak (Ondarroa, Bizkaia, 1985). Kontxan esan zuen agur. «Arrauna uzteko erabakia oso argi nuen. Hainbeste, emaztearekin karabana bat erosi nuen oporretara joateko. Baina, gutxien espero nuenean, Orioren eskaintza ailegatu zitzaidan. Etxean aztertu ostean, baiezkoa ematea erabaki nuen. Arraunean jarraitu ahal izateko baldintza ederrak jarri dizkit Oriok, eta oso pozik nago».
Familiarekin denbora gehiago egoteko zituen zailtasunak eraman zuten Larrianaga arrauna uzteko erabakia hartzera. «Arrauna ez nuen utzi nekeagatik, kontziliazio kontuengatik baizik. Hori horrela, Mikel Arostegik [Orioko entrenatzailea] zenbait proposamen egin zizkidan, eta ikusi nuen horrela posible izango zela. Adibidez, neguko sasoian igandeetan jai izatea, edo Aste Santuan oporretara joan ahal izatea».
Ikusi gehiago
Baldintza berriak egokiagoak edo gustagarriagoak izan arren, Larrinagak dio erabakia hartzea «gogorra» izan zela. «Ilusio handiz heldu diot erronka berriari, baina aldaketa ez da erraza izan. Niretzat arrauna beti izan da herriko kirol bat, baina, 25 urte hala egin eta gero, beste aukera bat sortu zait, eta hartzea erabaki dut». Oro har, inguruko jendeak bere erabakia «ulertu» duela dio. «Jendeak, nagusiki, gauza onak esan dizkit. Normala den moduan, mota guztietako iritziak daude, baina erabakiak nirea izan behar zuen».
«Dagoen maila ikusita, oso zaila izango da goiko postuetan egoteko borrokatzea, baina ahalik eta gorenen amaitzea izan behar da helburua, iazkoa hobetzea, eta abian jarri dugun egitasmo berri hau aurrera eramatea».
IÑIGO LARRINAGAOrioko patroia
San Nikolas ontzira Aitzol Elu eta Joseba Aristi taldekide ohiak joan izanak ere lagundu dio. «Alde horretatik, oso babestuta nago. Beti laguntzen du jende ezaguna inguruan izateak. Aitzol eta ni batera joaten gara Oriora, eta Josebarekin oso harreman ona egin nuen iaz. Nire konfort eremutik ateratzeko ere baliatu nahi izan dut aukera hau».
Oriori aldaketa handiak ekarri dizkion sasoi batean ailegatu da Larrinaga. Izan ere, Mikel Arostegik Jon Salsamendi ordezkatu du entrenatzaile gisa, eta taldea goitik behera aldatu da, bigarren taldetik dozena bat arraunlari igota. «Oso talde berria eta gaztea gara, eta ilusio eta gose handiz ikusten ditut taldekideak. Aurreko urteko emaitza ez hain onei buelta emateko gogoz gaude, eta horrek beste zerbait ematen dio taldeari».
Oriako traineru jaitsiera izan zen denboraldiaurreko lehen proba garrantzitsuetako bat, eta Arostegiren taldeak zazpigarren postuan amaitu zuen, Bermeo Urdaibai irabazlearengandik 46 segundora. «Emaitza hobea izan zitekeen, baina lanean jarraitu behar dugu, eta ziur taldeak goraka egingo duela. Bakoitzak jakin behar du zein momentutan dagoen eta zeren bila ari den».
2023an, Oriok Ondarroako Bandera irabazi zuen, eta Eusko Label ligako sailkapen nagusian bosgarren postuan amaitu zuen. «Dagoen maila ikusita, oso zaila izango da goiko postuetan egoteko borrokatzea, baina ahalik eta gorenen amaitzea izan behar da gure helburua, iazkoa hobetzea, eta abiatu dugun egitasmo berri hau aurrera eramatea». Arlo pertsonalean, patroi ondarroarrak badu helbururik sasoi berrirako. «Oriora joatea erronka handia da, exijentzia handia baita, eta ondo aritu nahi nuke. Aipatu dudan bezala, nire konfort eremutik ateratzea erabaki dut, neure burua hobeto ezagutu eta eman dezakedan maila zein den hobeto jakiteko».