Arraunean ibiltzen

Mikel Odriozola atleta ohia da Hibaikako arraunlarien prestatzaile fisikoa, eta udazkenean hasitako esperientzia berrian gustura ari dela dio, bere metodoa poliki jarriz.

Aitor Manterola Garate.
<i>Donostia</i>
2017ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Badaukate antza Mikel Odriozola atleta ohiaren (Errenteria, Gipuzkoa, 1973)eta Hibaikako emakumezkoen arraun taldearen kirol emaitzek. Bien kasuan, atari-atarian geratu izan dira emaitza handiren bat lortzetik, nahiz eta lortutako emaitzak ere handiak izan. Alderaketa hau pare-parean dator Kontxako Bandera jokatzen hasiko den bezpera honetan: Hibaika bigarren izan da 2013an, 2015ean eta 2016an, eta Odriozola laugarren izan zen ibilketako Europako Txapelketan 1998an, eta 2006ko eta 2008ko Munduko Kopan. Arraunlariei gutxi falta izan zaie banderarik preziatuena irabazteko, eta atleta dominak lortzetik oso gertu geratu zen.

Bi esperientziak batera ari dira orain, iazko udazkenetik, Odriozola baita Hibaikakoen prestatzaile fisikoa. «Esperientzia garratzak izan ditugu haiek eta nik lehiaketa handienetan, eta ari naiz momentu horietatik ikasitakoa arraunlariei helarazten saiatzen». Aholkulari lanean ere ari da, azken batean, atleta ohia, ez baita alferrik izan euskal atleta loriatsuenetakoa. 2000ko eta 2008ko Olinpiar Jokoetan parte hartutakoaren esperientziak ezinbestean izan behar du aberasgarria arraunlarientzat.

Doikuntza fisikoak bere bidea darama udazkenetik, eta Odriozolak badaki taldea sasoi oso onean dagoela: «Abuztuan, sei estropada jokatu eta hiru irabazi ditugu, nahiz eta batek ez duen kontatzen bandera bezala, zigortuak izan ginelako irteeran ondo ez moldatzeagatik». Hiru bider San Juan menderatu izanari balio handia eman dio: «Zerbait esan nahi du. Batetik, ondo egindako lanaren fruituak azaltzen ari direla, eta, bestetik, Kontxaren atarian mezu indartsua helarazteko balio digu, barrura eta kanpora begira».

Mezuarena aholkulari lanarekin lotu du, eta ez prestakuntza fisikoarekin: «Gure arraunlariei esaten diet haiek menderatzen dituzten arloetan jartzeko arreta, eta lan horiek egin behar dituztela ondo. Besteari edo besteei begira hastea denbora galtzea da, lehia batean bai baitaude talde batek mendera ezin dituen aldagaiak. Guk geurera joan behar dugu». Hori ari omen dira lantzen egunotan Kontxara begira, eta baita beste faktore hau ere: «Kirol malezia pixka bat falta zaio gure taldeari, eta hori badu, adibidez, San Juanek. Nik uste dut hor dagoela bi taldeen arteko aldea, hor irabazten digute».

Bada ikusminik estropada preziatuaren atarian Hibaikaren inguruan: gai izango ote den San Juan azpiratzeko, non eta Kontxan. Gaia duela agerikoa da, erakutsi baitu udan irabazi izan diola, eta, Odriozolaren jardunari segika, agian Hibaika ezberdin bat azalduko da Donostian, pentsaera eta autokonfiantzaren arloan. «Bideoen bidez-eta ari gara lantzen kontu hauek guztiak. Lehiarako prest egon behar dute, malezia horrekin, eta bide horretatik ari gara lanean».

Berehala ukatu du psikologoarena egiten ari dela: «Ez, ez. Nik nire esperientziak eta irakaspenak kontatu besterik ez diet egiten». Bada, dena dela, zerbait berria arraunlarientzat, eta beren esku dago baliagarria izatea edo ez Odriozolaren ekarpena.

«Segida falta zaio taldeari»

Aitortu du bera eta Josu Gomez lankidea Hibaikan ezartzen ari diren lan ildoa berritzailea dela: «Prestakuntza fisikoan, ohitura batzuk aldatzen saiatzen ari gara, eta badakigu poliki egin beharreko kontua dela. Arraunlariak konbentzitu behar izan ditugu bide ona dela, beste modu batera oso ohituak zeudelako». Baliteke berrikuntza nagusia hau izatea: «Bakoitzak bere premiak, beharrak, hutsuneak eta indarguneak dauzka, eta bakarkako lana eginarazten diegu. Arraunlari bakoitza bere onenean badago, hamalau arraunlari on dira azkenean, hau talde lana baita». Elikaduran ere eman dituzte aholkuak: «Bideratu izan ditugu dietista edo nutrizionistengana».

Harrobiko arraunlariekin ere ari dira lanean, eta denbora behar dela dio emaitzak ikusteko: «Hau prozesu bat da, eta horretan bat gatoz Gorka Ibarluzea eta Gorka Barbado entrenatzaileak eta gu. Berdin pentsatzen dugu». Badu, baina, oztoporik bide horrek: «Oso zaila da bermatzea arraunlari horiek guztiak lehen taldera helduko direla. Erraz uzteko joera baitu jendeak». Hori gutxi ez, eta goiko taldeari ere kosta egiten zaio segida ematea blokearen aldetik: «Denboralditik denboraldira, ohikoa da arraunlari batzuek lagatzea, eta ez da erraza lanari segida ematea, baina horretan saiatu behar dugu». Bota du hipotesi bat etena eteten dezakeena: «Kontxako Bandera irabaziko bagenu, agian aukera izango genuke taldeari jarraitutasuna emateko»: Odriozola ibilketan prestua eta ona izanik, ibilian ibilian ikusiko da balizko kontu horiek betetzen diren edo ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.