ARRAUNA. Pixkanaka-pixkanaka

Arraunlari koadrila bera duen arren, tentuz ibili nahi du Arkotek denboraldi honetan

Igor Susaeta.
2007ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Aurtengo denboraldia prestatzen hasi zirenean, muturreko ontziengana hurbiltzea zen Arkoteren helburua. Baina lesioak tarteko, helburu hori aldatu edo atzeratu behar izan dute. Izan ere, gorabehera horiek direla medio, mailari eusteko puntuak lortzea da Plentzitarra ontziaren asmoa. Eta behin hori lortuta, gero gerokoak. Hirugarren urtea dute San Miguel Ligan, eta eskarmentua bilduz doazen heinean, gora egin nahi dute. Hori bai: den-dena pixkanaka-pixkanaka.

Hasteko, taldea indartzea erabaki zuten zuzendaritzako kideek. Izan ere, Asier Astelarrak eta Borja Viaderok Urdaibaira alde egin zuten iazko denboraldia bukatu berritan. Horrek sutu egin zuen Jose Carlos Gonzalez Popi entrenatzailea, eta epelak bota zituen Patxi Bilbaoren kontra. Geroago, Asier Zurinagak egin zuen Plentzia eta Bermeo arteko bidea. Halere, Gonzalezek goi mailako bi arraunlari ekarri ditu. Iñaki Errasti Aginagako eta Mauricio Monteserin galiziar arraunlari ezagunak dira, bai euren kalitateagatik, eta baita Astilleron arraun egin dutelako ere. Horiekin batera, beste hiru kide berri izango dira, iazko ontziarekin alderatuta: Pedro Jose Corcobado, Iñigo Rodrigo eta Hector Fernandez.

Goiko ontzien arrastoan ibili nahi zuen aurtengo denboraldian Arkotek. Baina lesioak direla medio, euren prestaketa atzeratu dute. Horregatik, ez litzateke gaizki egongo denboraldia iaz bezala hastea. Izan ere, aurreneko lau estropadetan txukun antzean ibili zen Bizkaiko ontzia. Gero, ordea, behera egin zuen, eta lanak izan zituen berriro burua altxatzeko. Bizkaiko Txapelketa irabazi zuen Lekeitioko uretan, baina ez zuen lortu bigarrenez jarraian Kontxarako sailkatzea.



arKoTe

Entrenatzailea: Jose Carlos Gonzalez 'Popi'.

Patroiak: Juan Carlos Gernika.

Trainerua: Plentzitarra.

Presidentea: Jose Bergaretxe.



TKE Ligan

Nagusia Banderak

2006 7. 0

2005 6. 0

2004 - -

2003 - -





IÑAKI ERRASTI Arkoteko arraunlaria

«Beharrezko puntuak lortzea da gurelehen helburua»

i. susaeta

Donostia

Oriorekin eta Astillerorekin arraun egin ondoren, Iñaki Errasti (Aginaga, 1979) Arkoterekin ariko da, beste eskaintza bat eduki arren. Astilleroren afera guztia gertu-gertutik bizi izan du, eta une txarrak pasatu ditu; eta jada han ez dagoen arren, ez du hura ahaztu, bertan lagunak badituelako. Hala ere, gustura dago Plentzian, ondo tratatzen baitute.

Asko kostatu al zitzaizun Astillero uztea?

Beno, nik Astilleron segitzeko asmoa nuen, baina presidente aldaketa zela, ezer ere ez ziguten esaten. Ezin genuen zain eta zain egon, eta han gauzak erabakitzeke zeudenez, Arkotera etortzea erabaki nuen.

Astillero azkenean ez da KAE Kantauriko Arraun Elkartea Ligan ere lehiatuko. Hortaz, hori ikusita, eta TKE Ligako talde batean zaudenez, lasaiago sentitzen al zara orain?

Beno... Alde batetik, badakigu zenbat arazo dauden Astillerorekin. Bai, zer edo zer lasaixeago, bai, baina nik han lagunak baditut, eta gertutik bizi dut han gertzen den guztia. Niri ez dit batere graziarik egiten Astillerorekin gertatzen ari den guztiak. KAE Ligan ere ezingo dira lehiatu. Ez zait normala iruditzen; ez zait justua iruditzen.

Iaz ez zineten onenekin lehiatu, eta, gainera, harrera kaskarra egin zizueten Kontxan. Gogorra izan zen esperientzia hori ezta?

Nik igaro dudan urterik txarrena izan zen alde horretatik. Kontxako tratua... Sekulakoak esan zizkiguten. Ni hemengoa naiz, baina nire taldekoek zer pentsatuko zuten, 'euskaldun madarikatuak' edo... Gainera, zer gertatu zen ondo jakin gabe, arraunlariei, esateko gutxi daukagunoi, irainka. Etxean, mendi puntan edo hondartza batean lasaiago egongo nintzela pentsatzen nuen. Pasatu da, baina ez dut ahaztu.

Gaia aldatuta, zein da aurten Arkoteren helburua?

Beno, hasiera batean aurreko multzo horretara ahalik eta gehiena hurbiltzea zen gure asmoa. Gero, ordea, gorabehera batzuk eduki ditugu: min hartutako arraunlari asko, beste batzuk justu samar... Orain, momentuan, denak errekuperatzea, eta ahal den azkarren atzean ez sartzeko beharrezko puntuak lortzea da gure aurreneko helburua.

Oriorekin eta Astillerorekin puntan ibiltzera ohituta zeunden. Orain, berriz, beste muturrean zaude. Arraroa egingo al zaizu?

Bai, noski. Baina horretara egin naiz dagoeneko. Pentsakera aldatzea ez da erraza, eta egoten dira une txarrak... Baina beno, ez dago inolako arazorik, talde bakoitzak bere helburuak ditu. Beti dago zergatik entrenatu, zergatik ilusioari eutsi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.